Euskal Herriko sukaldari batek Portugalgo hiriburuan duen jatetxe bat saritu du Michelin gidak aurrenekoz: Eneko Atxa Lisboa da aurrerantzean Michelin izar bat izango duten jatetxeetako bat. Argentinako Paulo Airaudo sukaldariaren Amelia jatetxeak ere —Donostiako Kontxako pasealekuan dago eta luxuzko hotela ere bada)— bere lehen izarra bereganatu du. Gaur gauean egin dute Michelin izarrak banatzeko gala, Madrilen —Internet bidez eman dute—.
Hiru Michelin izarrei eutsi diete Donostiako Arzak eta Akelarre jatetxeek, baita Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Martin Berasategik eta Larrabetzuko (Bizkaia) Azurmendi jatetxeak ere. Pedro Subijana Akelarreko sukaldariak honela esan du: "2021ean ez dugu atzerapausorik emango". Aurten 50 urte bete ditu Akelarrek. Elena Arzak "oso eskertuta" azaldu da, eta Juan Mari Arzakek aipatu du "hunkituta" dagoela, 33 urte daramalako jatetxeak hiru izarrekin. Aurten Asier Altunak dokumental bat egin du Arzaken inguruan (Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten). Eneko Atxa eskertuta mintzatu da, Azurmendiko lantaldearekin eta Michelin gidarekin. Berasategik, bestalde, hau esan du: "Inoiz ezagutu dudan urterik zailena izan da. Baina oso indartuta aterako gara".
Bi izarrei eutsi die Andoni Luis Adurizen Mugaritzek (Errenteria, Gipuzkoa) eta El Molino de Urdanizek (Urdaitz, Nafarroa). Eta lehendik zuten izar bakarrari eutsi diote, halaber, Hego Euskal Herriko beste hogei jatetxek ere.
Bestetik, jasangarritasunaren Michelin izarrak eman dituzte aurreneko aldiz: Eneko Atxak bi jaso ditu, Larrabetzuko (Bizkaia) Azurmendi eta Eneko jatetxeetan egindako lanagatik.