Liburu berezia da Felix Maraña idazle eta kazetariak kaleratu berri duena. Donostia osatzen duten seiehun kale ingurutik ehun aukeratu ditu, eta kale horiei buruzko kronika pertsonala osatu du, umorez jantzirik. Zum Edizioak argitaratu du lana.
Donostia calle a calle, kalez kale ez da kale izendegi soil bat, ezta gida turistiko bat ere. Kaleak deskribatzeko aitzakiarekin, haien atzean dauden gertaerak, pertsonaia historikoak, eraikuntzak, paisaiak eta itzalak azaleratu ditu Marañak liburuko 130 orrietan. Ez da hiriko datuekin eginiko kontaketa hotz bat, hiria biziki maite duen idazle baten kronika baizik, era pertsonalean kontatuta. «Donostiako historia horizontalari eta bertikalari buruz hitz egiten dut», dio Marañak.
Donostiako historia, kultura, eta xarmaren berri ematen du idazleak, kalez kale. «Beti iruditu zait garrantzitsuagoa Patxi Alkorta edo Txantxillori buruz hitz egitea, hiriaren bizkar bizi izan diren pertsona hanpatuez baino», azaldu du. Donostiako bizitza hiriko pertsonen bidez kontatzen du idazleak Donostia kalez kale liburuan.
Hiriko egunerokoa jaso nahi izan du, eta, horregatik, kaleen historiarekin zerikusia duten pertsonei eman die garrantzia. «Edozein erregek egindako bidaiak baino garrantzitsuagoak dira pertsona horiek», gaineratu du.
Datu historikoak, kaleen izenen jatorria, bitxikeriak eta pasarte adierazgarriak kontatzen ditu liburuan. Idazleak berak urteetan gordetako oroitzapenekin eta hiriari buruz idatzi diren beste liburuekin osatu ditu kontakizunak.
Halaber, hiriaren historian zeresana eman duten pertsonaien zerrenda egin du. Hiriko ehunka pertsona historiko aipatzen ditu idazleak. Horietako asko laudatu edo kritikatu egiten ditu, kasuaren arabera.
Orrialde bakoitzean kale bati buruzko kontakizuna egiten du historialariak. Zenbait kasutan, kale horrekin loturiko pertsona bat, eraikuntza bat edo taberna batean gertaturiko pasadizo bat ekartzen du gogora. «Niri, taberna batean, etxe batean edo zuhaitz baten ondoan gertatutako eta ezagutzen ez diren pasadizoak kontatzea interesatzen zitzaidan». Esaterako, Gros auzoko Bergara tabernan 1965eko Eguberrietan Donostiako Ikasleen Sindikatu Demokratikoa sortu zutenekoakontatzen du.
Garai bateko irudiak
Kronika bakoitza kalearen egungo argazki batekin apaindu du. Juanjo Garcia argazkilari legazpiarra arduratu da irudiak hartzeaz. Bestetik, kasu askotan kalearen garai bateko irudiak txertatu ditu, Kutxako fototeka eta beste artxibo partikular batzuek emandako argazkiekin.
Hiriko ehun kale bakarrik agertzen diren arren, liburua Donostia hiri osoaren magia ulertzeko balio duela adierazi du.
Hiriari buruzko pedagogia
Oso kritiko ageri da idazlea liburu osoan ondarearen suntsiketarekin. «1813ko sutea bezain larria da», dio hitzaurrean. «Zuhaitz bat erauztea Donostiako Ipuin Lehiaketa kentzea bezain larria da, mende erdiz Donostiako ondare izan baita. Askotan ondarea ez da eraikitzen dena, suntsitzen ez dena baizik». Marañaren ustez, hiriak, Gasteizen egiten duten bezala, zementuan baino zuhaitzetan gehiago inbertitu behar luke.
Marañaren hitzetan, Donostiak XIX. eta XX. mendeetan izandako bizitza ez da ezagutzen, eta, horregatik, hiritarrei pedagogia egitea beharrezkoa dela iruditzen zaio. «Ni ez nator historia hori berridaztera, beste historia batzuk kontatzera baizik, biziagoak zaizkidanak eta nire hiriaz gehiago esaten didatenak».
Zein kale aukeratu zaila gertatu zaiola aitortu du Marañak. Ez baitaude kale guztiak, ezta auzo guztiak ere. Loiola, Martutene eta Igeldo auzoak, adibidez, hiriaren historiari ekarpen itzela egin badiote ere, liburuak ez ditu jorratzen. Liburuaren bigarren edizioan «huts» horiek zuzenduko dituela agindu du.
250 enpresa, denda, taberna eta jatetxe ingururen laguntzarekin argitaratu dute Donostia kalez kale liburua. Donostiako liburu dendetan eskura daiteke lana, 16 euroren truke.
Pedagogia ariketa bat da liburua, eta denetariko jendearentzat idatzita dago. «Zuzenean sentimendura doan liburua da, askatasun osoz idatzitakoa».
Donostiako magia eta historia, kalez kale kontatuta
Felix Maraña idazleak Donostiako ehun kaleri buruzko kronikak bildu ditu 'Donostia kalez kale' liburuanKaleak deskribatzeko aitzakiarekin, haiek gordetzen dituzten gertaerak azaleratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu