Donostiako paradisu txikia

Eguraldi ona egiten duenean, jendez betetzen da Santa Klara uhartea. Itsasontzian nahiz igerian heldu daiteke. Aukera handia dago han eguna pasatzeko.

Kontxako badia erdigunean dago Santa Klara uhartea. Jende asko joaten da hango hondartzara eguraldi onarekin. SARA ARAMENDI MOREIRO.
Donostia
2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Kontxako badia da Donostiako leku bereizgarriena. Urgull eta Igeldo mendien magalean, paraje ederra osatzen dute Ondarreta eta Kontxako hondartzek eta Santa Klara uharteak. Gipuzkoako hiriburuko hondartzetara jende asko joaten da udaro; badago, ordea, plan ezberdin baten bila, Santa Klara uhartera joaten denik ere, badiaren bihotzean dagoen paradisu txikira.

Plan oso ezberdinak egin daitezke uhartean: batzuk familiarekin joaten dira; beste batzuk, lagunekin, edota bikotekidearekin. Lasai egotea da helburu nagusia, eta eguraldiaz eta lekuaz gozatzea. Hondartzan etzan, itsasoan bainatu, urpean arrainak ikusi, karramarroak harrapatu, uhartearen goiko aldean dauden mahaietan bazkaldu, paseo bat eman, ikuspegia miretsi... egiteko aukera zabala dago.

Egun aparta izan zen atzokoa uhartera joateko. Eguzkia atera bezain laster hasi zen jendea Santa Klarara heltzen, eta eguerdirako bete-beteta zegoen. Goizean, gainera, marea behean zegoen, bazirudien ia oinez irits zitekeela Haizearen Orrazitik, eta ura, berriz, garden-garden, Karibe aldeko hondartza batekoa bezala.

Uhartera heltzeko modurik ohikoena da Donostiako kaitik ordu erdiro irteten den itsasontzia hartzea. 10:00etan egiten du bidaia uhartera joaten den lehen itsasontziak, eta atzo, lehen ordutik joan zen beteta. Borja Isturiz gidariak hamahiru urte daramatza Donostiako kaitik Santa Klara uharterainoko ontzi bidaiak egiten,«eguraldi ona egiten duenean, ontzia bete egiten da, eta bidaia ugari egin behar izaten ditugu jende guztia eraman ahal izateko», adierazi zuen. Euskal Herriko jendea izaten da nagusiki uhartera eguna pasatzera joaten dena; kanpotarrek nahiago izaten dute badian bueltatxo bat ematen duen itsasontzia hartu.

Donostiako lagun talde bat itsasontziz joan zen atzo uhartera haurrekin. Hara zihoazen bigarren aldia zen; lehenengoan ederki pasatu zuten, eta errepikatzeko gogoz gelditu ziren. «Asko gustatzen zait uhartera etorri eta hemen bainatzea. Betaurrekoak eta hodia ekarri ditut, urpean ibiliz arrainak ikusteko eta ukitzeko», esan zuen haurretako batek. Ederki zekiten igerian, eta eguna amaitu baino lehen elkarrekin gabarroira joateko asmoa zuten.

Hondartzatik uharteraino igerian joaten denik ere bada. Hala egin zuten, besteak beste, Feli Garciak, Antonia Fernandezek eta Pilar Intxaustik. 83, 81 eta 77 urte dituzte, hurrenez hurren, eta aspalditik dute ohitura ia goizero Ondarretako hondartzatik irlarako joan-etorria egiteko. Lagun taldean joan ohi dira, eguzkia atera nahiz ez, maiatzetik urrira bitarteko epean; lasai-lasai, hitz egiten eta abesten. Banku batean eserita eguzkia hartu eta hamaiketako txiki bat egin ostean, Ondarretara itzultzen dira. «Uhartera igerian etortzen gozatu egiten dugu. Behin goizean hona etorrita, berdin zaigu arratsaldean etxean geratzea; egiten dugun onena da bidaiatxo hau», esan zuen Garciak.

Bakoitzak nahi bezala

Hirugarren aukera piraguan edo norberaren txalupan joatea da. Hala egin zuten Olatz Jauregi eta kuadrillakoek, «lagun batek txalupa bat du, eta arraunean etorri gara. Denetik ekarri dugu bazkaltzeko: patata tortilla, solomoa, entsalada... Urtean behin egin ohi dugu txangoa, eta egun polita pasatzen dugu», esan zuen.

Etxetik janaria eraman ez, baina, hala ere, han bazkaldu nahi duenarentzat, tabernatxo bat ere badago Santa Klaran. «Aurten, egin duen eguraldi kaxkarrarekin, beste urteetan baino askoz jende gutxiago etorri da. Goizean goizetik zerua ez badago guztiz oskarbi, jendea ez da etortzera animatzen», esan zuen tabernako langileetako batek; «hala ere, gaurkoa bezalako egunak aprobetxatu egin behar dira, lekua eta giroa zoragarriak baitira».

Zenbait jendek, goiz-pasa edo arratsalde-pasa ere egiten du uhartean, eguna pasatzera joan beharrean. Itsasontziak 20:00ak arte daude martxan, eta joan etorriko txartela hartuta, bakoitza nahi duenean itzul daiteke.

Uhartea txikia da, baina, agian horrexegatik, ez dago oso ustiatuta, eta gauza ugari ditu esploratzeko: hondartzak, atzeko aldeko begiratokia, gailurreko itsasargia, zuhaixka artean ezkutatutako hamaika txoko... Gezurra badirudi ere, oraindik badago Kontxako badian dagoen Santa Klara uhartea ezagutzen ez duen jendea, eta, ezbairik gabe, merezi du hara joan eta itzulinguru bat egiteak. Aukera ederra da, paisaia ederrez gozatu bitartean, leku ezberdin eta berezi bat ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.