Txistua, danbolina eta atabala eskuetan duten dantzari bik ematen diete ongietorria bisitariei Bilboko Euskal Museoan. Dantzen eta arropa tradizionalen bitartez, Bizkaiko dantzei buruzko ikuspegi zabala eskaintzen ahalegindu dira, hainbat dantza tradizional berreskuratuz. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolaturik, Bizkaiko dantzak eta dantzariak erakusketa dago ikusgai. Ekainaren 23a arte, musika erritmoak, dantzak, eta hori guztia inguratzen eta testuinguruan kokatzen duten eszenografia eta arropak ikus daitezke. Iñaki Irigoien dantzari ohi eta ikerlariak, Bizkaiko folkloreari loturiko dokumentazio historiko lan sakona egin du, eta haren ekarpenari esker antolatu dute erakusketa. Gaur, omenaldia egingo diote museoan bertan, Bizkaiko dantzak berreskuratu eta dokumentatzeko egin duen lana eskertzeko.
Areto bitan dago banatuta erakusketa. Batetik, herri dantzen aretoa, eta, bestetik, erritu dantzak biltzen dituena. «Herri dantzak edozeinek dantzatzen zituenak dira, herriko ospakizunetan zein jaietan egiten zena, eta herritar guztiek edo askok parte hartzen zuten», azaldu du Amaia Mujika museoko teknikariak. Dantzarik esanguratsuenak erromeria, sokadantza, erregelak, mahai gainekoak eta txakolin dantza dira.
Dantza horietan ez zuten jantzi berezirik erabiltzen, bakoitzak soinean zuenarekin egiten zuen. Horren erakusgarri dira XIX. mendeko herri janzkera oroitzen duten manikiak. Lekeitioko emakumezkoen soka bat ageri da erakusketan; horiek xala erabiltzen zuten, zetazkoa zein kaxmirezkoa izaten zen. «Dotoreagoak izaten ziren, zapatak erabiltzen zituzten, abarkak beharrean».
Izenak esaten duen bezala, mahai baten gainean dantzatzen da mahaigainekoa. Hainbat lekutan galduta badago ere, Xemeinen eta Mendexan dantzatzen dute oraindik ere. «Batzarrak egin ostean, amaiera emateko, mahai gainean egiten zen dantza».
Txakolin dantza ere berezia da,zinez, makila bi gurutzatu eta horien gainean egiten da, eta lanak amaitu ondoren dantzatzen zen. «Joko antzekoa zen, esaten da mahatsa jaso ondoren egiten zela».
Egitura finkoa
Erritu dantzak egitura jakineko dantzak dira, dantzarien eraketa itxiari dagokionez. Dantzaren urrats eta koreografiak ezarrita daude, eta berezkoa duen musikaren akordeei jarraitzen die. Dantzari dantza, kaxarranka, entradillak, errebonbiloak, arku dantza, ezpata dantza eta saragi dantza. «Hauetan hierarkia egoten da dantza talde barruan; dantzari bakoitzak bere tokia du, janzkera, pausoak...».
Denak dantzatzen dira dagokien egunean. Iurretan ezpata dantza dantzatzen da San Migel egunean, Bizkaiko ezpata dantza bakarra. Lekeitioko kaxarranka,XVI. mendetik dago dokumentuetan, San Pedro egunean dantzatzen dute, erritua jarraituz, arrantzaleen kofradiako etxezainak kargua uztean, etxezain berriaren etxera eramaten zuten dokumentuz beteriko kaxa. Bidean, kaxa gainean egiten zuen dantza dantzari batek.
Apiril eta ekain artean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak hiru emanaldi antolatuko ditu Bilboko Plaza Barrian. Apirilaren 20an, Durangaldeko dantzak; maiatzaren 11n, Lea-Artibai eskualdekoak; eta ekainaren 1ean,Bizkaiko beste zenbait dantza.
Dantzen usadioa berreskuratuz
Dantzen tradizioa gogoratuz, Bizkaiko dantzak eta dantzariak erakusketa dago ikusgai Bilboko Euskal MuseoanHiru larunbatetan dantza erakustaldiak antolatu dituzte Plaza Barrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu