Jose Luis Astigarraga. Euskal Billera elkarteko kidea

«Danborradaren zergatia jakitea baino garrantzitsuagoa da sentimendua»

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Jose Luis Astigarragak (Donostia, 1951) Euskal Billera elkarteko haurren danborrada antolatu du azken 25 urteetan. Elkarteko kidea da, eta haurren danborradak mende erdian izandako bilakaera gertutik ezagutzen du.

Nori bururatu zitzaion Donostian haurren danborrada egiteko ideia?

Euskal Billera elkartearen eskutik iritsi zen. Elkartea 1901. urtean sortu zen, eta 1906tik helduentzako danborradan parte hartu izan du. Elkarteko zenbait kidek haurren danborrada bultzatzearen aldeko apustua egin zuten, eta, azkenerako, 1927. urtean sortu zuten.

50 urte dira eskolek haurren danborradan parte hartzen dutena, ezta?

Halaxe da. 1961. urtean hainbat eskola Euskal Billerarekin elkartu ziren. Hasiera batean, bost eskolak hartu zuten parte: Marianistek, Jesuiten ikastetxeak, La Sallek, Mundaizek eta eskola frantsesak. 50-60 haur irteten ziren garai hartan; orain, berriz, 5.000 inguruk parte hartzen dute. Igeldoko zaldiak ere izaten ziren danborradan, eskolek Euskal Billerarekin bat egin aurretik ere.

Mende erdi honetan, aldaketa asko izan al ditu ibilbideak?

Aldatuz joan da, hiria aldatu den bezala. Urte batzuetan, San Martin kalean ematen zuen buelta danborradak; besteetan, errepideetako lanak direla eta, aldaketak egin behar izan dituzte. Lehen, gainera, ez zen beharrezkoa horren ibilbide luzea egitea, baina orain, haur askok parte hartzen dute. Laburra balitz, batzuk helmugara iritsiko lirateke, eta beste batzuk irten gabe egon. Gu lehenengoak izaten gara, eta orain ere, iristen garenean eskola batzuk irteten hasten dira.

Zertan aldatu da haurren danborrada, 1961. urtetik?

Lehenengotariko aldaketa zera izan zen: mutikoak bakarrik irteten ziren hasieran, eta gero neskak ere hasi ziren. Militarren jantziak izaten ziren, eta neskek ilea jasota eraman behar zuten. Azken aldaketetako bat neskek urketari jantziak eramatea izan da. Oraindik ere militarrez jantzita eta ilea bilduta irteten denik ere badago, urketariena izan da azken urteetako aldaketarik garrantzitsuena. Beste gauza batzuk ere aldatu dira; esaterako, elkarte bakoitzak Danbor Nagusi bat zuen, eta gero denentzako bakarra hautatu zuten. Baina ilusioak berdin-berdin jarraitzen du, bai haurrenak bai gurasoenak.

Ba al da bereziki gogoratzen duzun urteren bat?

Albistur Donostiako alkate zen garaian —1987 urtetik 1991ra bitartean izan zen—, urteetako batean, ez zen udaltzaingorik agertu. Jendea kale erditik baztertzeko modurik ez zegoen. Danborrada gelditu behar izan genuen, eta han ibili ginen irtenbide bila, aurrera joan ezinik. Alkateak, gertatutakoa ikusita, udaltzaingoak jartzea erabaki zuen hurrengo urtean.

Haurrek danborrada zergatik egiten den badakitela uste al duzu?

Orain haurrak sentimenduz beterik ikusten ditut. Danborrada zergatik egiten den, edo zer gertatu zen jakitea baino garrantzitsuagoa da sentimendua. Pertsona heldu askok ere ez diete zergatiei erreparatzen. Makilak hartu orduko nabaritzen zaie haurrei gustura daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.