Maitane Ormazabal Larzabal. Antolatzaile profesionala

«Denok behar dugu ordena minimo bat»

Ordena eta antolaketa norberaren zaintza eta ongizatea lortzeko tresna gisa ikusten ditu Ormazabalek. Hamaika telebistako 'Txukuntzen' saioan ematen du horren berri.

IDOIA TELLERIA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Asteazkenero ematen dute Hamaika telebistan Txukuntzen(12:20). Bost-hamar minutuko bideoak dira Maitane Ormazabal Larzabalenak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1979). Antolatzaile profesionala da, txukuntzen.eus-en sortzailea. Armairuak eta mahaigainak ez ezik, hitzak eta ideiak ere ongi ordenan jartzen ditu.

Nola sortu zen saioaren ideia?

Hamaikako komunikazio eta marketin arduraduna ezagutzen dut, eta ideia proposatu nion, pentsatzen nuelako bazela garaia telebistara ere gai hauek eramateko. Asko gustatu zitzaien. Segituan harrapatu zuten asmoa. Esperientzia bikaina ari da izaten.

Ari da jendearengana iristen?

Gehiago edo gutxiago, denok daukagu antolaketa baten beharra, ordena minimo batena. Bakoitzak erabaki behar du zenbateraino, baina bizitzaren arlo guztietara zabaltzen den gai bat da.

Zuk planteatzen duzuna: ordena barrutik eta ordena kanpotik. Baina zein da ordena?

Eskutik doaz. Ez du zertan hala izan, baina, normalki, pertsona kaotiko batek bere ingurua ere nahiko kaotikoa izaten du; eta alderantziz. Naturaltasunez adierazten saiatzen naizena da ez dugula zertan perfektuak izan, honek ez du perfekzioarekin zerikusirik. Ordenak lagundu gaitzake hobeto sentitzen momentu kaotiko batean, laguntzen digulako gauzak hobeto ikusten.

Zer da filosofia minimalista?

Minimalismoa, korronte moduan, esaldi batean laburbiltzen da: gutxiago gehiago da. Azpimarratzen du sinpletasunaren eta gutxiago edukitzearen garrantzia, gutxiago edukita balio handiagoa ematen diozulako daukazun horri, eta gehiago zaintzen duzulako. Hori guztia autoezagutzatik hasten da: nork bere burua ezagututa, orduan jakiten du esaten «hau bai, eta hau ez».

Eta tolestaketa bertikala?

Ordenaren guru batek sortutako kontzeptua da, Marie Kondorena. Asko gustatzen zaizkit japoniarrak, sistematizatzen dituztelako prozesuak, eta horrek asko laguntzen du. Espazioen optimizazioari buruzko kontzientzia handia daukate. Nahiz eta, horren karratuak izate horretan, bestelako arazoak ere izaten dituzten. Finean, Kondok jarri zuen modan tolestaketa bertikala duela lau bat urte, eta oso lagungarria da gure bizitzako arlo askotan: armairuetan, dokumentazioan, jolasetan...

Adibiderik?

Guk elastikoak orain arte bata bestearen gainean jarri izan ditugu tolestuta. Horrela, normalean, goiko partean gelditzen diren elastikoak erabiltzen dira, nagia ematen digulako behean daudenak hartzeak eta berriz denak ordenean jarri beharrak. Tolestaketa bertikalarekin, gauzak goitik ikusten dira, eta errazagoa da aukera egitea, daukazun guztia ikusten duzulako. Espazioa optimizatzen da, baina dena ez da bertikalki tolestu behar. Horri buruz ari naiz egun hauetan Hamaika telebistan.

Zenbat aldiz esan dizute perfekzionista zarela?

Ez dauka zertan inork esan: neronek esaten diot neure buruari. Gaztetan izan nituen garai gogorrak perfekzionismo horrengatik. Urteak daramatzat galbahe lanak egiten, eta perfekzio horren bi puntu azpitik gelditzen, zeren perfekzioa ez da existitzen, eta, gainera, oso kaltegarria da.

Pandemiak agerian utzi du inguru ordenatu baten beharra?

Jende askori gertatu zaiona izan da, itxialdian bereziki, konturatu dela bere etxea nola dagoen. Normalean, ez dugu pasatzen ia denborarik etxean, baina itxialdian jende askok kolpe handi bat hartu du errealitatearekin. Eta hasia da ordenari eta antolaketari garrantzi handiagoa ematen.

Eta zu bezalakoak daude horretan laguntzeko.

Nik beti esaten dut minimalismoaren komunikatzaile bat naizela. Maximalista bat izan daiteke antolatua, gauza asko eduki eta ongi antolatu, baina orduan eta gauza gehiago eduki, orduan eta denbora eta energia gehiago behar duzu gauzak ordenan edukitzeko eta antolaketa sistemak sortzeko.

Euskal Herrian nola gabiltza ordena kontuetan?

Esan dezakedana da gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola, eta gero eta ikusgaitasun handiago duela antolatzailearen lanak. Dagoeneko, ez gaituzte dekoratzaileekin-eta konfunditzen, hasi gara bidea egiten, oso berria baita gure jarduera. Tamalez, emakumezkoek izaten dute interes handiagoa. Hori da joera, eta hautsi nahi nukeena. Espazioek ez baitute generorik. Modu batera edo bestera, denok jakin beharko genuke gure espazioak antolatuta edukitzen, geure burua zaintzeko eta ongizatea lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.