Datozen sakelakoen iragarleak

'Smartphone'-en nazioarteko azokarik garrantzitsuenetariko bat egiten ari dira Bartzelonan: Mobile World Congress. Garrantzia hartzen ari dira industriari eta enpresei bideratutako berrikuntzak, eta, sakelako telefonoak pisua galduz doazen arren, ez da berrikuntzarik falta.

HUAWEI MATEBOOK X PRO ALBERTO ESTÉVEZ / EFE.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Aurrera doa Bartzelonako MWC Mobile World Congress azoka, smartphone-en berrikuntza nagusiak aurkezteko azokarik garrantzitsuenetako bat. Izatez, urtetik urtera, sakelakoak espazioa galduz doaz, eta haien lekua hartzen ari dira industriari eta enpresei bideratutako berrikuntzak. Azken egunetan, hainbat hedabidek zalantzan jarri dute 2019koa non egingo den, eta bihar, azken egunean, espero da hori argitzea.

Gainerakoetatik bereiztea izaten da etxe guztien helburua, eta, gutxi edo gehiago, denek eskaini nahi dute zerbait desberdina MWCen. Horrela ezartzen dute hurrengo urteetan smartphone-ek eta bestelako gailuek hartuko duten bidea. 5G teknologiaz gain, bi kamera baino gehiago dituzten telefonoak agertu dira, baita Gauzen Internetarekin lotutako softwareak ere.

1. SAMSUNG GALAXY S9 / S9 PLUS

AZOKAKO IZARRA

MWCen nobedaderik aipatuenak dira, ezbairik gabe, Samsungen Galaxy S9 eta S9 Plus modeloak: ohi bezala, pantaila handiei eutsi diete —5,8 eta 6,2 hazbetekoak dira, hurrenez hurren—. Aurtengo MWCen aurkeztu diren berritasun nabarmenetako bat du S9 Plus modeloak: bi kamera ditu atzeko aldean. «Slow motion efektua lortzeko egin dute; hau da, bideoak kamera geldoan grabatu ahal izateko», azaldu du Akting Ingeniaritzako Unai Bilbaok. Haren esanetan, Samsungek urtero eramaten du zerbait berria MWCra, eta Android sistema eragilea duten telefonoen artean «potenteenetakoa eta garestienetakoa da»; 841 euro eta 997 euro balioko dute, hurrenez hurren. Bilbaori ez zaio iruditu, halere, aurreko modeloaren aldean askorik berritu dutenik.

Samsungek, gainera, G + D Mobile Security enpresarekin batera, software biometrikoa garatu du, bankuen telefonoetako aplikazioetarako. Aplikazioan sartzen ari dena kontuaren jabea dela egiaztatzeko hatz marka, aurpegia edo ahotsa erabiltzen du Convego Mobile Authenticationek.

2. DOOGEE V

TXINATIK DATOR BERRITASUNA

Gero eta ohikoagoa da sakelakoak hatz marken bidez desblokeatzea. Sentsoreak telefonoaren atzealdean jartzea da ohikoa; kameraren azpian, hain justu. Bada, hori aldatu du Doogee Vk: hatz markaren irakurlea pantailaren aurrealdean dauka, baina ez da ikusten, pantailaren azpian integratu baitu. Gainera, darabilen teknologia desberdina da: gainerako telefonoek gorputzaren eroankortasun elektrikoa baliatzen dute, eta Doogeek teknologia optikoa darabil, kamera baten gisakoa. Berritzailea den arren, Doogee ez da lehenengoa izan: herrikide batek, Txinako Vivo etxeak, halako sistema bat jarri dio Vivo X20 Plus UD modeloari—urtarrilean aurkeztu zuen, Las Vegasen egin zen CES azokan—.

3. HUAWEI MATEBOOK X PRO

NON DAGO KAMERA?

Huaweik ez du telefono berririk eraman smartphone-en azokarik nagusienera, ordenagailu eramangarri bat baizik. Ordenagailu ultra-arin bat da, eta muturrera eraman du pantailei markoak kentzeko joera: 14 hazbete ditu, eta pantailaren eta markoaren arteko proportzioa %91koa da, gainerako PC edo Mac guztiena baino handiagoa. Bereizmen handiko pantaila du, eta ukimenezkoa da guztiz. Matebook X Pro-aMcBookari konpetentzia egiteko modukoa iruditzen zaio Bilbaori: «Windows erabili nahi dutenentzako aukera ona izan daiteke, nahiz eta ez den askoz merkeagoa izango».

Dena den, webcamaren posizioa izan da deigarriena. Ordenagailuaren markoa txikituta, ekoizleek kamera jartzeko posizio berriak bilatu behar dituzte:gehienek alde batean edo beheko aldean jarri dituzte; Huawei harago joan da, eta teklatuko botoi baten azpian gorde du. Sakatzean, kamera igo, eta grabatzen hasten da. «Jende askok tapatu egiten du kamera, badaezpada: ordenagailu honetan ez dago zertan, gordeta baitago», azaldu du Bilbaok.

4. 5G TEKNOLOGIA

GOZOKIA NORK AHORATUKO

2020. urterako espero da 5G teknologia garatzea, eta telefono konpainiek prest egon nahi dute ordurako. Esaten dute telefonoen bosgarren belaunaldi horrek «irauli» egingo duela komunikatzeko modua: «Berrikuntza dezente» ekarriko ditu, Bilbaoren esanetan; besteak beste, abiadura bizkortuko da. Asko hitz egin arren, ez dago garatuta, azpiegiturak behar baitira: beraz, lehia da nagusi. Dena den, jada egin dute dei bat 5G-arekin: Vodafonek eta Huaweik egin zuten MWCen atarian, Castelldefelstik (Katalunia) Madrilera.

5. IKERLAN

GAUZEN INTERNETARI LOTUTA

Ikerlanek Amazonekin eta Telefonicarekin garatutako mekanismo berri bat eraman du Bartzelonara. IoT edo Gauzen Internetarekin lotuta dago; zehazki, haien zibersegurtasunarekin, Josu Bilbao Ikerlaneko IoT Zibersegurtasuneko arduradunak azaldu duenez. «Mekanismo berri bat da Iot gailuak laino publikoetan konektatzen direnean era masiboan zertifikatu eta egiaztatzeko behar diren kredentzialak banatzeko».

Lanpara bat edo hozkailu bat Internetera konektatzean, nahitaezkoa da zibersegurtasuna bermatuta izatea, eta horixe eskaintzen dute. «Azken batean, Iot-en oso garrantzitsua da zibersegurtasuna bermatzea, gauzak konektatzeaz gain: gero eta gehiago, munduan hainbeste nodo ditugun honetan». Dena den, oraindik ez dute merkaturatu elkarlanean sortu duten mekanismo hori: proba fasean daude. Ledesmaren arabera, orain arte ziurtagiri horiek gailu edo nodo bakoitzean programatu edo grabatu izan dira: haien mekanismoak, ordea, ziurtagiri horiek Sim txartelera bidaltzen ditu zuzenean, Telefonicaren bidez, eta horrela ez da gailu bakoitza programatu behar. Nobedadea da modua aurkitu dutela ziurtagiri horiek masiboki kudeatzeko.

6. IDEUS AR

IREKI GABE KUXKUXEAN

Bilboko Ideus enpresak Beira tenplatuzko 4D babesgarriak, Ideus AR aplikazioa eta Samsungen telefono berrientzako osagarriak eraman ditu Bartzelonara. Enpresaren ordezkari gisa joan den Jonathan Ledesmak azaldu duenez, aplikazioak piztu du «jakin-min gehien»: izan ere, errealitate areagotua darabil. «Ideus AR-k paketatuta dauden produktuak barrutik nolakoak diren erakusten du, kaxatik atera behar izan gabe». Ideusen produktuekin funtzionatzen du, noski, eta Google Playn edo App Storen deskarga daiteke aplikazioa. Instalatuta izanez gero, nahikoa da argazki kamerarekin produktua enfokatzea: automatikoki erakusten du barruko produktua nolakoa den.

Aurten aurkeztu duten beste berritasun bat: telefonoa kablerik gabe kargatzea, Qi teknologia erabilita. Samsungen, Huaweiren eta Applen gama altuko telefonoek teknologia hori dute. Izatez, Ledesmak dio teknologia «zaharra» dela, 2008an jaio baitzen; 2012an egin zuten teknologia hori zeraman lehenengo terminala, baina orain ari da zabaltzen horren erabilera telefonoetan.

7. ANDROID GO

ARINAGO ETA KASKARRAGO

Android sistema eragilearen senide ahula aurkeztu dute: Android Go. Android da oraindik, baina «gauza asko kenduta», Bilbaok azaldu duenez, gama baxuko sakelakoetan ondo funtzionatzeko: arinagoa izanik, ez du telefonoa motelarazten.

Gero eta ezaugarri hobeak dituzten telefonoak sortzen ari diren garaiotan —baita dezente garestiagoak ere—, Androidek gama baxuko telefonoen merkatuari begiratu dio. «Zenbat eta telefono potenteagoa eduki, orduan eta sistema potenteagoa behar da: telefonoa nahiko eskasa bada, eta RAM memoria giga baten ingurukoa, Android ez dabil hain ondo». Horrela, arinagoak dira; baita kaskarragoak eta merkeagoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.