Donostiako elkarte gastronomikoak, «gizarte matriarkalaren aurkako matxinada»

Bloomberg-ek hizpide izan ditu Donostiako elkarteak, eta «txokoen» sorrera Euskal Herriko «gizarte matriarkalaren aurkako matxinada» gisa definitu du Ross Kenneth Urken kazetariak.

jarraia175959.jpg
2020ko urtarrilaren 9a
10:22
Entzun

Donostiako elkarte gastronomikoak izan ditu hizpide AEBetako Bloomberg hedabideak.«Sukaldaritza elkarte pribatu» gisa definitu ditu Ross Kenneth Urken kazetariak; «neurrigabeko turismoari» ihes egiten dieten lekuak. Elkarteen berri eman du, eta adierazi orain dela urte batzuk ezingo lukeela halakorik egin, «bidaiaria» delako. Nabarmendu du lehen «arraroa» izango zela harekin den emakumeak, elkarte bateko kideak, sukaldean aritzeko aukera izatea. Izan ere, kazetariak gogoratu du elkarte gastronomikoak edo «txokoak» gizonen erabilera esklusiborako izan direla 150 urtez: «Edan, erre, sukaldean aritu, madarikatu eta bromak egiteko lekua». Hori izan du aztergai, beraz: elkarteen sorrera eta emakumeek eremuotan izandako presentzia.

Kazetariak 1870eko hamarkadan kokatu du elkarteen sorrera, «itsas industria lurraldeko ekonomiarako funtsezkoa zen» garaian. Orduko «gizarte matriarkalaren aurkako matxinada ez-ofizial bat» jarri du haien jatorrian. Argudiatu du gizonak itsasoan zirela, emakumeek etxeak eta ekonomia gobernatzen zituztela, eta horren kontra hasi zirela elkarteak irekitzen. Izan ere, erreportajean ageri den Andres Hess Dublingo Unibertsitateko irakaslearen esanetan, «Euskal Herriak inoiz ez du izan Espainiako kultura matxista». Mimo Food enpresako kudeatzaile Eli Susperregik, berriz, nabarmendu du Euskal Herriko emakumeak «agintzaile» gisa ikusi direla.

Donostiako elkarteez ari da kazetaria, eta horietan emakumeak onartzeko erakunde publikoak eginiko pausoak azpimarratu ditu: esaterako, hala egin ezean sansebastianetan bandera igotzeko debekua ezarri izana, eta diru laguntzak jasotzeko aukerarik eza. Hala gertatu zen danborradarekin. Donostiako lehen danborrada mistoa 1980. urtean atera zen kalera, Kresala elkartearen eskutik. Egun, gehienak halakoak dira. Halere, azpimarratu du egun Donostiako 115 elkarteetatik herenetan baimentzen dela emakumeak sukaldean aritzea.

«Hobekuntza bat da», dio kazetariak, baina nabarmendu du «motel» doala aurrerabidea. Aldaketarako gakoa ekonomian jarri du, emakumeak lan munduan pisu handiagoa izatean, zehatzago izanda. Adierazi du «gaizki ikusten» hasi dela gizonentzat soilik diren elkarteak mantentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.