Kostako den lana.Donostiako Ser kateak begietako niniak izan ditu Errenteria, Lasarte eta batez ere Donostiako udalak, aspaldiko urtetan. Udal horien ekimenak, Juan Carlos Merino, Ana Urtxuegia eta Odon Elorza alkateen adierazpenak, horiekin elkarrizketak edo publirreportajeak… ezinbesteko elementuak izan dira Gipuzkoan audientziarik handiena duen irrati horretako programazioan. Herri horiek Gipuzkoako irratigintzan eta oro har prentsan eduki duten aliaturik fidelena izan da Ser katea. Hankaz gora jarri da panorama politikoa ordea, eta hortik aurrera, ikusteke dago nola egokitzen den irrati hori egoera berrira. Astebete besterik ez da pasa, eta digestioa astuna egiten ari zaio benetan; horixe dirudi, behintzat, Madrilgo albistegietara azken hiruzpalau egunotan bidali dituzten udal kronika egiaz beliko eta garraztuak entzunez gero.
Irudimena? Albistegietan gertakarietako protagonisten jatorria aipatzea geroz eta gehiago kritikatu ohi da; arrazismoaren aurkako elkarteen aldetik batez ere. Bada, formula inoiz entzun gabea —kritikei izkin egiteko irudimena?— erabili zuten lehengoan Radio Euskadiko albistegi batean, etxetik ustez ihesi zihoala balkoitik hil zen Bilboko neskaren kontura; esan nahi dena adierazteko, zuzenki aipatu gabe: «Neskaren familia, atsekabetuta, ijitoen komunitatearen eta eliza ebanjelikoaren babesa jasotzen ari da denbora guztian».
Haize freskoa RN-n. Sistema politiko ofizialari atxikitutako irrati karka gisa ikusi izan da betidanik Radio Nacional de España RN1; zinez egin ditu merituak horrelakotzat jo genezan. Haize modernoagoak, progresistagoak, librepentsalariagoak ari zaizkio heltzen irrati horri azken boladan, baina. Toni Garrido (Asuntos Propios, 16:05-19:00) edota Silvia Tarragona (Afectos en la noche, 12:05-16:00) esatariak freskotasun horren ahotsik esanguratsuenak izan daitezke. Franco ostean estatuan gertatu omen zen trantsizio eredugarria edo monarkiaren instituzioa bera auzitan jartzea, esatera batera, nork pentsa zezakeen Radio Nacional de Españan hori ametituko zitekeenik? Bada, orain egun batzuk gertatu zen, oroimen historikoa gaitzat hartuta. Tarragona esatariaren eta bere gonbidatuen ahotik irten ziren adierazpen kritikoak, ordu osoko irratsaioan zehar.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Digestioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu