Aitortu beharra dut, beste ezer baino lehen, ez dudala Página 2 ikusten. Literaturazale batek literaturari buruzko telebista saio bat ez ikustea ez dakit seinale txarra den, edo oso txarra. Tira, egia osoa aitortze aldera, ez dut Página 2 ikusten modu erregularrean, egun-ordu jakin batean gustuko telebista saio batekin egiten dudan bezalaxe. Baina tarteka harrapatu izan diot zatiren bat edo beste, interesekoa zaidala uste dudan zerbait eman dutenean. Eta igandean bazeuden, gutxienez, bi gauza: batetik, Isaac Rosa idazle espainiar eta, hala ere, interesgarriarekin elkarrizketa; eta, bestetik, La vie d'Adèle filmearen aurrekari literarioari buruzko erreportajetxoa.
Baina aurretik ere izan dira beste batzuk. Adibidez, Harkaitz Canori Twist nobelaren harira Donostiako Trinitate plazan grabatu zioten tarte gogoangarri hura. Elkarrizketa berez izan zelako aski ona; baina batez ere gainditzen zuelako Canok berak elkarrizketan aipatzen zuen erreparo hura, nik zuzenean Espainia aldeko hedabideen aldetiko hutsunea deituko nukeena. Salbuespenak salbuespen, noski. Página 2 hori, luze gabe. Ez ahazteko moduko beste elkarrizketa bat izan zen beste idazle donostiar bati egindakoa, Dolores Redondori. Kasu hartan, motibo erruz diferenteengatik: besteren gainetik elkarrizketatuaren interbentzio brilianteagatik. Bere liburuak —titulua ez dut gogoratzen, saiatuta ere— magia daukala, freskura, pertsonaia zoragarri bat, istorio inportante bat. Baztanek pertsonaia kategoria hartzen duela nobelan. Mitologia, euskal haur askori bezala, amonak transmititu ziola, ze suertea, supazterrean, gaztainak erre artean, txipli txapla pum. «Los basajauns, las sorgiñak, las lamias —azentua lehen silaban— que se peinaban al lado del río», you know. Eta elkarrizketa guztia horrela. Falta izan zitzaion esatea, bakarrik, lainoa idazten saiatu zela. Liburua berehala irakurtzeko sekulako gogoa sartu zitzaidala, alegia. Beldur bakarra daukat: gisa horretako liburuek fenomeno berezia sortzen dutela azkenerako, turismo literarioa. Gaixo baztandarrak.
Baina hori da eremu konkretu bat hunkitzen duten telebista saioen arriskua: batekin ongi geratu nahi —adibidez, literaturazaleekin—, bestearekin ongi geratu nahi —ad0ibidez, literaturaren ez hain zaleekin—, azkenerako ez ote diren denekin gaizki geratzen.
Komunikazioa. Ekografiak
Denekin gaizki geratzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu