Espaziora joateko azken frogak egiten jardun du Josu Feijook (Gasteiz, 1965) Errusiako Yuri Gagarin Cosmonaut Training Centerren. Otsail edo martxoan espaziora joaten lehen diabetikoa izango da.
Lurrean edo estratosferan, non kokatzen duzu zeure burua?
Bietan. Alpinista profesionala naiz hortik bizi naizelako, baina oihartzun mediatikoa galtzerakoan ere mendizale izango naiz. Hizlari profesionala ere banaiz, hitzaldiak ematen ditut motibazioaren eta lidergoaren inguruan. Astronauta bizitza osoan izango naiz, munduko 850. astronauta, hain zuzen. Etorkizunean? Beste ihesbide bat bilatuko dut.
Txikitan astronauta izan nahi al zenuen?
Beti izan dut astronauta jantzia jartzeko ametsa. Zientifikoki frogatuta dago segundo batez behintzat denok amestu dugula astronauta izatearekin. Baina denboraren makina izanez gero, ez nintzateke espaziora joango.
Ametsa amesgaizto bihurtu zaizu orduan.
Positiboa da frogak pasa ditudalako; soilik munduko ehun lagun inguru iristen dira froga horiek pasatzeko. Baina geratu zaidan gorputzaren ondoren... Ez dut berriro egingo, eta jakin izango banu, ez nintzateke berriro aurkeztuko.
Zer da ba horren gogorra?
Zentrifugagailuak, hegaldi parabolikoak, igerilekuko probak... Munduan zentrifugagailu gehien egin dituena naiz, bederatzi. Hegaldi parabolikoetan, berriz, mikrograbitatea simulatzen da, eta probatzen duten guztiek botaka egiten dute. Igerilekuarena da gogorrena: 54 lagunek besterik ez dugu egin. Igerilekuaren azpira jaitsi behar da, 125 kiloko astronauta traje batekin.
Garesti aterako zaizu ametsa, edo zaie, hobe esanda.
Oso-oso garestia da; nik sei urte daramatzat, eta milioi erdi dolar baino gehiago. Zorionez, dena enpresa pribatuek ordainduta. Lortu ditudan emaitza onengatik Errusiako agentzia espazialera gonbidatu naute hilabetez, esperimentu batzuk egitera.
Pribilejiorik izan al duzu gainerako astronauten aldean?
Agentzia espazialak jende arruntari baino gehiago eskatzen dit. Bizitzak zangotraba jarri dit, gaixotasun kroniko bat, baina gizarteak zangotraba gehiago jartzen dizkit, eta ezin dut sinistu agentzia espazialak gainerakoei baino froga gogorragoak jartzea.
Ez duzu inoiz erorikorik izan?
Gezurra badirudi ere, bederatzi hilabete deprimituta eman nituen. 23 urterekin egin nuen debuta alpinista moduan, eta adin horretan nahi duzuna da atera, edan, dantza egin eta nesketan aritu. Jendea dago diabetearentzat bizi dena, eta ni diabetearekin bizi naiz. Espedizioetako nire laguna da. Hasieran mugei aurre egiteko desafioa jarri nion neure buruari, eta irabazi egin dut.
Errentagarri atera zaizu gaixotasuna.
Ez dut ukatuko: bizitzak jarri didan gaixotasun hori errentagarri bihurtzen jakin dut. Diabeteari esker enpresa pribatuek babesa ematen didate aurretik neuzkan ametsak lortzeko. Ez nintzen kikildu, eta aurrera jarraitu dut.
Sendabiderik balego, akabo pagotxa.
Espero dut zorionekoa izatea eta ez hiltzea diabetikoa izaten. Diabetikoak zelula amekin egindako ikerketen menpe gaude transplanterako, eta elizarekin eta eskuinaldeko politikarekin topo egin dugu, eta traba asko jarri dizkigute. Bada jende katolikoa eta eskuinekoa diabetikoa dena; beraz, harriak botatzen ari dira euren teilatuaren aurka. Hala ere, dugun bizi-kalitatea normala da.
Umoretsua eta borrokalaria izateaz aparte, nolakoa da Josu Feijoo?
Nahiko bakartia naiz; oso lagun onak ditut. Eta saiatzen naiz lagunekin uneak pasatzen, baina ez urtean askotan. Oso gustura nago bakarrik nagoenean. Urduria, anbiziotsua eta konstantea ere banaiz. Roletik ateratzen naizenean oso pertsona normala naiz. Nire bizitzan bide orri bat dut markatua, eta oraingoz ez naiz milimetro bat ere hortik atera.
Alpinismoa, beraz, jada ez dago bide orri horretan.
Goi mendizaletasuna utziko dut, eta buruan bestelako ideiak ditudanez, elkarte bat sortu dut: Diabeticos sin Fronteras. Urtero hiru neska eta hiru mutil gazte diabetiko eramango ditut Everesteko beheko kanpalekuraino, erakusteko diabetikoa izanda eta ni bezala eliteko kirolaria izan gabe, ondo kontrolatuta egonez gero edonork egin ditzakeela espedizio txikiak.
Zu gabe ere, alpinismoak jarraituko du zer esana ematen Gasteiz inguruan.
Juanito Oiarzabalez ari bazara, alpinista ikaragarria dela uste dut. Inbidia izateko moduko curriculuma du, eta ez bakarrik 8.000koetan. Uste dut haren aurka egiten diren kritika asko bidegabekoak direla. Ez du merezi. Jendeak inbidiagatik hitz egiten du gaizki.
Josu Feijoo
«Denboraren makina izanez gero, ez nintzateke espaziora joango»
Alpinista, astronauta eta hizlari profesionala da Feijoo. Bizitza aldatu zitzaion 23 urterekin diabete kronikoa atzeman ziotenean. Hala ere, mugei aurre egin die, eta txikitatik zituen ametsetako batzuk ere bete ahal izan ditu diabeteari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu