Telesailak

Drogaren arrastoari segika

‘Mano de Hierro’ telesailak fikziora eraman du Bartzelonako portuko narkotrafikatzaileen jarduna. Zortzi ataleko thrillerra Netflixen dago ikusgai.

(ID_13698154) (/QUIM VIVES/NETFLIX) MANO DE HIERRO (L to R) EDUARDO FERNáNDEZ as JOAQUíN in MANO DE HIERRO. Cr
'Mano de hierro' telesaila. NETFLIX
Mikel Yarza Artola.
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

«419 kilo kokaina atzeman dituzte Bartzelonako portuan, kafe kontainer batean ezkutatuta». Joan den asteko albistea da, baina Mano de Hierro telesailaren parte ere izan liteke. Izan ere, horixe da Kataluniako hiriburuan jaiotako Lluis Quilezen estreinako telesailaren ardatz nagusia: droga trafikoa eta haren inguruan sorturiko indarkeria eta ustelkeria.

The Wire klasikoaren bigarren denboraldiak milioika ikusle gerturatu zituen AEBetako Baltimoreko portuko narkotrafikora, Espainian Fariña izan da Galizia eta kokainaren arteko lotura pantaila txikira eraman duen fikzio seinalatua. Orain, Netflixek telesail zaleak Mediterraneora daramatza, zortzi ataleko nobedade entretenigarri bezain bortitz honetan.

Bartzelonako portuan bertan filmatu izana da telesailaren bertuteetako bat, zamaontziak, segurtasun hesiak, gaueko argiztapena... errealitateko ingurunearen berezko elementuak dira, eta horrek are errazago egiten du ikuslea istorioan murgiltzea. Gainera, bistan da sortzaileek asmo handiak dituztela, kontakizuna korala baita, askotariko pertsonaia eta ildo narratiboz osaturikoa.

Joaquin Manchado da protagonista nagusia, urtean 30.000 kilo kokaina ingururen ezkutuko trafikoaz arduratzen den portuko terminal nagusiko buruzagia. Aldi berean aberasgarri eta behartu diruditen flashback-en ezagutuko dute ikusleek langile klaseko eta gaztaro gatazkatsuko gizonaren iragana. Orain jaun eta jabe da itsas portuan, eta ukiezin sentitzen da, bere esanetara baititu Guardia Zibilaren eta Udaltzaingoaren konfiantzazko agenteak.

Droga trafikatzaile seinalatuaren rolean, Eduard Fernandez, Espainiako egungo aktorerik sonatuenetako bat. Dagoeneko hirutan irabazi du Goya saria eta, berriki, Moriarti ekoiztetxearen Marco film berrian aritu da. Cosimo Fusco da haren alboan ageri den aktoreetako bat; hori bai, biak ala biak oso bestelako giroan ageri dira orain, 30 Monedas telesailean nor baino nor gehiago aritu ostean. Alex de la Iglesiaren bidelagun iraunkorrenetako bat da, hain justu, Mano de Hierro telesailaren gidoia idatzi duenetako bat, Asier Gerrikaetxeberria bilbotarra.

Portuan droga mugitzen duten pertsonaiek harreman zuzena dute eliteko enpresariekin, eta telesailak Cabezudo anaien Crematorio erreferentea ekar lezake gogora ustelkeria instituzionalean sakontzen duenean. Dena den, Quilezen nobedadeak drama konplexu modura baino hobeto funtzionatzen du akzio gordineko telesail gisa. Tentsio goreneko uneak dira piraten kargaontziko inbasioa, kasinoko apustuak eta muturreko boxeo saio klandestinoak iruditan erakusten dituztenak. Argazki eta soinu lanak dira bereziki azpimarratzekoak.

Telesailak lehen bi ataletako sendotasuna beste sei orduz, amaieraraino mantentzen ote duen jakitea falta da orain, eta, horrekin batera, eztabaida publikoan arrastoa uztea lortzen duen ala ez. Izan ere, Mano de Hierro telesailaren promozioa nahiko apala izan da, eta, astez aste horrenbeste nobedade dauden honetan, erraz eror liteke ahanzturan.

FITXA

  • Sortzailea. Lluis Quilez. 
  • Aktoreak. Eduard Fernandez, Chino Darin, Jaime Lorente, Natalia de Molina eta Sergi Lopez.
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Thrillerra eta drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.