Ezarian. Zientzia. Sydney Brenner. Biologoa

«Dena sendatzea ez da irtenbide on bat; ezer ez da betiko»

Sydney Brenner, biologia molekularraren aita, 2002ko Medikuntzako Nobel sariduna, erreferentzia da zelulen garapena eta heriotza azaltzen duen erregulazio genetikoan. Genomaren balioaz oso gogoeta pertsonala dauka.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Mende erdia darama biologia molekularrean barneratuta, Oxforden lanean hasi zenetik, 1952tik. Biologiaren inguruan gizarteak duen ikuspuntua «aldatu» egin behar dela uste du Sydney Brennerrek (Germiston, Hegoafrika, 1927). Zientzia Foroan aritu da, Donostian, DIPCk gonbidatuta. Genoma ikerketa konplexuak egiteko iturri den honetan, Brennerrek esperantza handiak ditu; berandu baino lehen aurrerakuntza handiak egongo direla uste du, «IPS zelulen bidez» batik bat.

2001ean Clinton-Blair tandemak iragarri zuen giza genoma deskodetu zela. Ezagutzaren ateak parez pare zabalduko zirela ematen zuen, gaixotasun sendaezinak sendagarri bihurtuko zirela. Esperantza handiegiak ote ziren?

Jende gehiegi ibili zen orduan gehiegikeriak esaten. Guk bagenekien bakarrik hastapenetan geundela; lan zaila, benetako erronka aurrerago etorriko zela. Hau da, lortutako informazio hark zer esan nahi zuen jakitea zen eta da benetako lana. Izan ere, mezu bat entzuten dugu, baina ez dugu hitz bat bera ere ulertzen. Lan hori zaila da. Orduan zabaldutako hainbat mezuk aipatzen dituzun esperantzak neurritik kanpo aterarazi zituzten, bai.

Biologoei kalte egin die espektatibak espero zen bezain azkar ez betetzeak?

Ikerlariei ez dut uste. Ikuspegi sinplista da arazoa. «Geneak aurkitu ditugu eta orain botika berriak asmatuko ditugu», zioten. Hitz egitea da bat, eta bestea, hipotesi terapeutiko bat edukitzea. Ideia bat izan behar duzu aurrena: honako hau egiten badut, agian gaixotasun bat senda dezaket edo beste gauzaren bat egin. Guk, ikertzaile gehienok, uste genuen deskodetzea hondar ale bat baino ez zela egiteko zegoen lan erraldoian. Bagenekien xehetasun txiki guztiak ulertzeak zer-nolako lana zekarren.

Nola doa irakurtzen den informazio hori interpretatzeko lana?

Orain dela lau bat urte ikasi nuen inork ez zekiela zer dagoen giza genomaren atzean, ezaguna zen bakarra ordenagailuek erakusten zutena baitzen. Orduan, genoma hasieratik irakurtzen hasi nintzen, eta lan horrek baditu zioak ilusioa sortzeko; ilusio horrekin ea gai garen irakurtzen ari garen hori ulertzeko.

Biologia, eta haren barruan genetika, zientziaren alde erakargarrienetakoa bilakatu da urteotan gizartearentzat. Zergatik?

Ezingo nuke esan zergatik erakartzen duen gizarteko zati handi bat, baina ulertzen dut jendeak alor interesgarritzat jotzea. Izugarria da gure organismoaren, hain organismo osoaren azalpen zehatza egin ahal izatea. Baina mezu lineal bat interpretatu behar da orain; hori da benetako galdera: nola funtzionatzen du burmuinak bere osoan? Oraindik ez dugu erantzunik horrentzat.

Zein izan daiteke abiapuntu egoki bat erantzuna jakiteko?

Nire lankide batek esan zidan Science-n editorial bat irakurri zuela orain gutxi; han idatzi zutena interesgarria da oso: datuen, ezagutzaren eta ulermenaren arteko desberdintasunak mugatu behar dira. Animalien kasuan, esaterako, zenbat espezie dauden jakin dezakegu; horiek datuak dira. Gero, sailkatu egiten dira, zerrenda batzuk eginez; ezagutza gaineratzen dugu horrekin. Baina Darwin iritsi arte itxaron behar dugu animalia horien organismoek nola funtzionatzen duten ulertzeko, nola sortu eta garatu diren ulertzeko. Ulermen maila horretara heldu behar dugu guk oraindik, eta, horretarako, biologiaren teoria zuzen bat behar dugu.

Genomak deskodetzea ez da arazoa gaur egun, oso azkar egiten baitute ordenagailuek; informazio hori guztia ulertzea da benetako arazoa. Ezin da azkartu lan hori nolabait?

Puzzlearen piezak azkar-azkar lotzeaz hitz egiten du jendeak, baina batzuetan atzera begiratu behar da zertan ari garen jakiteko. Zientzian datuak biltzen dira. Ordenagailuen bidez pertsona baten zehaztapen guztiak bil ditzakegu, haren molekulak… dena. Baina horrek ez dizu esango nola funtzionatzen duen haren gorputzak. Biologook hiru galdera egin behar ditugu: Nola eraikitzen da? Nola funtzionatzen du? Eta nola egokitzen da hori eboluzioan? Burmuinak funtzionatzeko duen modua ulertuko bagenu, hiru galdera horien erantzunak izango genituzke maila handi batean. Oraindik ez dugu gaitasun hori; egia esateko, urrun gaude gaitasun hori izatetik. Nola ikasten dugun, nola dauden funtzio guztiak harremanetan, nola gertatzen diren lotura horiek burmuinean… hori dena ulertu beharra dago lehenik eta behin. Eta gero, beste erantzunak lortu. Adibidez, zergatik txinpantzeak, gure genomaren oso-oso antzekoa edukita ere (%99), gugandik desberdinaden.

Orduan, oraindik urrun gaude genetika oinarri hartuz aplikazio klinikoak sortzeko, orain sendaezinak diren gaixotasunei dagokienez behintzat.

Ez gaude hain urrun. Dagoeneko asko egin dugu alor horretan. Adibidez, gaixotasun kutsakor askori aurre egin diegu arrakasta dezenterekin; antigorputzen sistema nola dabilen aztertu dugu, immunitate sistemari buruz gehiago jakiteko. Gero eta gehiago dakigu immunitate sistemari buruz; hori ezin da ukatu. Orain, gaixotasun kutsakorrak bukatu ondoren, gosea dator... Mundu moderno batean gaude, eta jendea gosez hiltzen da, elikadura urritasunak berarekin dakartzan arazoengatik…

Jarrera eszeptikoa sumatzen zaizu sendabideak aipatzen dituzunean...

Ikusten dugu gaixotasun batzuk luzaroan garatzen direla gure gorputzean; prozesu luzeak dira. Gorputzaren funtzionamenduaren akatsek sortuak dira batzuk; gehiegizko erabilerak eraginak besteak. Gaixotasun kronikoak dira. Hori ezin dugu sendatu. Sendatuko bagenu, zerekin hilko ginateke? Betiko bizitzea ez da irtenbide on bat. Irtenbide ona litzateke betiko gazte izateko gaitasuna izatea. Beraz, artritis, alzheimer eta beste gaixotasun batzuen aurkako sendabide hoberena gazte izatea da, ez zahartzea. Baina, zahartzea naturaren barruan dagoenez, jakin behar dugu ezer ez dela betiko. Loreak sortu, loratu eta hil egiten dira, eta gero berriro sortzen dira, berriro loratu eta hil. Biologiaren oinarria da bizitza ordezkatzen duen sistema hori.

Beraz, beste jarrera edo ikuspuntu batekin begiratu beharko genieke gaixotasunari eta heriotzari berari?

Jakina. Bizitza, heriotza eta gaixotasunaren inguruan dugun jarrerak aldatu egin behar du. Bistan da hobe genukeela hezkuntzaren oinarria aldatzea.

Zer diozu enbrioi zelula amekin ikerketa egiteko AEBetako eta Europako araudiaz? Malguagoa beharko luke, ikerlari gehienek eskatzen duten bezala?

Hemen ere hobe genuke ikuspuntua aldatuko bagenu. AEBetan hitzaldi bat ematen ari nintzen behin, eta entzule batek, eserlekutik altxatu, eta oihu egin zidan: «Zergatik ez nauzu klonatzen kopia horri esker ordezko piezak edukitzeko?». Horrela erantzun nion: «Agian, kopia horrek zu erabiliko zaituelako ordezko gisa». Horrekin esan nahi dut izugarrizko nahaspila dugula gure buruetan genetikaz aritzean. Pertsona bat bere geneak baino gehiago da, bere zelulak baino gehiago… Gizarte baten barruan bizi da, bere ezaugarri guztiekin. Hori da benetako pertsona, eta pertsonak hartu behar dira kontuan. Ezin dugu esan ingeniaritza genetikoa baliatuz kopiak egingo ditugula, horrek ez baitu beste pertsona bat egiten. Kopia bat (klon bat) jatorrizkoaren bikia litzateke, baina 50 urte gazteago. Ez, beste era batera ikusi behar dugu auzi hau. Enbrioi bat hil behar ote den eta beste galdera batzuk ere honen barruan daude.

