Sastrea izandakoa

Juan Antonio Andrade: «Duela 50 urte, 187 sastre zeuden Bizkaian; orain, bospasei»

Azken hamarkadetan, joskintzak hauspoa galdu du: moda aldatu egin da, eta jantzi industrialak gailendu dira. Jostun espezializatuak falta direla ohartarazi du Andradek.

Juan Antonio Andrade asteazkenean, Balmasedan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Juan Antonio Andrade asteazkenean, Balmasedan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Balmaseda
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Ez zuen buruan sastre aritzea, baina ofizioan sartzeko aukera eduki zuen 14 urterekin, eta harrezkeroztik jantziak taxutzen ibili da Juan Antonio Andrade (Lemoa, Bizkaia, 1957): jaioterrian lehenengo, eta, 1987tik aurrera, Balmasedan (Bizkaia). 50 urte pasako ibilbidea eginda, erretiratu egin da aurten, eta emakume batek hartu dio lekukoa Andrade jostundegian. Zortea eduki du, egoerari erreparatuta: Bizkaian profesionalak falta dira, haren arabera, eta jada adinduak dira lurraldean geratzen diren sastre urriak. «Gure seme-alabek ordu mordoan ikusi gaituzte josi eta josi, eta gurutze bat ipini diote orratzari».

Zergatik egin zinen sastre?

14 urte nituenetik josten dut; 14 urterekin hasi nintzen lanean. Lehen, ofizioak hala hasten ziren; areago, hasierako hilabeteetan, goizez eskolara joaten nintzen, eta arratsaldez jostera. Lehen, herri guztietan zegoen sastre bat, gutxienez; Lemoan ere bazegoen, eta nire auzokidea zen. Ez zen nire erabakia izan josten hastea: sastrea aitaren laguna zen, eta egun batean esan zion berarengana bidal nintzala josten ikastera.

Aurretik, beraz, ez zenuen interesik izan.

Ez, ez zitzaidan okurritu ere egin. Baina gertatu zen, eta trebea nintzen. 28 urtera arte Lemoan jarraitu nuen, Balmasedako jostundegia hutsik geratu zen arte. Sastreak oihalez, forruz, artehunez eta abarrez hornitzen zituzten ordezkarietako batek proposatu zidan hara joatea. Trenez joan nintzen Lemoatik Bilbora —Atxurira—, eta handik Balmasedara. Lekua gustatu zitzaidan, eta jauzi inportantea izan zen niretzat: garai hartan, Lemoak 2.500-3.000 biztanle inguru zituen, eta Balmasedak, 8.000. Balmasedako sastrearekin akordio batera heldu nintzen, harekin egon nintzen hilabetez bere lan egiteko modua ezagutzeko, eta dendaren eta enplegatuen ardura hartu nuen.

Herri bakoitzean sastre bat zegoela esan duzu. Bizkaian, guztira, 180 inguru ziren garai hartan, ezta?

Bai. Ordezkariak 187 sastre bisitatzen zituen Bizkaian. Orain, lantegia duten sastreak bospasei izango dira, ez gehiago. Gainontzekoek neurri industrialeko trajeak saltzen dituzte.

Lemoan, 3.000 biztanlerekin, bazegoen eskari nahikoa sastre bat edukitzeko?

Tira, joan nintzen garaian makaltzen hasia zen, prêt-à-porter-ak hauspoa hartu zuelako, dena industrializatzen ari zelako, merkataritza zentro handiak zeudelako... Baina Balmasedan lana geneukan, eta, gainera, bezeroak Enkarterri osotik etortzen ziren: Sopuertatik, Sodupetik, Gordexolatik, Zallatik...

Nolakoa izan zen Balmasedarako aldaketa?

Aldaketa ona izan zen, ederra. Lemoan, tailerrean egoten nintzen, eta Balmasedan bezeroekin ere harremana nuen. Hemen, jendeak harrera ona egiten dizu. Zortzi urtez ibili nintzen egunero Lemoatik joan-etorriak egiten, eta hemen geratzea erabaki nuen.

«Balmasedan lana geneukan, eta, gainera, bezeroak Enkarterri osotik etortzen ziren: Sopuertatik, Sodupetik, Gordexolatik, Zallatik...»

