2005ean, El conquistador del fin del mundo saioaren lehen irabazlea izan zen Eneko van Horenbeke (Getxo, Bizkaia, 1979). Bigarren aldiz irabazi du reality-a Urdaibaiko arraunlariak.
Ba al da munduan reality bera bi aldiz irabazi duen inor?
Ez dut uste. Esango nuke lehenengoa naizela reality bera bi aldiz irabazten. Telebista munduan dagoen programa gogorrena da, gainera, eta irabazteak poz handia eman dit. Aurtengoa bereziki gogorra izan da.
Esana duzu saria Rebecarekin partekatuko duzula, Argentinara bidaiatzeko.
Asmoa Rebecarekin oporretara joatea eta Argentinaz gozatzea da. Izan ere, lehiaketan leku ikusgarriak ikusi ditugu, baina ezin izan dugu behar adina gozatu haietaz. Merezi du Argentina bezalako herrialde batera bidaia lasai bat egitea.
Finalean ikusi zen hotzarekin asko sufritu zenuela. Pasatu al duzu hain gaizki inoiz?
Ez, hain gaizki inoiz ez. Perito Moreno glaziarrean jasan nuen hotza ez dut inoiz jasan. Gainera, proba eskularrurik gabe egin nuen, aurreko probatik bustita zeudelako. Infernua izan zen.
Igandeko finalean, Jose Luis Kortak arraun kontuak aipatu zituen, Urdaibairen aurkakoak.
Kortarekin ondo moldatzen naiz; estimatzen dut. Baina finalekoa ez zen lekua arraunaz iruzkinak egiteko.
Kontxako Bandera Hondarribiari eman ziotenean, zale batzuei iruditu zitzaien galtzen ez dakizula.
Kontxan gertatu zena ez da galtzen ez jakitea. Erabaki bidegabe bat izan zen. Ez dut nahi berriro holakorik egokitzerik. Iseka eta beste gertaera batzuen eraginez izan zen nire erreakzioa.
El conquis-era itzuliz, ikurrina hartu zenuenean, nesken itunaren aurka egin zenituen hitz batzuk. Sandra finalistak leporatu zizun ez zirela hitz egokiak izan. Zer esan dezakezu hitz haietaz?
Inolako unetan ez nintzen emakumeen aurka aritu. Ni emakume batek ekarri ninduen mundura, eta gehien maite dudana da. Argentinako abenturan [Rebeca] neska-laguna ezagutu nuen, pentsa. Baina nesken ituna nire aurkakoa zen, eta nekagarria zen egunero abenturan entzutea. Bikiak oso lehiakide gogorrak izan ziren; indartsuak ziren.
El conquis-en eztabaiden tartean, istiluak izan dira lehiakide eta kapitain batzuen artean. Zer diozu saioaren alde horretaz?
Reality eta abenturaren partearen alde nago. Baina eztabaidetako liskarren eta iseken aurka nago. Kritikatu daiteke, baina isekarik egin gabe.
ATEA elkarteak salatu izan du reality-an animaliek tratu txarrak jasaten dituztela. Zer iritzi duzu?
Animaliak hiltzearen aurka nago, baina ez zait iruditzen animalien kontrako tratu txarraz hitz egin daitekeenik egun bateko proba bategatik.
Gran hermano-n parte hartu zenuen, bederatzigarrenean. Sartuko al zinateke berriz horrelako reality batera?
Beti esan izan dut esperientzia hoberena El conquistador-ekoa izan dela, kirolari gisa betetzen bainau. Gran hermano-ra ez nintzateke berriro sartuko. Gauza onak atera nituen saio hartatik, baina ez zait iruditzen errepikatzeko modukoa.
Eneko v. Horenbeke. 'El conquistador del fin del mundo' lehiaketaren irabazlea
«'Conquis'-eko esperientziak kirolari gisa betetzen nau»
Perito Moreno glaziarrean ikurrina altxatu eta astintzea lortu zuen Horenbekek, eta 20.000 euroko saria eskuratu du. Ikusleen lehiakide kutuna nor den, berriz, igandean jakingo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu