Ezarian. Musika

Diskoaren buelta

Interneten ondorioz, irauli egin da musikagintza. Itxi egin dituzte disko denda asko, baina eutsi egin diote espezializatutako zenbaitek, neurri handi batean Internet haien alde itzulita. Irungo Bloody Mary da horietariko bat.

Juancar Albercak orain hogeita bat urte ireki zuen Bloody Mary disko denda Irunen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Irun
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Beste mundu bat da hau. Eskaintza handietatik aparte dagoena, baina mundu bat, publikoa duena, bizi-bizi dagoena, eta laguntasun sare zabala daukana. Gozamena da». Juancar Alberca da mintzo dena. Bloody Mary disko dendan dago, Irunen (Gipuzkoa). Orain hogeita bat urte ireki zuen bere dendan. Biniloak saltzen ditu, batez ere, baina ez da ofizio nostalgiko bat; argi du hori. Egunerokoari oso lotutako lanbidea da. Denda espezializatua da, eta diskoaren buelta osoa zaindu behar. Horretan ematen du astea Albercak. Musika entzun eta entzun. Zer dagoen aztertzen. Atentzioa zer taldek merezi duen erabakitzen. Zer gertatzen den asmatu nahian. Jakin-mina kudeatzen, finean.

Beti ari da zerbait mugitzen, Albercak dioenez, eta adi egon behar. Ongi ordenatu, eta zaindutako lekuen berezko baretasuna du,bestela, dendak. Disko bakoitza bere tokian, dagokion atalean eta ongi gordeta. Itxuran, dena da patxada. Isiltasun moduko bat, entzuten den musikagatik ez balitz. Baina itxura hutsa da. Lanez lepo dabil Alberca ordenagailu aurrean. Ez da disko salmenta soila berea: Internet bidez disko eskariak biltzen dabil, kontzertuak antolatzen, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin duen lankidetzaren hurrengo diskoa pentsatzen...

«Musika alternatiboa da guk lantzen duguna», dio Albercak. «Ez zait etiketa hori gehiegi gustatzen, baina hori da daukaguna. Medio handietatik kanpo dagoena. Ez dela existitzen dirudi, baina beti dago talde horien jarraitzaile talde bat martxan. Beti egon da, orain badago, eta gero ere egongo da». Horiek ditu bezero. Hori du bere giroa. Eta apartatua behar lekuak horregatik. «Ireki nuenean pentsatu nuen leku txarra zela hau disko denda bat edukitzeko. Ez gaude hiriko kale nagusian, ez hiri handi batean... Aldatu egin dut iritzia: orduan eta ezkutuago, orduan eta hobeki. Turistaz betetzen da hau, bestela. Disko zaleek badakite non dagoen. Zentroan nago, baina erdi ezkutuan. Primeran».

Pakete bat du erakusmahaian. Diskoak. «Valladolidera bidali behar dut». Eta garraiolaria dator handik gutxira. Agurra, hizketaldi txikiren bat, paketeak hartu eta badoa. Bihar berriz itzuliko da, eta bera izango da gaur denbora luze batez dendan sartuko den bakarra. Baina ikusten ez bada ere, etengabea da dendara sartu eta atera dabilen jende korrontea. Internetetik heltzen zaizkio egun eskaririk gehienak Albercari. Hori da dendaren beste espazioa. Bada benetako denda.

Ingurukoen mesfidantza

Bi aldeetara aritu behar. «Aurrez aurre jendeari kasu egin, eta, era berean, Internetez ere jendeak egiten dizkidan eskariak kudeatzen aritzen naiz. Jende mordoak agurtzen nau, eta erdiak ez ditut bistaz ezagutzen. Hamar urte daramatzat, akaso, pertsona horrentzako diskoak bildu eta bidaltzen, baina ez dut sekula ikusi. Madrilen parez pare pasatu nuen kontzertu oso bat nire bezero batekin, eta bukaeran ohartu ginen horretaz». Beti izan omen da antzera. Lehen, telefonoa zen. Orain, posta elektronikoa. «Katalogoa biali eta deitu, denek momentu berean egitenzuten. Orain sarearekin pausatuagoa da». Horregatik du dendak bake giro hori.

Aduanan egiten zuen lan lehen Albercak. Hura bukatzear zela ikusi, ordea, eta disko denda irekitzea erabaki zuten senar-emazteak. Aduanak itxi ziren, azkenean, eta disko dendak jarraitu egiten du. Jendeak ez omen du ulertzen. «Jende asko sartu zait 'eta zuk zer saltzen duzu?' galdetzera; 'droga ere salduko duzu bada irekita jarraitu ahal izateko. Bestela, ezinezkoa da!' [irri egiten du]. Mesfidantzaz begiratzen dute denda, orain hogei urte itxita behar lukeela pentsatzen dutelako [berriz irri]». Ile apaindegi bat du ondoan, tabernak, aseguru etxeak...

«Denda ireki, eta urtebetera itxi egingo genuela uste zuen jende askok. Disko denden boom moduko bat izan zen. Disko asko saltzen zen garai batean. Baina gu beste mundu batean aritu gara beti. Garai hartan ez genuen askorik salduko, baina bezero fidelak izan ditugu beti. Beste dendak desagertu egin dira, diskoetxe haiek ez daude... guk jarraitu egiten dugu, krisiak krisi».

Zentrorik ez dago

Profeziak beti izan ditu aurka. «Biniloak kentzeko esaten zidaten denek. Hori bukatuta zegoela. Eta nik beti egin dut horren alde. 20 biniloko 2 CD erosten nituen. Eta orain biniloa bueltatu da. Mesede egin digu horrek, noski». Eta formatuaren aldeko aldarria egiten du gero. Digitalizazioarekin indarra hartu du berriz objektuak: «Biniloa gustatzen zait, baina ez edozein binilo. Badira edizio txarreko asko. Diskoetxe handiek egindako edizioak, adibidez. Saltzea beste helbururik gabe egin zituzten edizio asko. CDa gain behera joan da, ordea; eta orain ohartu dira akatsaz. Gehiago zaintzen dituzte biniloak. Horiek dituzte orain diru iturri. Leporaino daude binilo fabrikak».

Musikarik ez da falta. Gidaritza, akaso. Aholkularitza gisako zerbait eskaini behar horregatik, eta belarriak adi izan behar horretarako. Surf musika ez omen dago onenetan, ezta hardcorea ere; orain, Albercak dioenez, rock klasikoa da indarrean dagoena. Hor omen talderik onenak egun. Hor mugimendua. Eta zentroa non? «Ez dago zentrorik gehiago. Badira taldeak Suedian, AEBetan, Europan, baita Euskal Herrian ere noizbehinka... alde guztietan. Hemen garai batean bazegoen mugimendua. Orain musika estandar asko dago. Baina itzuliko dira joera horiek, ziur. Beti bueltatzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.