Oscar Zurriaga. Espainiako Epidemiologia Elkarteko lehendakaria

«Diagnostikoaren odisea mugatu liteke adimen artifizialari esker»

Gaixotasunak zaintzapean ditu Zurriagak. Gaixotasun arraroen kasuan erregistroen eta teknologia berrien garrantzia aipatu du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaixotasun arraroak aztergai izan dituzte asteon NUPeko udako ikastaroetan, Iruñean. Asteazkenean Oscar Zurriaga (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1960) prebentzio medikuntza eta osasun publikoko mediku espezialistak gaixotasun arraroen populazio erregistroaren garapenari buruz hitz egin zuen. Valentziako Unibertsitateko irakaslea da, Valentziako Generalitateko Ikerketa Epidemiologiko eta Osasun Estatistika Zerbitzuko mediku espezialista, eta Espainiako Epidemiologia Elkarteko lehendakaria.

COVID-19aren pandemiak lehen lerroan paratu zituen epidemiologoak. Hala ere, gaixotasun asko dituzue begiz joak, ezta?

Zaintza etengabeko lana da arazo bat ekar dezakeen edozein gaixotasunekin. Ez bakarrik transmititu daitezkeenekin; epidemiologian ez gara soilik horiekin aritzen. Gaur, hemen, transmititu ezin diren gaixotasun multzo bati buruz ari gara. Baina ortzi muga are urrutiago dugu, gaixotasunetatik harago: determinatzaile sozialak asko interesatzen zaizkigu, eta orain oso kezkaturik gaude [Espainiako] hauteskunde deialdia dela-eta Osasun Publikoko Estatu Agentziako legearen onarpena bertan behera gelditu baita. Osasun publikoaren zaintzako sarea osatzeko eta garatzeko errege dekretuak ere airean daude.

Zergatik da hain garrantzitsua?

Minbizia zaintzeko sistemak daude; Nafarroan erregistro oso garrantzitsua duzue, urte askotako lanari esker, baina ez da araudi bat ezarri, eta ezinbestekoa da lege babes bat izatea.

Gaixotasun arraroen erregistroez hitz egitera etorri zara. Zer garrantzi dute erregistro horiek?

Beste modu batera zaintzerik ez dauden gaixotasunak zaintzeko manera da. Kasu bat ageri den bakoitzean abisua pasatzea ez da bideragarria; gainera, kasu bakoitza aurkitzen duenaren gogoaren menpe legoke hori.

Informatikak horretan lagunduko zuen, ezta?

Lehen, paperetan biltzen zenez, historia klinikoetan begiratu beharra zegoen. Orain, osasun sistema guziek informazioa beren sistema korporatiboetan gordetzen dute; beraz, askoz ere errazagoa da informazio horiek lotzea: jakitea pertsona honi botika hau eman diotela, kirurgia hori egin diotela edo laborategian emaitza hura atera zaiola. Lehen eskuz egin behar zen lotura hori. Horregatik pasatu gara erregistroaren kontzeptutik informazio sistema integralera. Gaur egun ez da beharrezkoa etengabe abisua ematen ibiltzea, eta horrek sekulako aurrerapena dakar gaixotasun batzuekin lan egiteko.

Bide horretan lagungarria da adimen artifiziala?

Bai, noski. Oraintxe lantzen ari garen bide bat hori da: osasun sistemako gune ezberdinetan dagoen informaziotik abiatuta, gaixotasun arraroen kasuak identifikatzeko aukera. Izan ere, informazio hori elkartuta, adimen artifizialak esan diezaguke esku artean dugun kasua gaixotasun jakin bat izan daitekeela. Ez bakarrik orain dauden kasuekin, baita aurretik egon diren kasuen informaziotik abiatuta ere. Gaixotasunak identifikatu aurretik zer gertatu zen kontuan hartuta, diagnostikoaren odisea mugatzeko aukera izan dezakegu.

Zer da diagnostikoaren odisea?

Pertsona bati sintomak agertzen zaizkionetik edo zernahi arazo hasten denetik diagnostikoa lortu arte pasatzen den denbora. Gaixotasun arraroen kasuan erlatiboki luzea izaten da. Gogoratu dezagun Ulisesen bidaia: ez da toki batetik bestera zuzenean joaten. Gaixotasun arraroekin antzeko zerbait gertatzen da: diagnostikoa oso zaila izaten da, lehenbizi ohikoena den horretan pentsatzen duzulako. Gerta liteke gaixotasuna bereizteko oraindik ezer ez agertu izana, edo sintoma horiek beste hamabost gaixotasunetan ere ohikoak izatea.

Beraz, lagungarria litzateke orain arte gertatu diren kasu guzien informazioa berehala aztertu dezakeen tresna bat.

Dagoeneko bilduta dagoen osasun informazioari esker kasu hauek nola garatu diren identifikatzeko gai bagara, informazio hori bilatu behar izan gabe, medikuari abisatu dakioke pazienteak halako gaixotasuna izateko profila duela, aukera hori buruan izan dezan. Hori zaintza baino gehiago da: diagnostikatzeko laguntza da, baita gaixotasunei aurrea hartzeko, terapiarako eta bizi kalitatea hobetzeko ere.

Gaixotasun arraroen ezaugarri bat da oso jende gutxiri eragiten dietela. Informazio globalagoa izatea garrantzitsua da, beraz?

Noski. Espainiako estatu erregistroan, adibidez, 22 gaixotasunekin lan egiten dugu; hori oso gutxi da. Ez dakigu zenbat dauden, izan daitezke 3.000 edo 7.000, egiten den sailkapenaren arabera. Batzuetan gaixotasun baten kasu bat, bi edo hiru baizik ez daude lurralde batean, baina gerta liteke ere kopuru hori mundu osoko kasuena izatea. Beraz, beste erregistro batzuk baino konplikatuagoak dira hauek, esaterako, minbiziarena baino. Are, minbiziaren erregistroarekin lanean ari gara 1960ko hamarkadatik, baina gaixotasun arraroena XXI. mendean hasi zen. Ez dago inon eredu paradigmatikorik; tokian toki asmatzen ari gara ahal dugun bezala.

Zergatik soilik 22 gaixotasun?

Erregistrora soilik balioztatutako kasuak bidal daitezke. Hori arazo bat da kasu batzuetan, kasu batzuk ezin baitira balioztatu gaur egungo metodologiari jarraikiz. Agian horretan adimen artifizialak ere lagundu dezake etorkizunean. Oraingoz, balioztatzea tapoi bat da 22 gaixotasun horietatik harago ailegatzeko.

Aipatu duzun odisea gogorra izanen da gaitza dutenentzat.

Oso etsigarria da, baina, zoritxarrez, bizitza erreala ez da House telesailean bezala. Ez da interes falta; batzuetan oso-oso zaila da. Arazo bat izan daiteke diagnostiko zehatzean bakarrik paratzen dugula arreta. Begiratu dezakegu modu zabalago batean, diagnostiko diferentzialera joz. Bestalde, gaixotasuna pairatzen dutenek ezagutzen dute hobekien gaixotasun hori, eta hori ez da soilik gaixotasun arraroekin gertatzen. Askotan ongi legoke profesionalek elkarteetara jotzea, laguntza eske.

Gaixotasun arraroak alde batera utzita, nahiko atzenduta dagoen COVID-19ari buruz zer esan dezakezu? Zein da egoera?

Intzidentzia ez da jaisten ari talderik kaltetuenean, 60 urtetik gorakoetan. Udazkenean, arnas aparatuko birusen garaia ailegatu aurretik, pertsona batzuei errefortzu txertoa paratzea aztertzen ari gara. COVID-19aren beherakada argia zen, baina azken asteotan pixka bat igotzen ari da.

Alegia, ez dela desagertu.

Heriotza datuak begiratuta, ezin dugu gaixotasun hau atzendu. Zaintza lanekin jarraitu behar dugu: Peru eta otsoaren ipuinean erori gabe, baina argi izanda ez gaudela 2019ko egoeran.

Gripe baten gisakoa zela esan zutenei zer esanen zenieke?

Ez da gripe bat. Gripalizazioaz hitz egiten zutenean bi gezur zeuden mahai gainean: lehenik, gripea gutxiesten zelako, eta ez da gaixotasun hutsal bat; bigarrenik, COVID-19a gutxiesten zelako, eta ez du beste arnas aparatuko birusek bezala jokatzen. Oraintxe gripea bukatu da; aurten bi uhin izan ditugu, A gripearena eta B gripearena, baina gripe birusa praktikan ez dago, eta SARS-CoV-2 zirkulazioan dago. Oraindik asko dugu ikasteko gaixotasun honi buruz.

Klima aldaketa da osasun arloko beste kezketako bat?

Seguruenik hori da esku artean dugun erronka nagusia. Ingurugiro aferen eragin guziak identifikatzeko gai ez bagara, nekez hobetuko dugu jendearen osasuna. Eragina ikusten ari gara minbizietan, buruko osasunean eta baita istripuetan ere. Iazko uztaileko beroaldiak jende asko hil zuen; gainera, COVID-19 olatuarekin elkartu zen. Meteorologoen arabera, aurten ere uda oso beroa izanen dugu. Prest egon behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.