Gizaki izateari lotua dago sexualitatea: bizi osorako da, eta heriotzak baino ez du hura desagerrarazten. Estereotipoek, baina, kalte handia egin diezaiokete. Bilboko Borobil zentroko sexologo eta gerontologo Lola Gonzalezek (Bilbo, 1975) oroitu duenez, sexualitatea askotarikoa da, eta ez dagokio sexu harremanei bakarrik. Joan den astean, 60 urtetik gorakoen sexualitatearen inguruko tabuak hautsi zituen Gonzalezek Abadiñon (Bizkaia), hango udalak eta Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak antolatutako hitzaldi batean.
Sexualitatea frustrazio iturri izan ohi da adinekoentzat? Aldaketa fisiologikoak daudelako, desira moldatu egiten delako...
Sexualitatea eremu oso zabala da; topaketa erotikoak, beste horrenbeste. Sexologia oso zientzia ezezaguna da, eta eremu zabal horren barruan kutxatxo bat baino ez dira sexu harremanak. Frustrazio iturri izan daitezke, bai, baina edozein adinetan bezala. Desira dinamikoa da, alda daiteke, baina bizitzako etapa guztietan dago.
Uste da adinean gora egin ahala desira desagertuz joaten dela?
Uste hori dago, baina sexologian beste modu batean ulertzen dugu desira: ez gauza espontaneo baten gisara, baizik eta emozio baten gisara. Guztiok ditugu emozioak, eta aldagai askoren araberakoak dira. Aldaketa fisiologikoek eragina izan dezakete, baina ez dute zertan desira apaldu.
Zuek nola lantzen duzue?
Ulertzen dugu adinekoen artean ugariak direla zirkunstantziak, sexualitateak, eta hura bizitzeko manerak. Eta, horrez gain, erotika mota asko daude, askotariko topaketa sexualak. Zera helarazten dut hitzaldietan eta saioetan: bakoitzak bere sexualitatea duela, eta horren araberakoa izango dela erantzuna.
«Une oro jasotzen dugu hezkuntza sexuala: izaki sexudunak garen heinean, etengabe ailegatzen zaizkigu nola izan, nola sentitu eta nola eraiki baldintzatzen duten mezuak»
60 urtetik gorakoak kontsultara joan ohi dira?
Etortzen dira, baina ez asko. Beste adin tarte batzuetan gehiago izaten dira.
Belaunaldi horiek jaso zuten hezkuntzak sexualitatea ezkutatu edo, are, gaitzetsi egiten zuen. Orduko horrek eragina izan dezake hainbeste urteren ondoren? Galarazi egiten die laguntza eskatzea? Kontsultara joatea, adibidez?
Bai. Hain zuzen, hitzaldietan eta tailerretan gai hori ere lantzen dugu: behatzen dugu zer-nolako hezkuntza sexuala jaso duten. Orduko hezkuntza tabuan oinarrituta zegoen; eta oraingoa? Une oro jasotzen dugu hezkuntza sexuala: izaki sexudunak garen heinean, etengabe ailegatzen ari zaizkigu nola izan, nola sentitu eta nola eraiki baldintzatzen duten mezuak. Orain jasotzen duten hezkuntza sexualaren arabera, 60 urtetik aurrera adinekoak dira jada, eta, beraz, sexualitatea ez da existitzen. Baina adin horretan ere badugu desira, jakin-mina, maitasuna, harreman luzeak edo berriak... Badirudi adinekoa zarenean desagertu egiten direla emozioak, sentimenduak, sentsazioak, bizipenak...
Sexualitatea ukatzeak zer arazo sor ditzake?
Ulertua ez sentitzea. Zure momentuak eta zirkunstantziak dituzunean, errua sentitzea. Emozio desatsegin mordo bat, edozein adinetan ager daitekeena: lotsa, beldurra... Hasieran aipatutako frustrazioa...
«Zahartzeaz hitz egiten digute, esaten digute fisiko jakin bat jada ez dela egokia. Bonbardaketa horren ondorioz, zeure buruari ez diozu kariñoz eta estimuz begiratzen»
Zer garrantzi du autoestimua lantzeak?
Sekulakoa. Adibidez, gorputz autoestimua. Zahartzeaz hitz egiten digute, esaten digute fisiko jakin bat jada ez dela egokia, jada ez dela ederra. Bonbardaketa horren ondorioz, zeure buruari ez diozu kariñoz eta estimuz begiratzen. Ohartu behar dugu gorputzak aldatu egiten direla bizitzak aurrera egin ahala, eta gorputz aniztasun zoragarri bat dagoela. Bizitzako beste etapa baten moduan hartu beharra dago: geure burua ezagutzeko eta onartzeko beste etapa bat, eta onarpen eta ezagutza horretatik abiatuta adieraztekoa.
Sexu harremanei dagokienez, aldaketa fisiologiko batzuek zaildu egin ditzakete praktika batzuk; penetrazioa, esaterako. Komeni da aukerak zabaltzea?
Nik uste dut beti dela garai ona aukerak zabaltzeko, gaztetatik. Sexu harremanak genitaletatik eta penetraziotik harago doaz. Gorputza sentikorra da, baita burua ere; lotuta daude biak. Norberarentzat zer den gogobetegarria, hori da gogobetegarria. Helduaroan, aldaketa fisiologiko batzuek nabarmendu egin dezakete badaudela bestelako harreman motak, baina, aurretik landua baduzu hori, arazorik gabe praktikatuko dituzu. Kontsultan eta tailerretan, ahalegintzen gara koitoa, genitalak eta orgasmoa oinarritik kentzen.
Zahar etxeetan lan egin zenuen. Aintzat hartzen dute egoiliarren sexualitatea?
Ez, inondik inora. Asko gustatuko litzaidake egoiliarrekin dauden langileak heztea. Izan ere, ikastetxeetan irakasleekin lan egiten dugu, haiek dutelako hartu-emana haurrekin eta nerabeekin; era berean, primerakoa litzateke egoiliarrekin egoten direnekin ere beste horrenbeste egitea. Nahiko nuke, halaber, sexologook presentzia handiagoa izatea egoitzetan eta eguneko zentroetan. Adineko autonomoengana heltzen gara, baina ez mendeko adinekoengana.
lotsabako
Adinekoen sexualitatearen inguruko liburu bat?
Azkenaldian, liburu asko ateratzen ari dira klimaterioari eta menopausiari buruzkoak. Baina adinekoen sexualitateari buruzkorik, orokorrean, ez zait bat ere okurritzen.Pelikula bat?
La vida empieza hoy (Laura Maña, 2010).Zahartzaroa bizitzeko gako bat?
Ez dago gako bakarra. Bakoitzak bere erara bizi dezala.