Donostiako Okendo plazara hurbilduz gero, oin batekin edo gerriarekin edo buruarekin erritmoari ez jarraitzea zaila zen atzo. Soinu, kolore eta estilo eztandak dantzaren eguna zela adierazi zuen argi. Dantza Kalean jaialdia bere bidea egiten ari da; jada bosgarren urtez antolatu dute, eta ikusleen zein dantzarien artean zabaldutako giro ederrak gehiagotan izango dela pentsarazten du
Udaberriko eguzkia lagun, dantzariek agertoki ezin hobea izan zuten Okendo enparantza. Propio joandakoak asko ziren , baita nahi gabe musikarekin topo egin zutenak ere. Askotariko estiloen koktel ontziak dasta oneko emaitza eman zuen, inondik ere: flamenkoaren indarra, jazz koreografien berritasuna, dantza garaikidearen ezusteak, folklore egiptoarraren exotikotasuna... bazegoen non aukeratu doinuarekin batera mugitzeko.
Guztira 200 dantzari inguru azaldu ziren plazara, hamabi talde. Jendeak 18 koreografia ikusteko parada izan zuen. Jardunaren izenak (Dantza Kalean) ongi laburbiltzen du atzo bizitakoa. Dantza ikasleek euren trebezia erakusteko abagune ederra dute halako egun batean, eta ikusleen txalo artean gustura aritu ziren.
Gaur, barra klasikoa
Dantza Kalean eguna ohitura bilakatzeko gaitasuna erakusten ari dela bistan da; gaur, berriz, dagoeneko Donostian klasikoa dena antolatuko dute Urumea ibaiaren bokaleko bi ertzetan: barra klasikoko erakustaldia.
1997an hasi ziren dantza klasikoan trebatzen diren haurren erakustaldi berezi hori egiten. Argazki ikusgarriak ateratzeko aukera ederra izan ohi da: mila dantza ikasletik gora barra ariketak egiten. Kontxako baranda ezagunak agertoki bikaina eskaini izadu aurreko urteetan. Gaur, Urumeako pasealekuan da saioa(17:30), Argentinar Errepublikako pasealekuan, Viktoria Eugenia antzokiaren parean. Ibaiaren beste aldean ere, Ramon Maria Lili pasealekuan, dantzariak euren ariketak egiten ariko dira. Kontxako pasealekuko lanak oztopo izango dira urtero bezala hantxe aritzeko.
Dantzarako agertokia
Estilo ugariko koreografiek osatu dute Dantza Kalean jarduna; 200 dantzari aritu dira Okendo plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu