Donibane Lohizuneko diputatu, ministro eta alkate ordea, Alliot-Marie anderea bere diplomaziaz harro dela jakiten da eta diola ez duela inon hutsik egin... Altabada, Frantziako diplomata talde batek salatzen du egun hauetan errepublikaren diplomaziaren «amateurismoa, bat-batekotasuna eta komunikabideekilako gehiegikeria...»Hemen gaindi euskal munduarekin hain diplomazi eta ulermen eskasa duen RPReko buruzagi ohiak gaur Kanpoko Aferen Ministro denaz ironikoki mintzatzea erraz da. Ez balitz horren atzean hainbeste egoera larririk.
Ulertua genuen herrialde batean edo bestean bidegabekeria handiegi bat gertatzen zelarik «esku hartze eginbidea» izango zela. Baina zer ez da ikusi Bosnia, Kossovo, Darfuren... eta berriki Afrikako iparraldeko guneetan? Armamentu salketak, poliziarentzat materiala, turismo edo petroleo guneen babestea zela lehentasun. Eta azken batean, Amerikako Estatu Batuek zutela dena agintzen mahainpetik.
Frantziak bere Argien edo demokrazia eta libertate zuzien jabetasunaz dituen espantuetaz zer? Zertarako da ere, bestalde, Nazio Batuen Erakundea ez bada gai zuzengabekerien geldiarazteko eta bakearen inposatzeko? Nolako diplomazia da ote hori? Tratu handi bat jendea merkantzi gisa kontsideratuz.
Zorionez populuek beren elkartasuna ez bakarrik erakusten baina obratzen dute. Handi mandi horien bide tristeak utzirik mundu arabiarrarekin bide berrien irekitzeko eta lantzeko garaiean sartzen ari gara. Loria gaitezen! Eta demagun Mahmud Darwishekin «olibondo bat altxatuko dela gure odoletik».
Maratila
Diplomazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu