Donostiako Piratek Pentsiodunen Mugimendua omenduko dute Aste Nagusian

Kontzertuak emango dituzte, besteak beste, Olatz Salvadorrek, Izaki Gardenak-ek, Merina Grisek eta Eusko Princessek. Puntu morea egongo da kaian; Donostiako Udalari gehiago jartzeko eskatu diote.

Donostiako Piratak, gaur, Aste Nagusiko egitaraua eskuan dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako Piratak, gaur, Aste Nagusiko egitaraua eskuan dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 15a
15:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Piratak Aste Nagusia abordatzeko prest daude. Aurten, Pentsiodunen Mugimendua omenduko dute: haiek botako dute txupinazoa. Piraten esanetan, «ezinbestekoa» da belaunaldiak batzea sare sozial eta ekonomiko bat eraikitzeko. Halaber, pentsiodunen aldarria zera da: gutxieneko pentsioak eta soldatak berdintzea. Piratek haien jarduna babestu dute, eta, pentsio eta soldata duinez gain, «duintasunez bizitzeko lanpostuak» eskatu dituzte, «orain, hemen eta denontzat». 

Hain zuzen, piratek prentsaurreko bat egin dute gaur Donostiako portuan, Aste Nagusi Pirataren berri emateko; abuztuaren 9tik 17ra izango da. Bozeramaileak erasoen biktimak artatzeko guneen inguruan aritu dira; Piraten lantalde feministak portuan bertan jarriko du puntu morea. Hala ere, azpimarratu dute Donostian erasoen biktimak artatzeko gune bakar bat izatea ez dela nahikoa, eta, hortaz, hirian zehar beste puntu more batzuk jartzeko eskatu diote berriro Donostiako Udalari. 

Egitarau plurala

Piratek jakinarazi dute askotariko ekintzak egongo direla Flamenkan —Piratek portuan duten gune nagusian— eta Donostiako beste leku batzuetan: herri bazkariak, kuadrillen arteko jolasak, bertso saioak... Horiez gain, urteroko abordatzea egingo dute, abuztuaren 11n. Haurrentzako zenbait aukera ere prestatu dituzte; esate baterako, abordatze txikia. 

Bestalde, kontzertu ugari emango dituzte Flamenkan eta Trinitate plazan. Antolatzaileek tokiko musikariak lehenetsiko dituztela azaldu dute, eta musika eskaintza feminista eta euskalduna izango dela nabarmendu dute. Abuztuaren 9an, Orekka erromeriak joko du; 10ean, Izaki Gardenak taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuak izango dira; abuztuaren 11n, La Txama, Goxua’n Salsa eta Hoferen txanda izango da; 12an, Labarrek eta Eusko Princessek hartuko dute eszenatokia; 13a Bengo eta Merina Grisena izango da; 14an, Añubek joko du, eta 15ean Sukenak eta Marta Lasartek. Indabe eta Lukiek ere oholtzan izatekoak dira.

Proposamen txikiagoek ere beren lekua izango dute piraten festan: Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera izango dira Trinitate plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.