ATZEKOZ AURRERA. Kairit Solg. Espazio diseinatzailea

«Diseinurik onenak ikusezinak izaten dira»

Lau aste Euskal Herriko gune bat eraldatzeko. Misio horrekin etorri da Finlandiatik Solg diseinatzailea. Eremu publikoen bizi-kalitatea hobetzeko lanetan ibili da Europako hainbat herrialdetan.

Edu Lartzanguren.
Irun
2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kairit Solg Sobietar Batasunean jaio zen (Tallinn, Estonia, 1986), baina ez du horren «oroimen zuzenik». Estonia independentean hazi zen, eta azken hiru urteak Finlandiako Aalto unibertsitatean pasatu ditu. Tesia idazten ari da. Espazio eta gizarte egitasmoak diseinatzen ditu, eta diseinatzailearen tresnak ikertzen ditu bere tesirako. Euskal Herrian probatu nahi ditu. Bitamine Faktoriak gonbidatu du, hirugarren artista egoiliarra izateko Irungo diseinu tailerrean (Gipuzkoa). Euskal Herria ikusi, ikasi eta espazio diseinuko lan bat egingo du datozen lau asteotan. Prozesua dokumentatzeko, blog bat sortu du: kaixopintxo.weebly.com.

Zuk ez duzu artistatzat zeure burua. Zertan bereizten dituzu artistak eta diseinatzaileak?

Esango nuke diseinatzaileok beste modu batean lan egiten dugula. Artistek euren buruaz hitz egiten dute, euren perspektibatik lan egiten dute. Diseinatzaileok, ordea, helburu bat dugu: gauzak ez ditugu sortzen sortzeagatik. Garrantzitsua da zeure burua lanean sartzea, baina leku osoa bete gabe.

Zer egiten du espazio diseinatzaile batek?

Niri giza eskala interesatzen zait, eguneroko bizitza. Iaz, Portugalen elkartu ginen arkitektoak eta diseinatzaileak, gune publiko baten bizi-kalitatea hobetzeko. Lehenbiziko gauza, jendeari galdetzea. Arbel antzeko batzuekin bete genuen auzoa, eta herritarrek kexu eta eskaerekin bete zituzten.

Baina balio al du ipar Europako kaleko diseinuak kontinentearen hegoalderako; esaterako, Euskal Herrirako?

Espazioa antzemateko modu ezberdina dugu, bai. Hemen ibili naizenean, ikusi dut jende asko kalean, gune publikoetan eserita, adin ezberdinetakoak. Eguraldiak laguntzen du, noski. Baina, gurean, parkeetako eserlekuak elkarrengandik metro askora daude.

Eraikin industrial hutsak kulturarako erabiltzeko joera indarra hartzen ari da gurean. Horretan ba al duzue zeresanik?

Hori oso ideia ona da, eta, horretan, benetan egin dezake ekarpena espazio diseinatzaile batek. Gunea nola aldatu, nolako nortasuna zuen lehen eta nolakoa izango duen gero, nola eraman jendea horretara... Diseinatzailearen eginkizuna da eginikoa nola saldu pentsatzea.

Arkitektoek sarkin gisa ikusten zaituztete, edo ondo moldatzen zarete?

Arkitektoak ere espazio diseinatzaileak dira, eta baita paisajistak ere. Nik ez dut arkitektotzat neure burua, baina nik lantzen ditudanak ere garrantzitsuak dira arkitektoentzat. Arkitektoak egiten duena nahikoa al da behar ditugun guneak sortzeko? Zeozer behar da tartean, kultur ekoizleren bat edo, zubi lana egiteko.

1970eko hamarkadan hazitako haurren jolastoki gogokoena zaborrez beteriko oruberen bat izaten zen. Orain, halako abentura sortzaileak bakarrik Minecraft bideo jokoan izan ditzakete. Gaurko auzoak ez al daude sobera diseinaturik?

Helduok beti dugu zer ikasi haurrengandik, umeak sortzaileak direlako oso. Gune publikoek galdera bat sortzen diote diseinatzaileari: nork mantentzen du hau? Noren ardura da, esaterako, garbitzea? Biztanleena, udalarena? Diseinurik onenak ikusezinak izaten dira; inor ez da konturatzen gunea planifikaturik dagoela. Errealitate birtualak aldatu egin du gune publikoa nola erabiltzen dugun. Helsinkiko tranbietan jende guztia sakelakoari begira joaten da, eta hirian jada ez dugu nabigatzen jendeari galdetuta, baizik eta telefonoarekin. Konturatu behar dugu gailuak ematen digunaz, baina baita gizaki gisa kentzen digunaz ere.

Ba al dakizu zein egitasmo gauzatuko duzun hemen?

Baditut ideia batzuk, baina goizegi da esateko. Hemengo testuingurua ikusten ari naiz orain. Ez dut arrastorik ere nora eramango nauen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.