Igandeko paella egunaren biharamonaren arrastoak atzean utzita, Algortako saninazioei hasiera emateko prest daude herriko gazteak eta hain gazte ez direnak ere. Azken urteotan bezala, Telletxe izango da jaietako erdigunea, bertan bilduko baitituzte festetako ekitaldi nagusiak. Tellagorri plaza, Ereaga hondartzaren ondoko ingurua, Kasinoko plaza eta Biotz Alai abesbatzaren plaza ere izango dira jaietako beste eremu batzuk.
Arratsaldeko seietan emango diote hasiera San Ignazio jaiei, pregoiaren irakurketa eta txupinazoaren eztandarekin. Jarraian, udalerriko neska-mutilek euren sormena erakutsiko dute kuadrillen jaitsieran. Hala, Algortara bertaratzen direnek mota guztietako dantza eta antzerki ibiltariez gozatzeko aukera izango dute. Bitartean, Kuklux fanfarreak kaleak alaituko ditu musika doinuekin.
Iluntzean, haurrentzako zinemaren eta zezensuzkoaren ostean, kontzertuak izango dira Telletxen eta Kasinoko plazan. Lehenengo tokian, Marmoka Baltzak, Muturbeltz eta The Sparteens ariko dira; bigarrenean, Bikoizten anai-arreben agerleku izango da.
Igandean, txipiroi lehiaketa
Algortako saninazioek asteartera arte iraungo dute, eta, bitartean, adin guztientzako mota guztietako ekitaldiak egongo dira aukeran.
Bihar Gazte Eguna ospatuko dute. Goizekohamarretatik hasita, jaia nahi dutenek egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute. Hala, tailerrak, bertsoak, bazkaria, jinkana eta kontzertuak izango dira Algortan, besteak beste. Musika emanaldiaren ardura Kuenta Atras, Fiachras eta Matxura taldeek izango dute.
Igandean, ohiko txipiroi lehiaketa izango da. Horrekin batera, hainbat ekitaldik osatuko dute eguneko egitaraua. Gauean, Habeas Corpus eta Hesian taldeek kontzertua emango dute.
Astelehenean izango da Kuadrillen Eguna. Hala, udalerriko neska-mutilen bazkaria izateaz gain, Ereagarako jaitsiera tradizionala egingo dute.
Azkenik, asteartean, San Ignazio eguna ospatuko dute, eta, festei amaiera emateko, bertsoei lotutako hainbat ekitaldi izango dira.
Jaiak. Algorta
Dena prest ospakizunak hasteko
Gaur hasiko dira Algortako saninazioak, eta bost egunetan festa giro herrikoiaz gozatu ahal izango da herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu