Betiko garai onenak dira. Udaren bihotzean ez dago begirada zauriturik Zegamako (Gipuzkoa) plaza (eta kale) desolatuetan. Korrikazaleen gerla mehatxuak airean bidali, eta 42 kilometroko ibilbidearen justizia geure larruan sardezkatzera goaz: denboraren orratzak plegatuta, presarik gabe, bi egunean egin asmo dugu Zegama-Aizkorri maratoi ezagunaren ibilbidea. Bake eta on. Apolo laguna bizi zeneko plana. Geu ez gara hemengoak, ez gara orain hain hedatua dagoen homo ternuas espeziekoak. Ibiltariak gara, mendian, bertsolaritzan eta bizitzan. Inor ez dabil galdez, noiz ote garen Hertzainak-en garaiko haurrok itzuliko: abuztua da, unean unekoa bizitzera abiatu gara hirukotea, puntu horiz ezin hobe zedarritua dagoen ibilbide sonatuan, motxila astunen aginduetara. Goizeko hamarrak dira, Zegamatik (296 m) Otzaurteranzko lehen maldan gora abiatu garenerako. Egun luze bi aurretik, denboraren orratzez libro. Aizkorriko mendilerroa zelatan dugu, zain.
Egarri ankerraren aldapa
Gure ibilbidean mugarri argiak dira iturriak. Hiru. Lehen 6-7 kilometroetan Otzaurteko gainera (655 m) garamatza bideak, aldapak, gehienak pinudi artean. Hango benta eta, batez ere, iturria ditugu begiz joak, Bentan garagardoa eskatu arren. Maratoiaren lehen bost ekitaldietan parte hartutako goierritarrak gomendio batzuk eman dizkigu: utikan mendiko botak, gora zapatilak, zaindu ura. Egarri ankerrik ez dugu nahi, ezta gehiegizko pisurik ere: hurrengo hamar bat kilometroetarako bizpahiru litro ur hemen hartu ditugu. Aldapa hotz edo, bederen, fresko zena, berotzen ari da (geu bezala), eguzkiak ere gora egin ahala (geuk bezala). Gipuzkoan gaude, Nafarroa Garaiaren muga-mugan, Araba tarteko helmuga.
Otzaurten errepidea eta parke naturalaren sarrera zeharkatu bezain pronto, ezkerreko xenda batetik gora doaz gure puntu horiak, erabiliagoa den pista eskuman lagata. Beunderantz (830 m), pagadia eta basurdeen arrasto nabarmenak, tarteka Beriain ezkerretik eta Aratz eta Aizkorriren ikuspegiak eskumatik. Egun-pasa Beundera etorritakoak behiak bezain lasai daude, larrean edo egurrezko aulkietan etzanda. Baina Arabako hirugarren gailur altuenera iristeko, Urdalur urtegiari edaten ematen dion Anarri errekaraino jaitsi behar da lehenik. Ibilbidea maratoiaren arrastoan egitearen ajeak. Berau gurutzatuta, pagadi freskoak, irasail beroak eta ehiza-postu mutuak txandakatu ditugu. Bertsoren bat ere bai, tarteka. Bertsoa baita, mendiaren aurretik, osatzen dugun hirukotearen lokarria.
Atabarratetik aurrera, pagadi eta kareharri nahaskia. Borobil horiz josi bide bihurriak gorabehera dezenteak ditu ezkutaturik. Handiak baino, ugariak. Bidea galtzea zaila da, bidean galtzea samurra. Aratzarte inguruan, Kilian Jornet agian izerditan hasiko den puntuan, nekea nabaria da, eta hirukote umezurtzaren ilara, trena, izerditan blai doa, Otzaurten betetako kantinplorak lagun. Tarteka mokadutxo bat ahoratuz, majo kostata bada ere, basoa atzean utzi eta larrera atera gara. Aratzen harrizko uztaiak gurutzatuz, Olinpokoak balira bezala, tontorrerainokoa osatu dugu (1.443 m). Zozo bat izan dugu hementxe zain. Arabako zozoa izango zen, arabazozoa ez, bere beltzean. Eta 17. kilometroa ere ez zen aparte, borobil horiz margotua.
Gailurrera pasaitar korrikalari bat heldu da. Hantxe kontatu digu aurten maratoia egin zuela. Eta entrenatzen ari zela laino artean galdu eta Araiara iritsi zenekoa ere bai; autoa Zegaman utzia zuela. Bere emazteak ere gogoan omen du. Gaur, ordea, Araia, Zalduondo, Agurain eta Larrea begien bistan ditugu; Baio zaindari dutela. Oskarbi. Goiko patxadatik, erromatarra ez den galtzadakora jaitsi gara. Donejakue bideko gezi horien kontrako zentzuari ekin aurretik, iturri zaharreko ur berria dugu ezinbesteko lagun. Bigarren iturria, gauean zopa izango denaren giltzarri. Egarri ankerra hil, San Adrian tunela gurutzatu, eta behi euskaldunen memorian iltzatuta gelditzeaz gain, Sancti Spirituko aldapa hotzari ekin diogu: Aizkorriko gaineraino ez da ez bertso, ez oin ez hitz erdirik ere. Denboraren orratzak plegatuagatik, lana beltz egin behar aldatz honetan gora. Zegamatik irten eta hamar ordura iritsi gara gailurrera. Maratoilariek zortzi orduko muga dute ibilbide osoa egiteko. Aitaren eta semearen.
