Maratila

Debekuen garaia

Ane Muñoz.
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Oroitzen dut garai bat, ez hain aspaldi, ilegala zirudien bakarra marihuana zena, eta hura ere aldarrikatzera irteten ginen kalera. Orain, berriz, goizero jaikitakoan bada bezperan legezkoa zen galarazitako zer edo zer. Hau, hura eta... azkena, bufa, joan den astelehenean martxan jarritakoa: ezin 110etik gora egin errepidean. Ez al da gehiegi?

Eman dituzten argudioak ondo aztertuz gero, tira, arrazoia izango dute akaso. Ni, berriz, guztia debekatu eta ilegalizatzeko joera horrekin batere konforme ez nagoenez, benetako arrazoia zuzenean zirkulazioko isunen bitartez aberastea delakoan nago. Hainbeste aurreztuko bada, zergatik ez dituzte iraganeko seiszientosa, minia eta erre-sei eta kuatrolatasak berreskuratzen, egungo kubatarrek garai bateko almendroi potolo haiek darabiltzaten bezala?

Igandean omenaldi txikia egin nahi izan nion nire turbo-diesel maiteari. Ahal zuen guztia gozatzeko esan nion, biharamunetik aurrera ezingo zuelako maldan gora lortzen zuen abiadura azkar hura hartu, eta ttrott-ttrott joan beharko genuelako aurrerantzean. Autobia berrian sartuta, hara eta hona ibili ginen, maldan gora eta behera, 120tik ahal genuen gutxienetan jaitsita. Errepideak berez hutsik zeuden, bihurgunerik bat ere ez, hiru bide noranzko bakoitzerako, eta gu han erdian, bakar-bakarrik. Halako batean, ñiiiiiiiuuun, moto erraldoi batek aurreratu gintuen, handik bi segundotara begi bistatik desagertuz. Haiek ere ditxosozko 110eko topearen inposizioaren bezpera aprobetxatzen ariko ziren ziurrenik, ni bezala abiadurak ematen duen plazeraz azkenengoz gozatzen.

Eta besteak marihuana legalizatu nahian? Jai dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.