Baina enbrioi zelulen ikerketaren eztabaida ezin da asko atzeratu.

Saihestu egin daitekeela uste dut nik, ordea. Zure azaleko zelula bat hartu eta hura zelula pluripotentziala bihur dezakezu gaur egun, zuk behar duzun zelula bihurtzeko gero, espezializatzeko, dela bihotzekoa, dela gibelekoa edo beste edozein zelula. Hori egiteko bidean gaude, baina ez erreprodukzio modu berri bat martxan jartzeko; hori ez da beharrezkoa. Bitxia da: duela bi urte Nobel saria eman zioten Robert Edwardsi intseminazio artifizialarekin egindako ikerketengatik. Horrekin hasi zenean askok esan zioten oso arriskutsua zela, etika aldetik eztabaidagarria… Haatik, gaur esan daiteke munduan lau milioi pertsona jaio direla hark garatutako ikerketari esker. Orain, onargarria da oso, baina lehen, aldiz, ez zen garbi ikusten. Dena den, esango nuke birsortzeko beste modua merkeagoa dela eta atseginagoa…

Shinya Yamanakak 2006an plazaratutako IPS (Induced Pluripotent Stem) zelulen ikerketaren alde zaudela dirudi…

Bai, aurrerakuntza handia dela uste dut. Sortutako zelula bat norberaren gorputzarekin osagarri izatea lor daiteke, norberaren gorputza baita zelula horren iturri. Transplanteetan ere zailena da organoaren arbuioa ez egotea. Gorputzak edozein organo arrotz arbuiatzeko joera dauka, eta lan izugarria da organo osagarriak lortzea. Zure gorputzaren zelulak lortzerik bada, ikusi zuk zeuk zein alde dagoen: arbuioa bukatuko litzateke. Uste dut hori ikusi egingo dugula.

Baina arazoak daude. Adibidez, zelula horiek arrisku handiagoa dute minbizia sortzeko. Hala uste da, behintzat.

Oraindik goiz da emaitza hori berresteko. Normala da arazoak egotea: oraindik ikerketa fasean dago hau guztia. Baina uste dut bide egoki bat dela ikerketarako, fruituak emango dituela. Minbizia eta alzheimerra bera gure zelulen mutazioek sortzen dute, anplifikazio bat gertatzen da, eta horri ezin diogu behar bezala aurre egin, ez dugulako ulertzen zerk eusten dion gure egonkortasun genetikoari. Badaude beste erremedio sinpleago batzuk: biriketako minbizia nahi ez baduzu, erretzeari utzi; Erresuma Batuan tabakoak eragindako minbizi tasak asko egin du behera, jende askok utzi duelako tabakoa.Emakumeen kasuan gora egin du, gehiago erretzen dutelako orain. Berez, erraza da.

Enbrioi zelula amen ikerketaren aldean IPS zelulena hobetsiko zenuke orduan?

Nire azaleko zelula sinple bat hartu eta nire gorputzeko edozein zelula bihurtzeko aukera ematen badit, erantzuna erraza da. Orain ezin da hori egin, baina bidean gaude. Modu honekin ez genuke inoren kopiarik behar ordezko piezak edukitzeko; gure gorputzak berak hornituko gintuzke. Handia litzateke aldez aurretik jakitea gure gibeleko zelulak gai diren edo ez botika jakin bat metabolizatzeko, gure zelula horiek probeta batean egongo bailirateke. Ezin konta ahala aukera ematen ditu honek.

Biologiaren ezagutza sakonean barneratzea Jainkoaren ezagutzan sartzea dela diote batzuek. Zer diozu zuk?

Hausnarketa hutsala dela hori, garrantzi gabekoa. Clinton eta Blairrek giza genomaren berri eman zutenean, deigarriak izan ziren haien hitzak. Nik badakit nork idatzi zion hitzaldia Clintoni. Genoma Biblia bezala zela zioen hark, gizakia sortzeko Jainkoak erabilitako hizkuntza zela…

Beraz, Jainkoa zientzia ikerketatik kanpo uzten badugu, hobe?

Jainkoa guk sortu dugu; ezin da gu bezalakoa izan, goialde hartan sistema burokratiko izugarria behar baitu guk kudeatu ezin dugun guztia kudeatzeko… Gizakiaren asmakizun bat besterik ez da Jainkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.