Aizkorri hotelean
Aterpeak txukun, gozo hartu gaitu, 1.528 metroan. Zorretan gaude hotela eraiki eta zaintzen duten zegamarrekin. Gaurko maratoi erdia amaitu da, eta berriketarako tartea zabaldu. Ilunabarrak ez du preziorik: jana, edana eta bertsoren batzuk ere joan dira, lainoa hedatu ahala. Puntako saioa. Aizkorri hotelean, oinak izarretan jarri eta puntuka aritu gara. Azken orduan hiru neska gazte batu zaizkigu porlanezko ohatzera, ordiziarrak bi, zaldibiarra bestea. Goitik geure zurrungak entzuten hasi aurretik, aurten maratoia egindako ordiziarrak argi esan digu: bihar Urbiako Fondara bidean Oltzako «tontobuelta» saihestu ezazue. Maratoia bera nahikoa «tontobuelta» ez balitz bezala!
Laino guztien gainetik, Room-service-ak egunsenti gogoangarria ekarri digu. Aizkorri hotelekoak ez du preziorik, ezta izar mugarik ere. Zakuak motxilaratu, eta Aketegi-Aitxuri-Irauleko zerra-hortzetan jokatu dugu geronen hortzeria, 1.500 metroen bueltan, eguzkiari epeltzen hasteko betarik eman gabe. Adinak dakarren gainbehera baino dexente bortitzagoan, Arbelaitzi begiratuz, Oltzara iritsi gara. Maratoiaren ibilbideko 25. kilometroan gaude. Urbiako Fondako kafe usaina eta tontobuelta-ren lehian ez da kolorerik izan. Lainoek ez dute usainik; kafeak bai. 2026an mendea beteko du Fondak; gosariak geu ere mendean hartu eta bete gaitu. Ruper honi eta konpainiari ere zerbait zor diogu horratio. Siestodromoa beste baterako lagaz, ibilbideko hirugarren iturriari kendu diogu berea. 1.100 metroko garaieran gaude, eta jende pixka bat badabil, Arantzazutik etorritako artaldekoak. Artaldeak eta ardiak aparte utzita, aldapa berri bat zain dugu.
Andraitzerako errekastoan, saiak lanean jardun dira. Barruak hustutako zaldia uretan datza. Geu ere husten hasiak gara, baina ez dugu oraindik dena eman. Andraitzeko lepoan gara (1.360 m), 31. kilometrora iristear, baina hau ez da amaitu: bukaeraren hasiera da. Baita laino itxiarena ere. Eguzkiari agur esan, eta pagadiak lainoa trinkotuta irentsi gaitu. Hezetasuna paisaia bezain itzela da. Ez dirudi abuztuan gaudenik. Potojorran Komandoak puntuka ekin dio beheranzko bideari. Maratoilariei «hori egina zagonk» oihukatzen dieten puntutik, dozena bat kilometrora dago Amanecer en Zegama-ren egile Juan Telleriaren jaioterria. Eguzkiari aurpegirik ikusi asmorik gabe abiatu gara, motxilak gero eta astunago bihurtzen dituen maldan behera. Haizeak errotik ateratako pago batzuk ikusi ditugu. Apolo laguna ere hala lapurtu zigun haizeak duela lau urte. Gugan daramagu, ordea, denboraren orratzen plegutan.
Otzaurteko korrikalari beteranoak abisua emana zigun: «Andraitzetik aurrera guztia ez da beherantz!». Gehiena bai, ordea. Hasteko, Urola ibaiaren arrotik Oriarenera iritsi egin behar da. Mila metro pasatxoko jaitsieran, ogia (eta, zelan ez, txorizoa) beharraren premiak sabeletan handitzen doaz. Zerainen bazkaltzeko modua emango digu goizean goiz abiatu izanak. Gai jartzailea mahai jartzaile izan dadila. Ari garela, ari garela, borobil horiak laguntzaile zintzo, mendiko paisaia zena baserri giroko bihurtuz doa pixkanaka. Zegama zain dugu, atzo bezain lasai, baina ez desolatu. Lainoek ez digute gaur mendilerroa ikusten ere uzten. Gezurra dirudi hainbeste mila metroko desnibela zein erraz kendu digun begi bistatik. Ez dira betiko garai onenak, baina, zer gerta ere, begi niniek esaera zaharra moldatu digute: Aizkorri hotelean eta Zegaman, gauaren bueltan ikusiak etxera eraman. Sega-potoek memoria zorroztuko digute. Ibilbide gogorra izan arren, denboraren orratzak plegatuta, luze iraungo digu txango honen oroimenak. Homo ternuas nagusi den eremuan, Maite Maioraren pare ibili beharrik ez da. Barrita energetikorik eta lasterka egin barik ere, edo agian horrela bereziki, Zegama-Aizkorrik merezi du. Konpainia doblean eta noblean bada, are gehiago.
Etzi: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II): Maroko.
Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Zegama-Aizkorri.
Denboraren orratzak plegatuta
Egun luze bi, denboraren orratzez libro, hiru lagun Zegama-Aizkorri maratoiaren bideko 42 kilometroak egiteko, uda betean, abuztuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu