Diseinu kontua da Hau

Bitaminek eta San Telmo museoak Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketa antolatu dute zazpigarrenez: Hau. Helburua da objektu horiek gaurkotzea eta berrinterpretatzea diseinu garaikidearen begiradatik. Aurtengoa, gaztainak erretzeko gailua.

DISEINU LEHIAKETA
Aurreko aldietako diseinu batzuk eta aurtengo proposamena: gaztainak erretzeko gailua. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Bigarren begiradak aurrenekoa behar izaten du. Ezin interpreta daiteke berriz aurretik interpretatu ez dena. Gaurkotzen da inoiz gaurkoa izan zena. Garaikide bihurtzen da behinola garaikoa izan zena. Ariketa konplexua da diseinua; eginahal kitzikagarria da diseinua. Horixe da funtsean Bitamine Faktoriak eta San Telmo museoak proposatzen dutena: Euskal Herriko objektu tradizionalak gaurkotzea, egokitzea, berritzea eta berrinterpretatzea. Nondik? Begirada garaikidearen talaiatik. Nola? Tradizioaren eta etnografiaren sustraietara joanda, ikertuta eta aztarrika eginda. Eta ariketari diseinu lehiaketa forma emanda: Hau. Zazpigarren aldiz egingo dute aurten.

Bitamine Faktoriak eta San Telmo museoak elkarrekin antolatzen dute lehiaketa azken urteotan. Bitamine mugaz gaindiko sormen lantegi bat da, kultura, diseinua eta gaur egungo artea hedatzea, ekoiztea eta nazioartekotzea xede duena. Diziplinarteko proiektuak garatzeko espazio bat da, eta berrikuntza, sormena eta esperimentazioa sustatzen ditu. Irunen (Gipuzkoa) du egoitza, eta Helga Massetani argentinarra da kideetako bat. Diseinu lehiaketaren ideia beretik sortua da: «Abiapuntua gertakari pertsonal batean dago: mate bat oparitu zidaten behin. Silikonazkoa zen, garbigailuan sar zitekeen, zintzilik jar zitekeen, eta bonbilla bat mateari erantsita jarri. Pentsatu nuen: ‘Begira nola eman dioten buelta argentinarrontzat horren tradizionala den objektu bati. Kuiazko mate tradizionala ezin da garbigailuan sartu! Eguneratu dute objektua. Zergatik ez hemen joko bera egin?’. Argentinan objektu etnografikoak eskasak dira, eta oso berriak denboran. Euskal Herriko kultura horren aspaldikoa izanda, askoz objektu tradizional gehiago daude halako lanketa indartsu bat egiteko, eta hautsetatik argitara ateratzeko».

Euskal Herriko diseinu industrialaren alorrean halako programarik, lehiaketarik eta proiekturik ez zegoela ikusita, horren inguruko lanketa bat egitea erabaki zuten. Fermin Leizaola Aranzadiko etnologoarekin jarri ziren harremanetan, eta, haren bidez, San Telmo museoarekin. «Ideia ona iruditu zitzaien, bat egiten zuelako haien programazioarekin, edukiekin... azken batean, museo etnografiko bat dira». Bitamine, San Telmo eta Aranzadi. Talde indartsua zela ikusita, hasi ziren pentsatzen hezkuntza mailan nork egin zezakeen bat proiektuarekin: Mondragon Unibertsitatearekin jarri ziren harremanetan. «Sekulako harrera egin zioten proiektuari: gaur egun, haien hezkuntza programan txertatuta dago lehiaketa. Urtero eskatzen dizkigute oinarriak eta deialdiak. Eta gure erabakietan parte hartzen dute, euren proposamenak eginda».

«Berriz interpretatzeko jakin behar da jatorrizko objektua zertarako zen eta zergatik egiten zuten modu horretan».

HELGA MASSETANI Bitamine Faktoriako kidea

2016an egin zuten lanketa hori guztia. 2017an lehen lehiaketa: Talo aska. Lehiaketaren funtsa azaltzeko ezin objektu egokiagoa: tradizioaren eta etnografiaren sustraietan aztarrika egiteko gonbidapena. Kasu honetan, artzaintzaren erroetan. Izan ere, etnografiari buruzko ikerketetan sarri aipatzen dute objektu hori. Jaki bat baino gehiago zerbitzatzeko erabiltzen ei zen talo aska, baita zopak eta egoskariak bezalako salda gizenak zerbitzatzeko ere. «Ontzi handi bat da, pieza bakarrekoa, pago-zurez egina. Forma angeluzuzena, sakonera gutxi eta albo batean helduleku bat dituena. Gorbeiako eta Itxineko eremuetan artzainek erabiltzen zituzten babak eta egoskariak jateko», azaltzen du Fermin Leizaolak berak 2017ko lehiaketarako oinarrietan.

HAU DISEINU LEHIAKETA
Hau diseinu lehiaketako lehen kartela, 2017an: talo aska. BERRIA

Hori baita lotura, eta aukera: San Telmo museoan ikusgai dagoen objektu baten alde egitea apustu, eta hari buruzko beste begirada bat eskatzea lehiaketan. «Proiektu bat da lehiakideek bidaltzen dutena, ezizen batekin. Ez daukate zertan objektua bera bidali beharrik, nahiz eta batzuetan maketa bat bidaltzen duten. Proiektu teorikoa bidali behar dute: zergatik eta nola gaurkotu duten, zer materialekin, jasangarritasuna, bideragarritasuna... diseinu industrial bat. Eta panel bat irudi batekin non hiru dimentsiotan agertzen den objektu berritu hori», azaldu du Massetanik.

Irabazlea eta beste zortzi proiektu aukeratzen dituzte. Horiekin erakusketa bat antolatzen dute San Telmon, bi edo hiru hilabetez, udan. Inaugurazio moduko bat egiten da, eta han aurkezten dute proiektu irabazlea. Epaimahaia osatzen dutenak: Bitamine Faktoria, San Telmo museoa, Aranzadi elkartea, Mondragon Unibertsitatea eta Eide Euskadiko eta Nafarroako Diseinatzaileen Elkartea. Azken ekitaldietan enpresa pribatuak ere gonbidatu dituzte. Aukeratutako objektu horrekin harremana duten enpresak dira. Txokolate ontziaren kasuan, Ibili eta Gorrotxategi. Sehaskaren kasuan, Lufe. Gaztainak erretzeko gailuaren kasuan, berriro Ibili gonbidatu dute, sukalderako tresneria baita. Irabazleak eta hautatuek bisita bat egiten dute enpresa horretara. «Helburua berez da lehiaketako objektu irabazle hori industrialki ekoiztea, baina hori jada enpresa horien esku dago», azaldu du Massetanik.

HAU DISEINU LEHIAKETA
Diseinu lehiaketako lehen proiektu irabazlea: Taloaskea. Ainhoa Juaristi (2017). BERRIA

Orain arteko zerrenda: talo aska (2017), kutxa (2018), zirtzila (2019), txokolate ontzia (2021), gatzontzia (2022) eta sehaska (2023) —pandemia garaian ez zuten egin lehiaketarik—. Aurten, gaztainak erretzeko gailua. Eta halaxe dago izendatuta, izango duelako norbaitek tentazioa esateko gaztainak erretzeko gailuari danbolina deitzen zaiola. Bada, ez da gaztainak erretzeko gailu bakarra danbolina. Badira zartaginak, badira burruntziak, eta badira buztinezko eltzeak ere gaztainak erretzeko erabili izan direnak. Horregatik ere aukeratzen dituzte objektuak: haien bila hasi, eta haien aniztasunaz ohartzeko. «Berriz interpretatzeko, aurreneko interpretazioa ezagutu behar da? Talo aska, zizeilua... zer demontre da hori? Hasieran proiektuak bertakoak ziren, orain Espainiatik ere iristen zaizkigu. Madrildik ere bai! Ariketa nazioartekotzen ari da, eta proiektuak iristen zaizkigunean agerikoa da ikertu egin dutela, landu dutela objektu horiek euskal kulturarekin eta historiarekin duten harremana. Talo aska artzainak erabiltzen zuela, baina zergatik eta nola artzainak, eta zergatik eta zertarako kirten hori. Berriz interpretatzeko jakin behar da jatorrizko objektua zertarako zen eta zergatik egiten zuten modu horretan», hausnartu du Bitamineko kideak.

Ariketa hori berbera egin zuen iaz Iciar Sanchezek. Sehaskari beste begirada bat ematea otu zitzaion. Kabi jarri zion izena proiektuari: sehaska habia gisa, haritz-zurez eta kotoiz egina, eta sehaskak familiaz familia pasatzeko tradizioari jarraikiz, Kabi bat izeneko alokairu plan bat ere bai. Familiek zorroa eta koltxoia besterik ez dute erosi behar, eta, sehaskaren beharra amaitutakoan, egitura itzuli egin behar dute, beste jaioberri batek erabil dezan. Irabazi egin zuen. «Oso lehiaketa interesgarria da. Nolabait behartu egiten zaituelako zeure kultura arakatzera. Beste modu batera, gehiago begiratuko zenieke objektu modernoagoei eta beste kultura batzuetakoei. Kanpoko horiek oso ezberdinak dira, eta inspiratu zaitzakete, baina halako lehiaketa batengatik ez balitz, agian ez zenieke erreparatuko zure aitona-amonen etxean edo baserri batean dauden objektuei. Joera beti kanpora begiratzea da, baina hemen bertan oso gauza interesgarriak dauzkagu», hausnartu du Sanchezek.

«Lehiaketa honek zeure kultura arakatzera behartzen zaitu. Objektu horiek ulertu egin behar dituzu».

ICIAR SANCHEZ 2023ko irabazlea

Horri ematen baitio berak ere balioa: «Objektu tradizional horiek ikertu eta ulertu egin behar dituzu gero berriz interpretatzeko eta gaur egungo gizartera egokitzeko. Hori sekulakoa da. Batez ere, diseinatzaile gazteentzat, ikasketak amaitzen ari diren horientzat, edo, ni bezala, freelance gisa lanean hasitakoentzat». 

Sanchezek dio halakoak diseinatzea «ariketa bikaina» dela: «Maitasun handiz egin daitekeena: bertako eta inguruko jendeari galdetuz, objektu horrekin izan duten esperientzia kontatzeko eskatuz, San Telmo museora bertara joanez...». Horixe bera egin zuen 2023ko irabazleak: «Ni Gordailura joan nintzen, eta sekula joan gabe nengoen. Busti egiten zara; gai horretan sartu. Hilabeteko azken ostiraletan bisita gidatuak egiten dituzte dohainik, eta han joan nintzen ni erretiratu guztiekin».

Ez baita lehiaketa bakarrik. «Oso serio hartu nuen, erakusleiho bikain bat ere badelako. Nahiz eta ez irabazi, zure lana San Telmo museoan jartzen dute ikusgai. Jende mordo batek idatzi zidan esanez nire proiektua ikusi zuela museoan. Oso ongi antolatuta dago. Eta oso interesgarria da enpresen presentzia ere. Bertako enpresak dira, eta sekulako diseinuak dituzte. Guk haiek ezagutu behar ditugu, eta haiek ere gu. Lotura hori oso inportantea da, eta lehiaketari sekulako seriotasuna ematen dio». Diseinu kontua baita Hau.

 

aurreko ekitaldiak

  • 2017. Objektua: Talo aska. Proiektu irabazlea: Taloaskea. Ainhoa Juaristi.
  • 2018. Objektua: Kutxa. Proiektu irabazlea: K-utxa. Ivan Angulo eta Iker Lorenzo.
  • 2019. Objektua: Zizeilua. Proiektu irabazlea: Zura. Uxue Ariztimuño, Amaia Baztarrika eta Olatz Mandiola.
  • 2021. Objektua: Txokolate ontzia. Proiektu irabazlea: Nahua. June Lizaso eta Marta Loidi.
  • 2022. Objektua: Gatzontzia. Proiektu irabazlea: Desocupación del cilindro salero. Pedro Galdon.
  • 2023. Objektua: Sehaska. Proiektu irabazlea: Kabi. Iciar Sanchez.
  • 2024. Objektua: Gaztainak erretzeko gailua. Proiektu irabazlea: Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 12ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.