103 egun falta dira sanferminetarako, eta hasiak dira besten inguruan hitz egiten eta eztabaidatzen. Sanferminetako mahaia bildu da aste honetan, eta, besteak beste, entzierroari buruz ere hitz egin dute. Mahai handi horren barruan dago entzierroaren mahaia, eta bertan mintzatuko dira peñek egindako proposamenen inguruan. Dena den, aldez aurretik ezagutarazi egin dituzte, gizartean eztabaida pizteko asmoz.
Aritz Romeo Iruñeko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako zinegotziak esan duenez, txostena jaso dute, eta hor ageri diren ideiak aztertzeari ekin diote. Hala ere, mahaia aholku organoa da; beraz, ezin du erabakirik hartu. «Erabakiak udalak hartzen ditu, baina mahaiak esaten duena, jakina, oso kontuan izan behar dugu. Gure asmoa da sanferminetako mahaia ahalik eta gehien zabaltzea», azaldu du Romeok. Aurreratu du peñen txostenean ageri diren gauza batzuk interesgarriak direla.
Mikel Donlo Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak azaldu du zergatik prestatu duten txostena. Iruñeko Udalaren datuen bitartez, ikerketa soziologikoa egin dute. Horren ondorioa: entzierroa «desbideratu» egin dela, gaur egungo eredura ailegatu arte. «Ez da inoren errua. Urte hauetako eboluzioaren eta desbide sozialen ondorio izan da», esan du Donlok. Txostenean diotenez, masifikazioa, errespetu falta eta ezagutza falta dira arazo nagusiak. «Saiatu gara lan pedagogiko bat egiten hedabideak, politikariak eta parte hartzaileak kontzientziatzeko».
Peñen federazioko kideek bi kezka nagusi dituzte: batetik, entzierroko parte hartzea anonimoa izan behar duela uste dute. Are, haiek proposatutako hainbat neurri korrikalari batzuk nabarmentzeko joera mozteko asmoarekin egin dituzte. Bestetik, belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasatzea geroz eta zailagoa dela konturatu dira. Haien aburuz, entzierroen inguruan dauden arazoek gazteak aldendu egiten dituzte.
Nabarmena da anonimotasunari ematen dioten garrantzia. Erreportaje hau idazteko, hainbat korrikalarirekin kontaktuan jartzen saiatu arren, inork ere ez du hitz egin nahi izan. Gehienek anonimotasunaren printzipioarekin arrazoitu dute ezezkoa.
DENAK ZURIZ?
Bolo-bolo dabilen afera da: entzierroetako korrikalari guziak zuriz jantzirik joan behar dute? Iruñeko Peñen Federazioak baietz uste du. Horregatik, jendea zuriz janzteko eta publizitate elementurik gabe korrika egiteko aholkatzen duen kanpaina abian jartzeko proposamena egin dute. Iruñeko Udalak egin izan ditu halako kanpainak, eta, Hiritarren Segurtasuneko zinegotziak esan duenez, aztertuko dute afera.Arrazoi estetikoak eman dituzte Donlok eta Romeok, «oso polita» geratuko litzatekeela. Baina, batik bat, anonimotasunaren kontua dago atzean. «Azken zatia ortzadarra da, eta uste dut [entzierroa] desitxuratu egiten dela. Jantzia ezin da derrigortu, baina, denak zuriz joanda, zailagoa izanen litzateke korrikalari bat nabarmentzea». Bistan da Donlok ez dituela izarrak maite: «Kamiseta fosforeszentea daramanaren helburua, entzierroa baino gehiago, ospe unea edo sare sozialetarako argazkia lortzea da».
Romeok dio entzierroa dela zezenak ukuilutik plazara eramatea. Bere garaian, gazteak erdian sartu ziren, modu espontaneoan, apustu bat zela medio, azaldu duenez. «Orain, korrikalariek hartu dute protagonismoa, eta gladiadore edo futbolari izarren gisa agertzen dira». Entzierroa kirol bihurtzeak bidea eman dio publizitateari. Hori horrela izanda, nahiago du anonimotasunaren alde egin. Hala ere, Romeok argi du: «Inor ezin duzu derrigortu modu batera janztera».
HEDABIDEEN ROLA
Peñek aurkeztutako txostenean, hainbat bider aipatzen dira hedabideak. Proposamen nagusi bik eragiten dute kazetarien lanean: entzierroaren aurretik eta kantuek iraun bitartean kazetariei sarrera debekatzea —udalak dio hori betetzen saiatzen dela—, eta plazako sarbideko aldamioak kentzea. «Ez dugu prentsa kanporatu nahi; ekitaldi publikoa izanda,horren berri eman beharra dago», argitu nahi izan du Donlok. «Baina hedabideak kontzientziatzea nahi dugu, anonimotasunaren printzipioarekin bat egin dezaten».Zentzu hori eman dio Donlok plazako sarrerako aldamioa kentzeari. «Protagonista gehien dagoen tokia hori da. Korrikalari asko telebistan agertzeko egiten dute zati hori». Romeok esan du arriskuaren ikuspegitik begiratu behar zaiola horri. Aldamioak arriskutsuak badira, kendu; bestela, mantendu. «Ulertu behar da entzierroak zer esan nahi duen; mundu osoan ikusten da, eta horri balioa eman». Zinegotziak uste du entzierroaz ematen den irudia dela garrantzitsuena: argi uztea oso arriskutsua dela.
Horretaz gain, sare sozialetan komunikazio kanpainak egitea proposatu du Iruñeko Peñen Federazioak.
ARAUAK ZORROTZ BETE
«Ez gaude debekuen alde, etaez gaude herri mugimenduen edo pertsonen ekinbideak moztearen alde, baina arauak ez dira betetzen», esan du Donlok.Haren aburuz, etengabe urratzen dira arauak. «Jendeari gehien min egiten diona diru zorroa ukitzea da. Kontzientziazio kanpainek denbora gehiago behar duteeraginkorrak izateko». Hala ere, ordenantza egon badago, etaoso argia da. Gainera, entzierroen aurretik arauak zein direnesaten da, eta hainbat kanpaina egiten dira korrikalariak informatzeko.Romeo ados dago arauak betearazi behar direla esaten denean, eta hori egiten saiatzen direla azaldu du. Horretarako 200 udaltzain daude egunik jendetsuenetan, eta 150 gainerakoetan. «Udaltzain anitz ditugu, baina beti ez da erraza ordenantza betearaztea». Esan duenez, isunak jartzen dira. Adibidez, Santo Domingon marra bat dago, eta ezin da pasatu. Igarotzen duenak mila euroko isuna ordaindu behar du. «Hori ez du inork pasatzen. Lehen egunean beti dago konturatu gabe pasatzen duena, baina isuna jaso ondoren, inork ez du pasatzen», zehaztu du Romeok.
Ibilbidean badira askotan ikusten diren arau hausteak. Batez ere, zezena ukitzea, edo zezenari dei egitea. «Kasu horietan, oso nabarmena izan behar da, eta oso zaila da jendea harrapatzea», esan du Romeok. «Entzierroa bukatu eta berehala desagertzen da jende guzia». Donlok uste du ez dela hain zaila, eta futbolaren adibidea jarri du. Norbaitek botila bat botatzen badu, identifikatu egiten da, eta isuna jartzen zaio. Dena den, entzierroak minutu gutxi batzuk baizik ez du irauten.
SEGURTASUNA
Arauak betetzeaz gainera, segurtasun neurriak ere hizpide izan dituzte peñek entzierroko mahaian aurkeztu duten txostenean, nahiz eta bi baizik ez diren gai horri dagozkion proposamenak. Batetik, entzierroa hasi aurretik ibilbide osoa hustea eskatzen dute peñek, bidea ongi garbitu ahal izateko. Gainera, sarbideetan poliziaren kontrol gehiago nahi dituzte. Horretaz gainera, bide seinale batzuk eta ura jaisteko zorrotenak aldatzea komeni dela uste dute, eta lurrera loturik diren posteak kentzea. Donlok zehaztu du kontua: «Hainbat enklabe eta zorroten poste estal daitezke, edo, behintzat, ez daitezela ertzak atera, ibilbidea errazteko». Donlok dioenez, eskaera horiek ez dira berriak, baina UPNren gobernuak ez die kasu handirik egin. «Neurri hauek ez dute ideologiarik», zehaztu du.Romeok uste du lan bikaina egiten dela segurtasun arloan. «Ederki koipetutako makineria da segurtasunarena. Bestako bi-hiru minuturik arriskutsuenak dira, eta hor ari direnek oso lan txukuna egiten dute». Esan duenez, dena hobetu daiteke, baina ez du zalantzan jarri entzierroetako segurtasuna, inondik inora.
BELAUNALDI BERRIAK
Ego eta segurtasun kontuak alde batera utzita, txostenean bada azken boladan hainbeste aditu ez den kezka bat: belaunaldi aldaketarena. Izan ere, iruindar eta nafarren artean, geroz eta gazte gutxiagok parte hartzen du entzierroetan. Hori, kezka iturri da peñendako. Iruñeko Udalaren datuen arabera, zezenen aurrean lasterka aritzen direnen %14 baizik ez dira nafarrak —eta %4 baizik ez dira iruindarrak—. Romeok esan duenez, pena emanen lioke bertakoek korrika egiteari uztea, baina uste du bertakoak oso jakitun direla arriskuaz.Donlok uste du masifikazioak eta beldurrak badutela eraginik erabaki horretan, baina bada beste faktore bat: ez da harrobirik prestatzen. Horregatik, entzierro txikien alde egin dute proposamenean, eta, gainera, eskoletan ere sartu nahi dute lasterketa. Dena den, hori ez da entzierroaren mahaiaren alorra.
«Kezkaturik gaude hemengo jendea geroz eta gehiago aldentzen delako entzierrotik. Hemengoak lasterka egitera bultzatzea nahi dugu», dio federazioko lehendakariak. Baina proposamen horrek ibilbide txikia izanen duela aurreikus daiteke. Izan ere, legez kanpokoa da entzierro txikia antolatzea. Bere garaian aratxeekin egiten zituzten, zezenen entzierroa bukatu ondoren.
Egon liteke beste arrazoirik horren atzean. Peñak aspaldi ohartu ziren geroz eta gazte gutxiago doazela zezenketetara. Udala ere jakitun da, hainbat bidaia agentziek ez dutela sanferminez deus ere jakin nahi, zezenengatik. Kontzientzia afera bada, sustapen saiakerak alferrik lirateke.