Denbora geologiko gizatiarra

Denbora geologikoaren barruan, orain antropozenoan gaudela diote zientzialariek, nahiz eta oraindik ofizialki onartu gabe egon. Hori onartzeko, lanean ari dira zenbait geologo.

Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizakiak munduaren izaeran eragina izan duela esatea ez da ezer arrotza esatea. Baina esatetik frogatzera, badago aldea. Horregatik, nazioarteko geologo talde bat antropozenoa denbora geologiko bat izan ote zen zehazteko lanean ari da. Hala eskatu zion aro geologikoak ezartzeaz arduratzen den Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak, 2009. urtean, Nazioarteko Antropozenoaren Taldeari. Hango kide da Alejandro Zearreta EHUko geologia irakaslea: «Denbora geologikoen barruan, etapa ezberdinak daude, eta guk antropozenoa epoka gisa onartua izateko ebidentziak bilatzeko ardura daukagu».

Finean, antropozenoak gizakien aroa esan nahi du, eta horrek esan nahiko luke geologia mailan gizakiak munduan eragina izango zuela. Orain, ofizialki holozenoaren epokan dago planeta, baina «bere amaiera zein izango den zehaztu gabe dago oraindik». Horregatik, Zearretak parte hartzen duen taldeak ardura hori ere izango du: holozenoaren amaiera eta antropozenoaren hasiera zein izango den zehaztea.

Horretarako, ebidentzia zientifikoak edo aztarnak bilatzen ari dira mundu osoan, eta, Zearretaren ustez, horiek topatuta leudeke. 1945etik aurrera, mundu osoan zehar 500 leherketa nuklear egin zituzten potentzia militar handienek hainbat urtetan. Horren eraginez, atmosferan isotopo erradioaktiboak zabaldu ziren, pixkanaka lurrera jaitsiz. Sedimentuak ikertzen hasita, zientifikoak jabetu dira isotopo erradioaktibo horiek agertzen direla han, eta mundu mailan, modu globalean.

Izan ere, denbora geologiko bat zehazteko garaian, aldaketa hori munduan modu orokortuan gertatu izana oso garrantzitsua da, Zearretaren arabera: «Aurreko denbora geologiko guztietan, aldaketa hori aldi berean gertatu zen, eta, kasu honetan ere, hala izan behar da». Horregatik, orain arte antropozenoaren hasieraren proposamenak ez dira baliagarriak, haren ustez. Hasieran, Neolitikoa ezarri zen antropozenoaren abiapuntu, orduan hasi zelako gizakia nekazaritza eta abeltzaintza garatzen, eta uste zenagatik, horren eraginez hasi zen gizakia mundua aldatzen. «Baina aldaketa hori oso modu irregularrean gertatu zen mundu osoan, beraz, ezin da garai geologiko baten abiapuntu izan». Gauza bera gertatu zen hurrengo proposamenarekin ere, Industria Iraultza ezarri nahi baitzen antropozenoaren abiapuntu gisa, baina hori ere modu irregularrean jarri zen martxan mundu osoan.

Orain, azelerazio azkarra esaten zaion garaia dute begiz jota. Hau da, XX. mende erdialdetik aurrera munduan garai bertsuan gertatu diren biztanle kopuru, kontsumo eta ekosistemen hazkundean. «Isotopo erradioaktibo horien presentziak epoka horren hasiera berma dezake».

Garai geologiko bakoitzak, ordea, mundu mailan garai hori ikertzeko harkaitz batzuk zehaztuta dauzka, eta orain horien bila ari da Nazioarteko Antropozenoaren Taldeko kideak. Alde horretatik, Nikole Arrietak egin duen ikerketa interesgarria dela dio Zearretak, sortzen ari den jakintza horren parte delako. «Orain inork ez du zalantzan jartzen antropozenorik dagoen ala ez, soilik epoka geologiko bat izateko adina meritu duen ala ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.