Donostia 2012. urteko munduko hamabost gune turistiko gomendatuenen artean dago, TripAdvisor bidaien webguneak argitaratu duenez. 12. postuan sailkatu du nazioarteko webguneak hiria, eta zerrendako Euskal Herriko leku bakarra da.
Webgunearen erabiltzaileek 2011. urtean egindako iruzkinetan oinarritu dira, sailkapena egiteko. Iruzkin kopuruetan gorakada nabarmena izan duten hiriak dira lekurik gomendatuenak, bidaietako webguneak azaldu duenez.
TripAdvisorren arabera, Donostiak aisialdirako eskaintza «amaigabea» izateaz gain, «hondartza ederrak, jatetxe bikainak, txunditzeko moduko paisaiak eta gau giro alaia du».
Urte osoan hirian «munduko zinema eta musika jaialdi garrantzitsuenak» egiten direla gogorarazi du. Halaber, eski estazioen hurbiltasuna nabarmendu du.
Herrialde baltikoak nagusi
Herrialde baltikoen hiriburuak dira zerrendan gehien nabarmendu diren gune turistikoak. Hala, Tallinn Estoniako hiriburuak eskuratu du lehenengo postua. Iaz Europako Kultur Hiriburua izan zen, eta Unescoren gizateriaren ondarea da.
Riga Letoniako hiriburua sailkatu dute TripAdvisorren erabiltzaileek bigarren lekuan. Hirugarren postua iparraldeko beste hiri batek lortu du, Moskuk, hain zuzen ere. Suitzako Zurich —laugarren postua—; Fethiye Turkiako kostaldeko herria —bosgarren postua—; Bali uharteko Seminyaken paradisuko hondartza —seigarren postua—; eta Vilnius, Lituaniako hiriburua —zazpigarren tokia— dira TripAdvisorreko erabiltzaileek gehien estimatu tako gune turistikoak.
Austin AEBetako hiria, Kreta uharteko Chania, Thailandiako Chaweng hondartza eta Frantziako Bordele sailkatu dira Donostiaren aurretik.
Hamahirugarren postuan Frantziako beste hiri bat sailkatu da: Lyon. Marokoko Essaouira eta Argentinako Mendoza gelditu dira hamalau eta hamabosgarren postuetan, hurrenez hurren.
Donostia, munduko 15 turismo gune gomendatuenen artean
TripAdvisor atariko erabiltzaileek Donostia izendatu dute munduko leku gomendagarrienen artean hamabigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu