Nafarroa hegoaldeko eta Estellerriko nekazariak eta abeltzainak zerura begira daude aspaldian. Udazkenean euri oso gutxi egin zuen, eta neguan ere apenas botatzen ari den. Lehor dago lurra. Hurrengo asteetan euria gogoz egiten ez badu, lehorreko laboreak gal daitezke. Euri eskasiagatik, larre askorik ere ez dago abereentzat. Ganaduzaleek, larrerik ezean, animaliak gero eta pentsu garestiagoz elikatzen hasi beharko dute.
Uda hasteko lau hilabete eskas falta dira, eta ur eskasia nabarmena da Nafarroan, Tafalla herritik behera dauden lurraldeetan, batik bat. Ignacio Gil Erriberako Fustiñana herriko nekazari eta EHNEko nekazaritza sindikatuko ordezkaria kezkatuta mintzatu da. «Lehor dago dena. Egoera oso kezkagarria da. Martxoa giltzarria izanen da egoerak atzera bueltarik izan dezan. Hilabete honetan euria gogoz botako balu, kalteak asko gutxituko lirateke». Lehorreko laboreak, batez ere garia eta garagarra, ez dira atera, eta lurra eta harriak besterik ez dira ageri alorretan. «Azaroaz geroztik, ez du euririk bota inguruan. Otsaileko izotzak eta haizeak egoera kaskarrean utzi ditu laboreak; lurra oso idorra dago. Hurrengo asteetan euririk egiten ez badu, lehorreko uzta gehiena galdu eginen da». Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Saila ere iritzi berekoa da. «Euririk ez du egin, eta lurrak ez du ur erreserbarik. Hurrengo asteetan eguraldia aldatzen bada, eta euria egiten badu, egoerak badu atzera bueltarik». Azken hilabeteetan hotz egin du, eta tenperatura baxuek ez diete laboreei hazten utzi. «Orain euria eginen balu, uzta lortuko litzateke, nahiz eta aurreko urtekoa baino eskasagoa izanen litzatekeen».
Beraz, hurrengo asteetan euririk egiten ez badu, Erriberan eta Estellerrian dauden 50.000 hektarea labore, garia eta garagarra nagusiki, bildu gabe gera daitezke. Nafarroan ereiten den laborearen herena litzateke hori. Gainontzekoa Iruñerrian, Izarbeibarren, Orbaibarren eta behe mendialdeko toki hozkirrietan egiten da, eta, oraingoz, uzta ez dago arriskuan.
Francis Calvo Erriberako Ablitas herriko nekazariak etsita hitz egin du. 40 urte ditu, eta hamalau urte daramatza nekazari lanetan. Etorkizuna nahiko ilun ikusten du. 50 hektarea gari dauzka ereinda, ekologikoan, herriko Monterrey eta Peñadil parajeetan. «Egoera asko aldatu ezean, aurten ez dut garirik bilduko. Pentsa zenbat balio duen haziak. Udazkenean egindako lan guztia deusetarako. Ekologikoan, gainera, kontrol gehiago eta lan gehiago izaten du. Hondamendia da». Mahastiak, olibondoak eta arbendolondoak ere baditu Calvok, orotara, beste 16 hektarea ditu herrian. Horiek ere kaltetzen ari direla dio. Euririk ez badute hartzen, estres hidrikoa nozitzen dute landareok. «Ureztatze sistemak baditut, baina hori ez da nahikoa. Euririk egiten ez badu, landareak ez dira lotzen behar bezala. Olibondoak eta mahastiak ez badira goiko aldetik bustitzen eta ureztatzen, ez dituzte kimuak behar bezala ateratzen».
Larre gutxi
Nekazarien egoera ez eze, Erriberako abeltzainena ere txarra da. Urik ez duenez bota, larrerik ere apenas baden. Erriberako artzainek ganadua Bardeara igotzeko tenorea dute aurki, baina han bazka, gehienez, hamar egunetarako edukiko dute. Horrek galerak eta aurreikusita ez zeukaten produkzio kostuen igoera ekarriko dizkie. Bardeako lurretan sartu behar duten ardiburuak ureztatzeko laboreen hondarrak jaten dabiltza azken bi hilabeteetan. Nagusiki, barazki hondarrak. Landa horietako jatekoa bukatzear da, eta Bardeara igoko dira artaldeak. Felix Floristan Fustiñana herriko artzaina da horietako bat. Francis Calvo bezala, kezkatuta dago lehortearekin. Hemeretzi urte daramatza abeltzain eta nekazari lanetan, eta ez du sekula horrelakorik ikusi. «Eguna joan eguna etorri, zerura begira nago. Laster euririk egiten ez badu, ganaduari pentsua ematen hasi beharko dut. Horrek gastuak bikoiztea dakar, eta irabazirik ez izatea». 780 ardiburu ditu Fustiñanako baratze ureztatuetan jaten. Hurrengo astean, Bardeako La Negra parajera eraman nahi luke artaldea. «Kasik urte bat darama euririk egin gabe. Negu osoan ez da ganadurik ibili Bardean, eta orain badago lehen garbialdi bat egiteko adina larre. Baina hamar egunetan ez da deus egonen, eta pentsua ematen hasi beharko dut». Baina arazoa ez da hurrengo hamabost egunetakoa bakarrik; euririk egiten ez badu, belarrik ez da aterako udaberrian, eta gordea duen pentsua ematen hasi beharko zaie animaliei. «Janik gabe ezin ditut utzi. Beraz, neguan bildutako artoa eman beharko diet». Artoa saltzeko ereiten du Floristanek, baina, aurten, ezin izanen du hori egin. «700 hektarea ditut 12.000 eurotan alokatuak. Beste hainbeste gastatu beharko dut pentsuan animaliak aurrera ateratzeko. Pentsa zein etekin aterako dudan nik aurten», dio etsita. Bardearekin muga egiten duten herrietako hogei bat ganaduzale sartuko dira hurrengo asteetan Bardeako larreetara. «Orain euria gogoz eginen balu, udaberria salbatuko genuke, eta udarako lastoa izanen genuke. Mendia oso lehorra dago, hilda dago, eta euria behar du».
Baina nekazariak zerura bakarrik ez, urtegietara so ere badaude. Euri gutxi egin duenez, urtegien ur maila ez da ona. Esako urtegia, esaterako, ura gordetzeko duen ahalmenaren %50ean dago. Iragan urtean, garai honetan, %70ean zeuden. Beraz, beste uztei ere kalte egin diezaieke lehorteak. «Ebroko arroan ere berdina da ur portzentaia. Iragan urtean baino %20 gutxiago dute urtegiek. Egoera hori ez bada zuzentzen, ureztatzeko erabiltzen diren ur txandetan murrizketak eginen dira. Horrela, ur asko behar duten Erriberako baratze ureztatuetan galerak izugarri igoko lirateke», esan du Ignacio Gil EHNEko ordezkariak.
Negu lehorra eta hotza
Siberiako eta Azoreetako antizikloiek sortutako korridoreetatik haize hotza sartu da hegoalderantz. Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak azaldu duenez, haize hori normalean oso lehorra da, hezetasun gutxikoa. «Itsaso eremuetatik iragan behar du hezetasun puntua hartzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erori den elurra ez da Siberiatik zetorren hezetasunaren ondorioa, Kantauri itsasoan hartutakoaren ondorioa baizik». Euskal Herriko mendilerroetatik igarotzean, baina, hartutako hezetasun apur hori askatu egin du haizeak. «Horregatik dago horrenbesteko aldea lurraldeen artean. Nafarroara ailegatutako haizea ez da itsasotik igaro, ipar-ekialdetik baitzetorren. Bizkai, Gipuzkoa eta Araba partean, ordea, aire masak itsasoa ukitu du, eta ez da lehorterik izan.
Horregatik, Nafarroako hegoaldean euririk apenas bota duen arren azkenaldian, egoera oso bestelakoa da Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan.
Arandak azaldu duenez, azken urteetako otsailik hotzena izan da aurtengoa. Elurrak gogoz zuritu ditu Euskal Herriko txoko ugari; hainbatetan elurra itsas mailaraino iritsi da —hilaren 2, 4, 7 eta 8an, adibidez—. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren sare hidro-meteorologikoak izotzak erregistratu ditu otsail guztian, hilaren 26an salbu. Tenperaturari so eginez gero, hil horretan ohikoak diren baino batez besteko tenperatura hotzagoak jaso dituzte termometroek, 3,5 gradu zentrigadu hotzagoak, hain zuzen.
«Horrelako otsail bat aurkitzeko, 1965. urtera joan beharko genuke», azaldu du Arandak. Hala ere, oso urrun geratu da 1956ko otsaileko datuetatik. Urte hartako otsaila inoiz izandako otsailik hotzena izan zen, datuak gordetzen hasi zirenetik behintzat. 0,5 batez besteko tenperatura izan zen Donostian; Bilbon, berriz, 2,1 gradukoa.
Ezarian. Lehortearen ondorioak
Denak zerura begira
Hurrengo asteetan euririk egiten ez badu, Nafarroa hegoaldeko labore uzta ia erabat gal daiteke. Ganaduzaleak ere oso kezkatuta daude: ur faltan, larre gutxi dago, eta pentsua ematen hasi beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu