Doinu alaiak Lizarran

Lizarrako festei hasiera emango dien suziria gaur eguerdian jaurtiko dute, eta arratsaldean Puyko jaitsiera tradizionala egingo dute. Hilaren 10era bitarte, jai giroa egongo da herrian.

Puyko jaitsieran giro ederra egongo da. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gaurtik abuztuaren 10era bitarte izango dira Lizarrako (Nafarroa) jaiak. Musika doinu alaiak nonahi entzungo dira, eta herritar orok ederki pasatuko du dantza egiten, eta antolatutako jarduera eta ekitaldietan.

Gaur eguerdian, Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko kide batek jaurtiko du suziria udaletxeko balkoitik. Klarin eta tinbalari bandak agurra joko du, eta dantza taldeek larrain dantzaren jota zaharra dantzatuko dute. Ondoren, gaiteroek, txistulariek, fanfarreek, musika bandak eta dantzariek kalejira egingo dute herrian barna, musika doinu alaiak joz eta dantzatuz.

18:15ean, Puy birjinaren basilikan bezpera nagusiak kantatuko dituzte, eta Lizarrako abesbatza taldeak Ugarteren Salbea kantatuko du. Jarraian, Puyko jaitsiera tradizionala egingo da.

Iluntzean eta gauean, dantzaldiak egongo dira The Trikiteens musika taldearekin, Santiago plazan, eta gauerditik aurrera DJ Jorge Ciordia eta Stereotipe musika taldea ariko dira San Martin plazan. Lizarrako ikastolak eta 95eko Kintak antolatu dituzte emanaldi horiek, hurrenez hurren. Lizarrako Festagiro taldeak, berriz, 23:00etatik aurrera txosnetan izango direnak antolatu ditu: Tribade, Bide Bakarra eta Sofokaos taldeak, eta DJ Lilura ariko dira.

Bihar, 8:15ean, Lizarrako ikastolak salda banatuko du herritarren artean, Santiago plazan ipiniko duen txosnan —abuztuaren 6an, 7an, 8an eta 9an ere bai—. 11:00etan, Puyko basilikan meza egin ondoren, bonba japoniarrak jaurtiko dituzte, eta nesken Puyko jaitsiera egingo da. Arratsaldean, besteak beste, Tor magoa ariko da, irrintzi lehiaketa egingo da, eta Hilario Olazaran txistulari taldeak eta Montero Anaiak gaiteroek dantza egiteko piezak joko dituzte.

Igande gauean, Patxi eta Konpania taldeak herri dantzak egingo ditu Santiago plazan, eta Pirotecnia Tomas enpresak su festa bat aurkeztuko du Los Llanos kulturgunearen ondoko lorategietan.

Azpimarragarria da Lizarrako jaietan musika emanaldi interesgarri ugari egingo direla. Arestian aipaturikoez gain, astelehen eguerdian Lizarrako musika bandak kontzertua egingo du, eta Iturrieta gaitero taldeak joko du atsedenaldian; hilaren 8an, Zea Mays taldea eta Olaia Inziarte ariko dira, eta, biharamunean, Amparanoia eta Artistas del Gremio taldeek joko dute.

Jaietako egun guztietan, erraldoien eta buruhandien konpartsa kalejiran aterako da udaletxetik, eta zezensuzkoa foruen plazan ibiliko da, 22:00etatik aurrera. Barraketan, haurrentzako prezio bereziak izango dira abuztuaren 8ko eta 10eko goizetan.

Horretaz guztiaz gain, gastronomiak ere bere tokia izango du jaietan. Horrela, ajoarriero lehiaketa abuztuaren 10ean egingo da, eta arkumea txilindron erara lehiaketa atzo izan zen.

Udalbatza txikia

Abuztuaren 7a adinekoen eguna izango da, eta 8a haurren eguna. Ohi bezala, udalbatza txikiko kideek jaurtiko dute suziria haurren egunean. Unai Diaz de Cerio Sanz, Santa Ana ikastetxeko ikaslea, izango da haurren alkatea Lizarrako festetan. Ekainaren 15ean, Lizarrako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleen artean aldez aurretik hautatutako hamazazpi ikasleren artean erroskan baba aurkitu ondoren aukeratu zuten. Ondoren, haurren alkateak udalbatza txikiko lau alkateordeak aukeratu zituen: Eneko Etxabarri Ijalba, Alaia Lopez de Dicastillo Galdeano, Iker Casanova Bermejo eta Irantzu Ocio Ganuza.

Begirunez ibiltzeko deia

Marta Ruiz de Alda alkateak eta Ana Duarte zinegotziak uztailaren 26an aurkeztu zuten Lizarrako festetarako programa. Duartek eskerrak eman zizkien festetan parte hartzen duten kolektibo guztiei. Udalaren izenean, herritarrei dei egin zien festez kaleetan goza ditzaten, batez ere gazteei, txabisketan biltzen baitira. Herritarrek jaietan ongi pasatzea espero du, eta, era berean, begirunez ibil daitezen eskatu die.

Udalak Berdintasunezko festen eta eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpaina jarri du martxan. Besteak beste, «Indarkeria matxista gehiagorik ez» idatzia duten esku gorriak, eta, eraso sexistarik ikusiz gero, jarduteka protokoloa zein den hainbat hizkuntzatan jakinarazten duten kartelak ipini ditu herrian zehar. Horrela, indarkeria matxista kasuren bat izanez gero, horren berri emateko 112 telefono zenbakira dei daiteke, eta baita aholkularitza eta laguntza juridikoa eta psikologikoa jasotzeko ere.

Bestalde, aurten ere, komun gehiago jarriko dira jaietan: etxolak Santiago plazan, Koroatze plazan eta Erraldoi eta Buruhandien kalean, eta komun kimikoak Santa Klaran, San Martin plazan, Cotarron eta Platerian. «Herritarrei dei egiten diegu komunak zain ditzaten eta hiria garbi eta usainik gabe egon dadin», esan zuten Ruiz de Aldak eta Duartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.