Donostiako Piratak

Donostiako Piratek Kabotajea antolatuko dute hilaren 19tik 22rako

Aste Nagusi Pirataren ordez, lau eguneko egitaraua prestatu dute Donostiako Piratek.

Donostiako Piratak gaurko prentsaurrekoan. IñIGO URIZ / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko abuztuaren 9a
13:15
Entzun

Kabotajea deituko diote, eta hilaren 19tik 22ra egingo dute, Donostiako Trinitate plazaren inguruan. Denetariko ekitaldiak antolatuko dituzte: bertsolariak, tailerrak, haurrentzako ekintzak eta musika emanaldiak. Egitarau zehatza eta ordutegiak datozen egunetan zabalduko dituzte, sare sozialen bidez.

Edukiera mugatua izango da, eta ekintza guztietan segurtasun neurriak beteko direla ziurtatu du Andoni Iriondo Donostiako Piratetako kideak. Azaldu du nahitaezkoa izango dela une oro maskara jantzita eramatea. Gainera, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dute, eta eserlekuen artean segurtasun distantziak bermatuko dituzte.

Kabotajean, Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea omenduko dute. Azken egunean, hilaren 22an, Naizen-ekoek hitzaldia emango dute 12:30ean, Trinitate Plazan. Bestalde, merchandising postua eta Puntu Morea egongo direla ere jakinarazi dute.

Osasun egoera zela eta, 2020an ezin izan zuten Aste Nagusi Pirata antolatu. Horren ordez, egun bateko egitaraua osatu zuten, Pirata Setioa. Aurten ere, «festa eredu masiboa alde batera utzita»; auzolana, elkarren zaintza eta euskara erdigune dituen egitaraua osatu nahi izan dutela adierazi du Ane Antxustegi Donostiako Piratetako kideak. Horrela, Iriondok zehaztu duenez, «lau eguneko egitarau bat segurtasun osoz» antolatzeko gai direla erakusteko asmoa dute, eta gazteak «kriminalizazioa» pairatzen ari direla salatu du.

Larunbatean, hilaren 14an, elkarretaratzea egingo dutela jakinarazi dute. Antxustegik adierazi duenez, «gure espazioak aldarrikatu eta defendatzeko» helburua izango du. 12:30ean elkartuko dira, Portaleta parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.