Iruñeko sanferminak

Dibertimendu bila eta berotik ihes

Aurten ere Runako parkean jarri dituzte sanferminetako barrakak. Adin guztietakoek disfrutatzeko parada dute bertan. Barraketako hainbat langile kexu dira feria hiriaren erdigunetik ateratzeagatik.

Bi emakume eta neskato bat Raton Vacilon errusiar mendian, uztailaren 10ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bi emakume eta neskato bat Raton Vacilon errusiar mendian, uztailaren 10ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Etxandi - Idoia Marin Gerriko
Iruñea
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguerdian, 12:15ean, eguzkiak gogor jotzen du Arga ibai ondoko parkean. Hamabost minutu besterik ez dira igaro barrakak ireki dituztenetik, baina dagoeneko ikus daitezke haurrak gurasoekin Runako parkean paseatzen, zer barrakatara igo erabakitzen. Askok argi dute, eta uretako atrakzioak hautatu dituzte, freskatzeko asmoz. Izan ere, sanferminetako lehenengo egunetan beroak atsedena hartu bazuen ere, indartsu itzuli da azken egunetan. Jendea dabil barraketan, baina, bertako langile batzuen ustetan, geroz eta jende gutxiago joaten da; haien esanetan, kokapenarekin dauka zerikusia, hiriko erdigunetik kanpo daude eta.

«Beldurra emango dit?», galdetu dio urduri mutiko batek aitari. «Ez! Zu oso ausarta zara. Heldu gogor eskulekuari», erantzun dio aitak. Aita-semeak Los Rapidos atrakzioan daude: uraren gainean doazen flotagailuak dira, eta ur zurrutadek haurrak bustitzen dituzte ibilbidean zehar. Nahianek eta Luarrek, 9 eta 4 urteko haurrek, hirugarren eguna dute barraketan, eta haiek ere igo dira Los Rapidos atrakzioan. «Bero gehien egiten duen eguna aukeratu dugu, baina goizean ondo egoten da, ez baitago jende askorik», azaldu du haien amak. Nahiani, bereziki, Mr. Bean-en atrakzioa gustatu zaio: «Oso dibertigarria da. Eraikin bat da, eta hainbat solairu ditu. Eraikina zeharkatu behar duzu, eta tranpak eta oztopoak daude bidean», kontatu du, pozarren.

Tonbola, guztiontzat

Haurrak ez dira barraketara gerturatzen diren bakarrak; helduen geldialdi gustukoenetariko bat Antojitos tonbola da. Hala ere, Juan Manuel Ortega tonbolako langileak argitu duenez, adin guztietako pertsonak gerturatzen dira harengana. «90 urteko jendea ere etortzen da erruletan jolastera, eta haurrei asko gustatzen zaie. Sari asko banatzen ditugu: patineteak, motoak, telebistak...». Bisitarien kopurua maldan behera joan dela azaldu du Ortegak. «Aurten hasiera oso ona izan genuen, 6a igandearekin tokatu zelako, eta jende asko etorri zen. Astean zehar gutxitu da jende kopurua. Espero dugu asteburuan jende gehiago etortzea». Batez ere, arratsalde partean izaten dute bezero gehien. Langilearen hitzetan, gauean oso jende gutxi egoten da: «Lehen, hiriko erdigunean muntatzen genuen feria, eta bizitasun handia izaten zuen. Orain, Runako parkean, hilik geratzen da gauean».

Ortega ez da iritzi hori duen bakarra. Aracelik, Barca Vikinga atrakzioko langileak, uste du aurten iaz baino jende gutxiago dagoela: «Hainbat arrazoirengatik izan daiteke, baina nik uste dut batez ere erdigunetik oso urrun gaudelako dela; jendeak ez du honaino etorri nahi», adierazi du.

Bezeroek, ordea, prezioen igoera nabarmendu dute. 11 urteko Unai eta 7 urteko Arane amarekin eta izebarekin batera etorri dira. Haurren izebak asko antzeman du barraken prezioak garestitu direla: «Duela hiru urte etorri nintzen azkeneko aldiz, eta jada lau eta bost euro artean zeuden». Aurten, sarrera bat sei euro inguru kostatzen da. Jende askok nabaritu du igoera hori. «Nire lagunek esaten didate: 'Ez naiz barraketara jaitsiko, total, dirua gastatzeko…' Kontuak ez dira ateratzen», kontatu du. Hala ere, haren iritziz, haurrekin joatea merezi du. Ondo pasatzen dute haurrek, eta ilusioa egiten die: «Nik ere ondo pasatzen dut, aitzakia da haiekin egoteko. Baina garestia da».

Raton Vacilon atrakziotik atera berri dira Arane eta Unai. Atrakzioan ateratzen duten argazkia ikustera joan dira. «Berriz igo gaitezke?», galdetu diote izebari. Sanfermin hauetan igo diren lehen barraka izan da, eta energiaz beteta atera dira bertatik: «Gustatu zaigu, dibertigarria izan da. Buelta asko eman ditu, baina ez gara mareatu». Hurrengo barraka zein izango den pentsatua dute jada: Canguro Loco, haien gogokoena. Urtero etortzen dira barraketara; beraz, lehentasunak markatuta dauzkate, eta izebak esan die: «Bi barraka bakoitzak; ez du ematen gehiagorako».

Barca Vikingako Araceli jakitun dago prezioen igoeraz. Sevillatik dator, eta gastu asko ditu Iruñera etortzeko eta bertan egoteko. «Prezioak igo dizkigute azken urteetan; beraz, sarrerak ere garestitu behar ditugu. Bestela, ezin ditugu kontuak atera», azaldu du. Hala ere, asteburuan mugimendu handiagoa egotea eta jende gehiago joatea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.