Danbor txikiek, mende erdia

50 urte dira San Sebastian egunez haurren danborrada estreinakoz antolatu zutela; urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi prestatu eta liburua argitaratu dute: '50 urte konpainian'.

Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Eskola gutxi batzuk irten ziren lehenengo haurren danborrada hartan; haurrak, berriz, 300 inguru ziren. Euskal Billera elkartearen konpainiak 1927. urteaz geroztik kaleratzen zuen haurrek osatutako konpainia bat, baina 1961eko urtarrilaren 20an, bestelako irudi bat utzi zuen Donostian. Banderadun talde batek ireki zuen desfilea; haien atzetik, Euskal Billera elkartekoak abiatu ziren, eta, ondoren, jenerala eta hiriko lau eskolatako haurrak: Marianistak, Eskola Frantsesak, Bihotz Sakratua eta La Salle. Bitxikeriaz jositako ekitaldia izan zen. Portuko zabaldegitik ordu erdiko atzerapenarekin hasi zen desfilea, Santa Mariako mezan zegoen udalbatza berandu iritsi zelako, eta ibilbide luzeegia zela tarteko, haurretako askok lur jota bukatu zuten danborrada. Ikasteko balio izan zuen.

Zerikusi gutxi du ordukoak mende erdi beranduago haurren danborradak San Sebastian egunean duen garrantziarekin. Pixkanaka joan zen ekitaldia egonkortzen eta indartzen. Ikastolak sortu, eta haien lekua ere hartu zuten danborradan. Azkenerako urtarrilaren 20an Donostian jende gehien biltzen duen ekitaldia bihurtu da haurren danborrada. Ostegunean hiriko kaleak zeharkatuko dituen haur kopurua da horren erakusgarri: 52 ikastetxe eta 5.500 danbor jotzaile txiki.

Mende erdi horretako oroitzapen, irudi, bitxikeria, istorio eta historia bildu dituzte Donostiako Udalak eta Kutxak 50 urte konpainian liburuan. Javier eta Asier Sada aita-semeen testuek jantzi dituzte liburua betetzen duten argazkiak; txuri-beltzeko zaharrenetatik kolore biziko berrietaraino. Festa bizi dutenentzat gomendagarria. Danborradan parte hartuko duten haurren nahiz ikastetxeen artean banatuko dute, besteak beste.

Ohiko legean, eguerdiarekin batera abiatuko da haurren danborrada, eta La Asuncion ikastetxeko haurrei eta Carmelo ikastetxekoei egokitu zaizkie Easo Ederra eta jenerala ordezkatzea.

Urteurreneko ekitaldiak

Mende erdia ospatzeko, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan. Gaur bertan, Konstituzio plazan omenaldi xumea egin asmo diete Euskal Billerako aitzindariei, 17:00etan. Asteartean, Haur Danborradaren aurkezpen festa egingo dute Gasca kiroldegian, eta 50. urteurreneko gorbata emango diote ikastetxe bakoitzari, eta domina bana haur bakoitzari. San Sebastian egunean, azkenik, helduen danborradetako ordezkaritza batek joko du martxa haurrekin, desfile atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.