'Lumineszenteak' proiektuaren egileak

Irantzu Pastor Ordoki eta Igone Mariezkurrena Fernandez: «Demostratu nahi genuen badaudela indarkeria ikusezin pila bat emakumeei eragiten dietenak»

Irantzu Pastorren eta Igone Mariezkurrenaren 'Lumineszenteak' erakusketa ikusgai izanen da lehen aldiz Ipar Euskal Herrian: Urruñako Posta gelan, apirilaren 26a arte.

Irantzu Pastor Ordoki eta Igone Mariezkurrena Fernandez, Urruñako Posta gelan. PATXI BELTZAIZ
Irantzu Pastor Ordoki eta Igone Mariezkurrena, Urruñako Posta gelan. PATXI BELTZAIZ
Urruña
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Luminesztenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait, 2021 bukaeran, Irantzu Pastor Ordoki (Lesaka, Nafarroa, 1985) argazkilariak eta Igone Mariezkurrena antropologo eta kazetariak (Pasaia Donibane, Gipuzkoa, 1985), 2018an hasitako liburua eta erakusketa plazaratu zuten. Lehen aldiz, erakusketa Ipar Euskal Herrian emanen dute, Urruñan (Lapurdi), apirilaren 26a arte. Horren harira, proiektuaren sortzaileak Urruñara bildu ziren joan zen ostiralean. Mariezkurraren arabera, Lumineszenteak «lekurik ez duten emakumeen ahotsei bozgorailu bat emateko tresna» da.

Nondik heldu zaizue ideia?

IRANTZU PASTOR ORDOKI: Hasi ginen gai honi bueltaka, Igone eta biok egonak ginelako hainbat herrialdetan, bai ni argazkiak egiten eta bai Igone kazetari gisa; proiektu bat egin nahi genuen emakumearen inguruan, eta, bereziki, emakumeek gatazka edo pobrezia egoeretan jasaten duten indarkeria ikusezin horri buruz. Demostratu nahi genuen normalean badaudela indarkeria ikusezin pila bat emakumeei eragiten diotenak, eta hasieran ez direnak ikusten eta oso-oso potenteak direnak.

Munduan zehar ibili zineten proiektua osatzeko: Palestina, India, Lakota Nazioa, Euskal Herria.... 

IGONE MARIEZKURRENA FERNANDEZ: Badakigu patriarkatuak eta indarkeria patriarkalak forma asko hartzen dituela eta leku batetik bestera eta garai batetik bestera ere forma desberdinak hartzen dituela. Gure helburua zen hori ahalik eta zabalena jasotzea eta erakustea; beraz, erabaki genuen, batetik, fisikoki elkarrengandik urruneko lekuak aukeratzea, eta, bestetik, bilatzea historiak eta pertsonak, zeinengan indarkeria hori multidimentsionala edo generoa ez ezik beste faktore batzuk ere nola zeharkatzen dituzten pertsona horiek, etnia, erlijioa, sexualitatea... Orduan, bai, historia askotarikoak eta protagonista bakoitzaren bizitzaren baitan elementu asko bilatzen dira.

Igone, zu, kazetari lanaz arduratu zara. Hiru narratiba aurkitu daitezke liburuan, zeintzuk? 

MARIEZKURRENA FERNANDEZ: Hasieratik argi genuen proiektu honek izan behar zuela lekurik ez duten emakumeen ahotsei bozgorailu bat emateko tresna edo lana. Ildo horretan, ez nuen nik kontatu nahi besteren historia; nahi nuen emakumeek kontatutakoa bere horretan mantendu. Baina egia da haietako zenbaitek ez zutela diskurtso oso politikoa edo oso kontzientea; orduan, beharra ikusten nuen testigantza horiei aldez aurretik zenbait datu, informazio ofizial eta testuinguru modura halako testu labur batzuk gehitzea. Liburuan badago hirugarren narrazio bat: bazeuden beste kontu asko inork esaten ez zizkigunak, historia edo abentura honen parte garrantzitsuak zirenak: gure pertzepzioak, eztabaidak, zalantzak, bizipenak...

