Maleziaz egindako hautaketa dirudi ondoren datorrenak. Eta ez da nire burua zuritze aldera, baina ez da hala. Abisu eman zidaten: «Adi, ditxosozko ezkontza dela-eta erreportaje sorta gertu dute halako katetan, iragarki batean ikusi dut». Ikertzailearen lupa eta kritikoaren pipa hartu, eta bila hasi nintzen. Halako Divinity kate berria zen. Erreportaje sortak William y Kate, la cuenta atrás izena zuen. Astelehenean hasi zen, egunero ordu batzuz igelok printzeen eta printzesen mundura eraman asmoz sortutako programazioa. Hona ikusi ahal izan direnak: astelehenean, William eta Kate, konpromisoaren istorioa eta William eta Kate, mende honetako ezkontza nagusia. Asteartean, Mende honetako ezkontza garrantzitsuena, horrelakoa izango da soinekoa eta Mende honetako ezkontza garrantzitsuena, bi printzesaren istorioak. Asteazkenean, Ustekabeko printzesen kluba eta Mende honetako ezkontza, etorkizuneko errege-erreginak. Ostegunean, William eta Kate, atzera kontaketa; kateko kolaboratzaileak Londresera iritsi ahala egindako zuzeneko saioa.
Kate baten indarra, ehuneko ehunean ezkontza bati emana; hori izan da Divinity asteon. Adibide bat baino ez da, ordea. Egunak dira kateek fokua Erresuma Batuko hiriburuan jarri zutela. Prentsa arrosa deritzen saio ezagun horietako sasi-kazetariengandik inork ez zuen gutxiago espero. Ziur asko, gainontzekoengandik ere ez. Horregatik bihurtu dira ezkontzaren ingurukoak albistegien lehen minutuetako albiste. Ezkontzaren ingurukoak, bai; ez ezkontza bera, demagun, gaurko egunez. Zer jakin nahi du herriak? Gonbidatuen zerrenda zeintzuk osatzen duten, horietako bakoitza nola jantzita joan den, zein kapela edo pamelarekin, zer jan duten, zer dantzatu, ostatu non hartu duten, bikoteak elkar nola ezagutu duen, nola entseatu duten, zer eraman duten soinean, herritarrek nola bizi duten maitasun harremana, zenbat ordu pasa duten kalean zain karrozak eta abar ikusteko, zein oroigarri saldu den gehien Londresen, baten eta bestearen familiek ezkontzaren zein zati ordaindu duten... Segi nezake, nahi baduzu, baina hobe benetako profesionalei itzalik ez egitea.
Inozoa ni... Orain artean ez nekien William eta Kate, eta haien ingurukoak, zein garrantzitsuak diren gurean. Ezta monarkia, ezkontza eta haiekiko propaganda kanpaina erraldoi doakoak ere.
Komunikazioa. Ekografiak
Divinity-a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu