Dirutza balio duen gazta

Azoka berezia izango da gaur Ordizian; gazta lehiaketa irabazten duen gaztaren erdia enkantean salduko dute

Hirurogei gazta inguru aurkeztuko dituzte Ordiziako gazta lehiaketan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Jaietako azoka berezia egingo dute gaur Ordizian (Gipuzkoa), 500. urtez. Gazta lehiaketa izaten da gaurko eguneko ekitaldi nagusia. Izan ere, enkantean saltzen da irabazten duen gaztaren erdia, eta dirutza ordaintzen da urtero; iaz, 7.300 euro ordaindu zituen Bilboko Porrue jatetxeak.

Lehiaketan aurkeztuko dituzten gaztak idi pare batek tiratutako gurdi batean eramango dituzte D'Elikatuz zentrotik pilotalekura, 09:30ean. Gurdiaren atzetik joango dira Ordiziako Idiazabalgo Gaztaren Kofradia eta lehiaketan parte hartzen duten artzainak, trikitilari eta dultzaineroekin batera. 60 bat artzainek parte hartuko dute.

Pilotalekuan izango da epaimahaia, zain. Hainbat sukaldari ezagunek osatzen dute. Esaterako, han izango dira Martin Berasategi, Elena Arzak eta Pedro Subijana. Epaimahaiak 13:00etan emango du irabazleen izena—lehenengo bostek jasotzen dute saria—, eta berehala hasiko dute enkantea. Edozeinek parte har dezake. Dena den, jatetxeek edo supermerkatu handiek erosi ohi dute gazta erdia, izena lortzearren.

Egun osoko egitaraua

Gazta lehiaketaz gain, beste ekitaldi batzuk ere izango dira gaur. Goizean, esaterako, ganadu, fruta eta barazkien erakusketak eta lehiaketak izango dira Jose Migel Barandiaran plazan. Arratsaldean, berriz, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dituzte, 17:30ean. Eta aizkolariak eta harri-jasotzaileak ere izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.