Peio Agirrek Playmobil panpinak moldatzen eta apaintzen ditu, horiek pertsonaia mitologiko, musikari, kirolari, filmetako protagonista eta abar bihurtuz. Azken lanetan, bere pasioetako bi izan ditu ardatz: dantza eta eskulanak. Euskal Herriko dantzarien itxura eman die panpinei. Eginikoak sare sozialen bidez zabaltzen ditu.
Agirrek hiru urte daramatza Playmobilak itxuraldatzen. «Txikitan asko jolastu nuen Playmobil panpinekin, eta etxean pila bat neuzkan. Ikusi nuen Interneten jendeak nola moldatzen zituen, eta neu ere animatu nintzen», adierazi dio Dantzan.eus webguneari. Horretarako, plastilina moduko material bat erabiltzen du, panpinaren gainean formak irudikatzeko. Eskuz ezartzen dizkie, beraz, beharrezko apaingarri guztiak. Hala, panpina bakoitzak astebete inguruko lana eskatzen dio.
Ez du apenas arlorik utzi ukitu gabe. Jimmy Hendrix, Asterix eta Obelix, Pippi Galtzaluze... asko dira margotutakoak. Euskal kultura eta mitologia ere baliatu ditu bere lanak egiteko: Basajaun, Olentzero, laminak... Baina, dantzari izanik, haiei leku bat eman nahi zien bere lanetan. Horretarako, Euskal Herriko hainbat dantzari eta bateko eta besteko inauterietako protagonistak panpina txiki horietara eraman ditu. Tartean dira Durangaldeko dantzariak, Eltziegokoak, Erronkarikoak, Zuberoakoak, joaldunak, Mundakako atorrak eta laminak, eta abar, eta abar. Azpian hainbat adibide:
Altsasuko (Nafarroa) momorrotxoa
Eltziegoko (Araba) dantzaria
Durangaldeko (Bizkaia) ezpata dantzariak
Lantzeko (Nafarroa) txatxoa
Malerrekako (Nafarroa) joalduna
Otsagabiko (Nafarroa) Bobo