Maratila

Dorrea

Aurelia Arkotxa.
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Maiatzaren hondar egunak Saint Michel de Montaigne herrian. Mahastien lerro zuzenak. Elizaren gerizan Montaigneren buruaren estatua. Altzifresez zaindua. Hilen oroitarria. Monument aux morts. 1914-1918ko gerla beti present. Hil zituztenen zerrenda mutuak. Frantzia osoan bezala. «St Michel et Bonnefare à ses enfants morts pour la France». Xoko batean De Gaullek 1940an Londresetik egin deia: «Frantses guziei. Frantziak batalla bat galdu haatik gerla ez du galdu!... Biba Frantzia!». Eskolan Frantziako Errepublikaren siglak aspaldiko tinda gorriz pintatuak: «R. F. Ecole Communale R. F». Zarata, soinua, gazteen irriak Herriko Biltoki Laikotik (Foyer Laïque Municipal). Larunbat arratsaldeetako aspertzeak. Herriko Etxean hirukolorezko bandera. Bero. 32 gradu inguru. Montaigneren dorrea, eguzkiak zuritua duen ibilbidearen buruan. Mahastiak denetan. Ingurubilka goiti doan harrizko eskailera meharra hartzen dut. Ganbararen (logelaren) gainean: liburutegia. Hara erretiratzen zen. Zioen: «Biziko egun gehienak liburutegian iragaten ditut, eta eguneko oren gehienak… Nola gerta, liburu baten edo bertze baten hostokatzen aritzen naiz, ordenurik gabe, helbururik gabe. Edo ametsetan egoten naiz…». Montaigne bere liburutegi borobilean kurri ibiltzen zen kanpoko bazterretan bezala. Ikus bidaiaz zuen filosofia : «Eskuin aldetik aroa ona ez baldin bada, ezkerretik noa… ene gibelean zerbaiten ahanztea gertatzen zaidala? Berriz itzultzen naiz. Aitzinean presentatzen zaidan hura beti da ene bidea... Sekulan ez dut aitzinetik norabide berezirik markatzen… Ene gorputza denetara usatzen denetarik da... Heldu zaidanaren arabera moldatzen naiz». Libertatearen eskola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.