Ezarian. Sansebastianak

Danbor usaina giroan

Gaur gauetik hasita bihar arte, danbor hotsek hartuko dute Donostia: haurrek eta helduek parte hartuko dute danborradanDuela hamar urte 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutela gogoratuko dute Azpeitian

Danborrada iristeko irrikaz daude Donostiako haurrak. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Adrian Garcia - Maialen Unanue
Donostia
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gurasoz bete zen atzo Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Haurren danborradaren aurkezpen ekitaldia noiz hasiko zain zeuden. Barruan, berriz, bihar soinean eramango dituzten jantzi dotoreenekin apainduta zeuden haurrak, ezin norbere eserlekuan kabitu. Kamera ugari zebiltzan iguruan, eta bat ikusi orduko, arreta deitzen ahalegintzen ziren.

San Sebastian eguna ez da nolanahiko ospakizuna Donostian: protokolo propioa du. Eta atzo Viktoria Eugenian izan zena ez zen izan aurkezpen ekitaldi hutsa: danbor jotzaile amorratuen festa izan zen hura. Ekitaldia girotzeko, Kiki, Koko eta Moko pailazoek irrintzia egiten irakatsi zieten haurrei, «irrintzia baita danborrada jaiaren oihurik alaiena»; danborradaren dantza egiten ere ikasi zuten.

Kirolariak gonbidatu zituzten festara: Donostiako Gimnastika Erritmikoaren Kluba eta belar gaineko hockeya egiten duten Realeko emakumeak. Horrez gain, duela 200 urte —1813an— Donostia erre zuen sutea ere gogoan izan zuten.

Urtero bezala, igandean konpainia guztiak gidatuko dituzten karguak izendatu zituzten: aurten, Larramendi ikastetxeko Paula Gomez izango da Easo Ederra, eta Ikasbide ikastolako Aimar Ezeiza, berriz, Danbor Nagusia. Igandea iristeko irrikaz dago Gomez: «Ohorea da niretzat Easo Ederra izatea. Donostiako haur guztiek danborradarekin ondo pasatzea nahi dut». Hedabideek egin dizkioten galderekin ohitu da dagoeneko Ezeiza: «Ohorea da niretzat, hunkituta nago, pozik... Denetatik!».

Festa amaitzeko, haur danborradan pate hartuko duten 43 konpainietako danbor nagusiek San Sebastian martxa jo zuten, Aimar Ezeizaren gidaritzapean.

Aurten, haurren bi konpainia gutxiago izango dira, Marianistas, Compañia de Maria eta Belen ikastetxeek, elkartu, eta bat osatu baitute. Iaz gertatu antzera, zazpi ikastetxek bina konpainia aterako dituzte. Guztira, 43 ikastetxek osatutako 50 konpainia aterako dira bihar. Auzoetako haur danborradak kontuan hartuz, 7.500 haur inguru. Horietakoen erdiak baino zertxobait gehiago neskak izango dira, %53,51.

Egun handia iristeko gero eta ordu gutxiago falta dira, eta azken egunetako giroa ikusita, eguraldiak laguntzea da guztien desiorik handiena. Euskalmeten arabera, igande goizean euria egiten jarraituko duen arren, aterrune batzuk izango dira, eta arratsaldean atertzera egingo du.

Aitorpena 'Egunkaria'-ri

Donostiak ez ezik, Azpeitiak (Gipuzkoa) ere ospatzen du San Sebastian eguna. Gaur gauean aterako da helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plazatik, 22:15ean, eta gauerdirako udaletxera joango dira, herriko bandera eta ikurrina igotzeko. Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko arduradunak gonbidatu ditu udalak aurten zeregin horretarako, hilabete barru beteko baitira hamar urte Egunkaria itxi zutela. Eneko Etxeberria alkatearekin batera, Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkari ohia, Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendaria izango dira ekitaldian.

Euskal Herriko beste herri batzuetan ere ospatzen dira sansebastianak: Tafallan, Lakuntzan eta Zangotzan (Nafarroa), kasurako. Tafallan, bihar izango da egun handia, eta hiru ikur berezi gurtuko dituzte: txapel gorri bat, argizarizko gurditxo bat eta santuaren harrizko irudia. 11:30ean, txistulariak, erraldoien konpartsak, tinbal jotzaileak eta Udal Bandak San Sebastianen omenez egingo duten mezara joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.