Zu, Irantzu, argazkilaria izan zara. Proiektuaren helburua bortizkeria ikusezina erakustea denez, nola bilakatu zenuen ikusezina den zerbait irudi?

PASTOR ORDOKI: Proiektuaren zailtasuna hori izan zen, begi hutsez ikusten ez diren indarkeriak irudikatzea; eta, noski, argazkilaritza bisuala da, orduan ikusezina argazki bihurtzea kontzeptu konplikatua da. Proiektuan erretratu pila bat daude, emakume horiek dute protagonismoa. Niri erretratuak egitea eta pertsonetan sakontzea gustatzen zait, eta aukera eman dit begirada horien bitartez zerbait kontatzeko. Nire helburua beti izan da emakume horiek oso duin agertzea argazkietan. Erretratu horiei gehitu dizkiet testuinguruari dagozkion argazkiak; saiatu gara elkarrizketak beraien etxeetan, beraien familiekin, gustukoa zuten lekuetan egiten… ulertzeko non bizi diren emakume horiek eta nondik kontatzen dituzten beraien testigantzak.

«Pribilegiotik egindako proiektua» dela diozue. Zergatik?

MARIEZKURRENA FERNANDEZ: Lan honek balio izan digu neurri handi batean maila teorikoan bagenekien hori gure azalean bizitzeko: konturatu gara liburu hau egin dugula, nahiz eta autogestionatua izan eta izerdi asko botatuz egina izan, baina lortu dugula hein handi batean Mendebaldean jaiotako emakume zuriak garelako, gure burasoek ikasketak ordaindu zituztelako, gerora lana eta burujabetza ekonomikoa izan dugulako, eta memento jakin batean pribilegioa ukan dugulako aukeratzeko gure oporrak, hegazkin txartelak erosteko, eta Lakota Naziora joateko. Eta Euskal Herrian bertan, gurekin bizi diren zenbait emakumeekiko, pribilegiozko posizioan gaude; eta uste dut feminismoak zentzu horretan baduela erronka urgente bat begi aurrean, emakume guztion mugimendua izango baldin bada feminismoa, ulertu behar dugu emakume guztiak liberatu eta burujabetu arte, ez garela denak izango, eta ezin ditugula atzean utzi emakume migratuak, emakume arrazializatuak eta abar. Hortaz, hor badaukagu oraindik erronka handi bat.

Esperientzia horretatik zer ondorioa dira ateratzen dituzue?

MARIEZKURRENA FERNANDEZ: 2018an Palestinara lehen bidaia egin genuenean hasi zen prozesua eta gaur arte ikasketa hutsa izaten ari da, asko ikasi dugu, guregan eskuzabalak izan ziren emakume horiengandik, izugarri eskertuak gaude. Eta horrek, beharbada, ez du eraginik izaten berehala, baina uste dut arrastoa gerora datorrela. Balio du batez ere nork bere burua berrikusteko; balio du aurreiritzi asko hankaz gora jartzeko; balio du jakintzat ematen genituen gauzak halakotzat ez jotzeko. Zein pozgarria den ekarpen txikia egina ahal izatea, eta entzun ez genituen ahots batzuk entzunarazteko bidea zabaltzea.

2021ean plazaratu zenuten Lumineszenteak proiektua. Hiru urteren buruan, proiektuak ukan duen ibilbideaz harro zarete?

PASTOR ORDOKI: Liburua publikatu genuenean eta erakusketarekin hasi ginenean ez ginen oso kontziente egin genuen lan guziaz. Gero jendea hasi zelarik kanpotik liburua irakurtzen eta erakusketa ikusten, erraten ziguten: «Hemen sekulako lana dago!», «Ze interesgarria den!» edo «Testigantza hauek gauza pila bat aldatu dituzte nire barruan!». Erakusketa batean pasatu zaigu emazte batek testigantzak irakurri eta konturatzea bera ere indarkeriaren biktima zela; horren ondotik zerbitzu sozialetara joan zen. Halako gauza bat pasatzea guretzat ikaragarria izaten ari da. Gu ere konturatu ginen lan txukuna, interesgarria eta ederra egin genuela. Beharrezkoa ikusten genuen emakume horiei ahotsa ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.