Ez da adibiderik txarrena, baina bada egun teknologiekiko gizarteak duen jarreraren sintometariko bat. Interneteko Google bilatzailea aztertu du Italiako Ippolita taldeak, eta Carlo Milani taldekidea Iruñean ariko da gaur, 20:00etan, La Hormiga Atomica liburu dendan. Izan ere, liburuaren izenburuan ageri denez, dena ez da urre bilatzaile honen inguruan: El lado oscuro de Google. Historia y futuro de la industria de los metadatos (Googleren alde iluna. Metadatuen industriaren historia eta etorkizuna).
Zein da Googleren alde ilun hori?
Ez dugu haien aurkako ezer pertsonalik. Galdetu beharra dago, ordea, zergatik eskuratu duen informazioaren gestioaren monopolio moduko bat. Google ez da berez txarra, baina botere teknokratikoa pilatzeak dominazio nahia dakar berarekin. Erabiltzaileak delegatu egiten ditu harengan ardura asko. Google delegatze horren adibideetariko bat da. Doakoa da, baina doakoa izateak ez du esan nahi librea denik. Ordaindu egiten da zerbitzu hori, Googlek zure Interneteko erabiltzaile historia saldu egiten dielako enpresei eta, beraz, zure Interneteko ibilaldiak bilakatzen direlako ordainketarako txanpon. Hori da alde iluna.
Liburuan diozuenez, Googleda garai digitalean «informazioaren monopoliora heltzeko hautagai nagusia».
Ez dut uste informazioaren bilaketaren monopolioa estatuen esku uztea hobea denik, baina teorian, behintzat, haietan badago nolabaiteko kontrol bat. Enpresa pribatuen kasuan ez dago halakorik. Haiek dute, ordea, gure datu pertsonalen gestioa. Konponbidea ez da Google publiko egitea, pribatuan zer gorde nahi dugun eta publiko zer egin nahi dugun erabakitzea baizik. Ez dago konponbide bakarra, konponbide asko baizik, bere nahi teknologikoen araberakoak.
Hezkuntza falta da, beraz?
Bai, nabarmen. Informatika ez da gutxi batzuentzako zerbait. Informatika ez da teknologiaren apaiz moduko batzuekin zerikusia duen zerbait. Ez da egia, ordea, eta oso ideia arriskutsua da, gainera delegatzera garamatzalako berriz ere, eta hori da egun teknologiarekin dagoen arazo nagusia. Badaude Google baino arazo larriagoak ere, egia da; hor daude, adibidez, sare sozialak. Googlek jakintzarekin egiten du lan, eta hori interesgarria izan daiteke, baina sare sozialek egiten dutena ez da hori. Giza harremanak bultzatzen dituzte horiek, gero jendearen harremanen kontura dirua egiteko. Oso arriskutsua da hori, baina mekanismo bera dago horren atzean ere: delegatzea. Gauzek nola funtzionatzen duten ulertzen saiatu beharra dago.
Interneteko erabiltzaileen subiranotasun moduko bat da giltza?
Bai, baina oso zaila da. Denbora falta da maiz, gogoa, informazioa...
Liburuan diozuenez, ez da txikia Googleren indarra, eta Txinako Gobernuak hura murrizteko hartutako neurriak aipatzen dituzue, adibidez.
Esan beharra dago ez dagoela teknologia on eta txarrik. Erabileran dago gakoa. Ezarritako botereek biolentziaren monopolioa baldin badute, eta enpresa pribatu batek estatuak berak baino herritarrei buruzko informazio gehiago badu, gatazka sortzen da. Botere lehia bat. Enpresa batzuek ere badute informazioa kontrolatzeko nahi hori, baina estatuak ere sartzen direnean nabarmenagoa da.
«Delegatzea da egun teknologiarekin dagoen arazo nagusia»
Google bilatzailearen alde ilunari buruzko liburu bat idatzi du Ippolita taldeak, eta Carlo Milani taldekidea Iruñean izango da gaur, 20:00etan, La Hormiga Atomica liburu dendan, liburuaz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu