Bi esku eta buru bat. Bertzerik ez da behar errebelak egiteko. Hori uste du, behintzat, Jesus Reolid luthierrak (Grao de Gandia, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1957). Gaurtik eta igandea bitarte, Erdi Aroko musika tresna hori egiten irakasteko mintegi bat zuzenduko du Obanosen, Obanosko Misterioa fundazioaren eskutik. «Denok gara eskulangile; denok dugu gure eskuekin lan egiteko gaitasuna; zentzuz jokatzea da kontua, bertzerik ez».
Maisuaren azalpenei kasu egiteak ere laguntzen du, noski. Eta Reolid, musika tresnen esparruan, maisu da. 1985. urtean hasi zen luthier lanetan, «kasualitatez». Hasieran afiziotzat zeukana lanbide bilakatu zuen, denborak aurrera egin ahala. Lagun baten dendan hasi zen saltzen egiten zituen musika tresnak. Lantegi bat du orain, Madrilgo Pelayos de la Presa herrian. Valentzian jaio zen, baina Mostoles izan zuen bizitoki txikitatik, Madrilen. Azken zortzi urteak, ordea, lantegia duen herrian eman ditu. «Herri txikia da, lasaia. Eta hori behar da nire lanbidean aritzeko. Egia erran, denok ikasi beharko genuke lasaiago bizitzen».
Lasaitasuna maite du Reolidek, eta horixe aurkitu du luthierraren lanbidean. Gozatzen du egurra lantzen eta landutako egur puskekin musika sortzen. Gozatzen du, halaber, Erdi Aroko ikonografiari so, orduko musika tresnen planorik ez dagoenez, haien irudiak izaten baitituzte luthierrek oinarri. «Ikusten ez dena asmatu egiten dugu», aitortu du. Hau da, Erdi Aroko egungo musika tresnek egungo eskulangileen ukitua badutela.
Luthier bakoitzaren ukituak, gainera, berezi bilakatzen ditu haren tresnak. Reolidek hainbat egiten ditu bere lantegian, ez bakarrik errebelak. Kalakak, biolak eta antzeko bertze zenbait ere bai. Aste bat eman dezake hainbat tresna lantzen; hilabete luzea bertze zenbaitekin.
Gaur hasiko den ikastarorako, hain zuzen ere, lana aurreratua du Reolidek, hiru eguneko tartean denek beren musika tresna amaitzeko aukera izan dezaten. «Kaxa eginda eramanen dut. Ikasleek, beraz, estalkia jarri beharko dute, bai eta diapasoiak, kabilak eta bertzelako osagarriak ere».
Sei pertsonak eman dute izena mintegian parte hartzeko. Reolidek argi utzi du zura lantzen esperientziarik ez dela behar berarekin errebela egiteko. «Denok dugu tresna bat egiteko trebezia; eskuekin lan egiteko aukera izatea da kontua». Eta horixe eskainiko die Reolidek sei ikasleei, beren gaitasunak erakusteko eta garatzeko aukera.
Duela hamabost urte hasi zen luthierra halako ikastaroak egiten, eta esperientzia aberasgarria dela azpimarratu du. «Politena musika tresna jotzeko lehendabiziko unea da. Ikasleak beraiek sortutako tresna batekin musika egiteko gai direla konturatzen dira, eta aurpegian igartzen zaie horrek eragiten dien emozioa. Zoragarria da hori».
Gaur hasiko da errebela egiteko ikastaroa, 18:00etan. Obanosko Misterioa fundazioak lehendabizikoz antolatu du, baina kontent dira elkarteko arduradunak izan duen erantzunarekin. Bihar eta etzi goiz eta arratsaldez ariko dira ikasleak Reolidekin lanean. Errebela bukatzea da kontua. Eta jotzea. Norberak sortu duen tresnarekin musika sortzea.
Denok garelako eskulangile
Jesus Reolid luthierrak errebelak egiten irakasteko mintegi bat hasiko du gaur Obanosen; halako lanetarako trebezia denok dugula uste du, aukera behar dugula erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu