Entziako eta Iturrietako mendien iparraldeko magalean, Araba ekialdeko lautadaren erdian, Alfontso X.a Gaztelako erregeak eraikitako hiribildu bat dago. Nafarroako eta Gaztelako koroen arteko liskar askoren motibo izana da Agurain, duen kokaleku estrategikoagatik. 1256an sortu zenetik, interes handiko herria izan da.
Agurain izen bereko koadrilako hiriburua da. Ekialdeko lautadako bost herriz osatua dago koadrila: Agurain, Arrizabalaga, Egileor, Alangua eta Opakua.
Esan daiteke iragana eta oraina uztartzen jakin izan duela eskualde horrek. Alde zaharrak gaurdainoko historiaren isla begi bistan dauka. Adreiluz eta egurrez eginiko etxeak eta harrizko kale estuak eremua inguratzen duen harresiak babesturik daude, bere barnean denbora geldirik egongo balitz bezala.
Herriaren bihotzera hegoaldetik sartuz gero, Erregearen Atea deituriko bidetik barneratzen da alderik historikoenera. Donibane plazara helduta, Erdi Aroan kokatuko da bisitaria, antzinako etxe eraberrituen estilo eta forma nahasketak eta eraikinen karrerapeetako zutoin handiak ikusita. Kaleko babesleku horiek eguraldi txarreko egunetan asteroko azoka egiteko erabili izan ziren iraganean, gaur egun asteartero bezalaxe.
Joan den mendean, herriak zeramikagintzan izandako garrantziaren adierazle, koloretako azulejuak ikus daitezke alde zaharreko hormetan, iraganeko eskulanen balioaren adierazgarri, Dimas Ugarte herritarrari omenaldi eginez.
Donibane plazan, XVI. mendeko SanJoan eliza atzean utziz, beste hiru kale hasten dira. Ezker aldetik, Zapatari kalea. Bertan, eraikin gorri eder bat ikusten da; herriko udaletxea berau. Herriko etxearen barnean babesturik, eraikinik zaharrena dago; XIII. mendeko San Martin baseliza, besteak beste.
Kale horren paraleloan, Kale Nagusiak goitik beheranzko ibilbidea markatzen du, eta, eskuineko aldean, Harategi kalean jendearen joan-etorria nabaria da. Harresiaren barneko ibilbideek iparraldeko muturrean egiten dute bat, Andra Maria elizaren aurrean.
Historiaurrera jauzi
Mugarriz kanpora ere, denborarekin jolas egiteko aukera ezin hobea ematen du Agurainek. Hiribilduko auzuneetatik urrunduz, Erdi Arotik historiaurrera egin daiteke jauzi.
Arrizabalaga auzoan, esaterako, Sorginetxe trikuharria bisitatu liteke. Antzinako artzainen izanaren aztarna andana daude Agurainen inguruetan. Entzia mendilerroan, esaterako, Mendiluzeko cromlecha eta Itaidako menhirra daude.
Harresiaren babesean, denbora geldirik edukita, aurrera egiten jakin du Agurainek.
Denboraren harresia
Euskal Herriko txokoak. Agurain Arabako ekialdeko lautadan dago udalerria, eta iragana bizirik dauka harrizko kale, harresi eta karrerapeetako zutoin handiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu