Izortze Santin.
EHUko irakaslea eta Biobizkaia institutuko ikertzailea

Dementziaren kontrako txertoa

2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berriki Nature aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, Herpes Zoster birusaren kontrako txertoa hartzeak dementziaren aurkako babesa emango luke. Aldizkarian argitaratutako lanaren emaitzak oso interesgarriak dira, baina emaitza horietara nola iritsi diren are interesgarriagoa da. Izan ere, esperimentu natural baten bitartez lortu dituzte aurkeztutako emaitzak.

Baina zer da esperimentu natural bat, zehazki? Aurretik diseinatu ez den eta espontaneoki sortu den egoera batetik datu esperimentalak lortzen direnean, esperimentu natural bati buruz ari garela esan dezakegu. Esperimentu naturalaren adibiderik ezagunena Holandako Gosetea da, hain zuzen ere. Bigarren Mundu Gerran, naziek Herbehereei elikagaien hornidura guztia moztu zieten. Horrek oso azkar sortu zuen janari eskasia handia, eta gosete orokorra ekarri zuen herrialdean. Kontua da holandarrek osasun erregistro onak zituztela, eta horrek aukera eman ziela aztertzeko ea goseteak epe luzera eraginik izan zuen jendearen osasunean edo ez. Esate baterako, amen desnutrizioaren eraginez, jaioberriek garapenean arazoak izan zituztela ondorioztatu ahal izan zuten.

Nature aldizkarian argitaratutako lanera bueltatuz, Galesen 2013. urtean egindako Herpes Zoster-aren kontrako txertaketa kanpaina batean oinarritutako esperimentu natural bat da. Urte horretan, Galesko 80 urteko pertsonak txertatzeko kanpaina martxan jarri zen, bakarrik 1933. urteko irailaren 2tik abenduaren 31ra jaio zirenak txertoa jasotzeko hautagai izan zirelarik. 

Horrek modua eman zuen jaiotza egun gutxiz banandutako pertsonak kontrol talde gisa erabiltzeko, bi taldeen (txertatutakoak eta txertatu gabekoak) ezaugarriak oso homogeneoak izanik. Ikerketa lanean 280.000 heldu adindun aztertu ziren, eta haien bilakaerari zazpi urtez jarraitu zioten. Ikerketen emaitzek erakutsi zuten Herpes Zoster-aren aurkako txertoa jaso zutenek %20 probabilitate txikiagoa zutela dementziaz diagnostikatuak izateko.

Genero ikuspegia

Ikerketa horrek, gainera, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko datu interesgarriak eman ditu. Txertatutako emakumeek babes efektu nabarmenagoa erakutsi zuten, beste txerto batzuekin ikusi den bezala (adibidez, gripearen eta COVID-19aren kontrako txertoekin). Horren arrazoia izan daiteke emakumeetan txertoek erantzun immunitario sendoago bat eragiten dutela. Kasu espezifiko honetan, aurkikuntza honek aukera emango luke dementziaren prebentzioan genero ikuspegia txertatzeko; izan ere, emakumeetan altuagoa baita dementziaren eta alzheimerraren prebalentzia.

Ikerketa gehiago beharko dira txertoaren babes efektuaren mekanismoak ulertzeko, baina jakinik Herpes Zoster-a nerbio sistema infektatzeko gai dela, nerbio sistemaren endekatze prozesuan parte hartzea hipotesi onargarria da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.