Garai hartan, nork erosten zituen neurrira egindako trajeak?

Noizean behin, ezkontzetarako eta zeremonietarako nahi zituzten, baina ohikoena beharginaren trajea zen: bulegoetan eta banketxeetan lan egiten zutenak ohiko bezeroak ziren. Urtean hainbatetan etortzen ziren, beharragatik, egunerokoan erabiltzen zituztelako. Orain ez bezala, kirol estiloa nagusitu baita.

Nola aldatu da estetika?

Asko aldatu da. Orain jendea ez da gaizki janzten, desberdin baizik. Seriotasun gutxiagorekin? Tira... Nik uste dut kirol estetika gehiegi erabiltzen dela: txankleta asko, prakamotz asko... Ez gaitu harritzen bulegoetan bat baino gehiago prakamotzetan ikusteak. Lehen, hori ez zen gertatzen. Lehen, gorbatak dotoretasuna ematen zuen.

Prêt-à-porter-a izan zen urte horietako etsairik handiena?

Uste dut baietz. Eta, horrez gain, gure ofizioak konstantzia eskatzen du, eta bi aurpegi ditu: lanik ez duzunean, gosez hiltzen zara; baina lana duzunean, loguraz hiltzen zara. Artisautza lana da, orduak egin behar dira, eta bestela lana ez da ateratzen. Batzuetan, hemezortzi ordu ere egin behar izaten genituen. Gure lanetako askok data jakinak dituzte: ezkongai bati ezin diozu esan ezkontza atzeratu dezala bere trajea ez delako helduko...

Eskaera gorabeheratsua zen, beraz?

Sastreen joskintzan, bolada indartsua da urtarril edo otsail hasieratik abuztura arteko tartea. Lan egiteko ez ezik, behar ziren jaunartzeetarako, ezkontzetarako ere...

Nolakoa zen orduko lantegi bat? Langile gehiago zeuden, espezializatuagoak...

Nahiz eta josten jakin, sastre batek egokitu beharra du, sastrearen ofizioa jostunarena baino zehatzagoa baita. Espezializatutako jendea geneukan: bata aditua zen praketan, bestea txalekoetan, edo amerikanetan...

Zein da, bada, sastrearen eta jostunaren lanaren arteko desberdintasuna?

Jostunak emakumean zentratuta lan egiten du, batez ere. Eta goi joskintza egiten du: hau da, guk ez dugu soinekorik egiten, ez ditugu alfonbra gorrietan ikusten diren bezalako jantziak egiten; andrea janzten dugu sastre motako trajeekin, berokiekin... Materialak desberdinak dira, baita modarekiko ikuspuntua ere: jostuna diseinatzaileagoa da, askotariko gauzak ditu buruan; sastrea konkretuagoa da.

Emakumezko bezeroak ere izan dituzu?

Bai, nahikotxo.

Eta gauza bera eskatu izan dizute gizonek eta emakumeek?

Bai. Ideia jakin batekin etorri izan dira: sastre traje bat, sastre amerikana bat, berokia... Gauza berdinak. Agian jantzi dendetan ez zutelako aurkitzen nahi zutena.

«Sastrearen lanak bi aurpegi ditu: lanik ez duzunean, gosez hiltzen zara; baina lana duzunean, loguraz hiltzen zara. Batzuetan, hemezortzi ordu ere egin behar izaten genituen»

Nolakoa da traje bat egiteko prozesua?

Bezeroa datorkizu, oihalak begiratu eta aukeratzen dira, eta neurriak hartzen dira. Guk bi proba egiten genituen, bigarrena zehatzagoa. Jantzia entregatzen genuenean, gutxitan doitu behar izaten zen.

Prozesuan behargin askok parte hartzen dute?

Normalean, sastreak lantzen du ia dena: hark neurtzen du bezeroa, probatzen du, oihala ebakitzen du... Behin oihala ebakita, besteek osatzen dute arropa.

Azken urteetan, baina, sastreak lehen baino zeregin gehiago hartu ditu bere gain?

Hori da. Geratu garen gutxiek beste gauza batzuk ere egin behar izan ditugu, langile espezializatuak falta direlako. Beste ofizio batzuetan ere gertatu da.

Zer material landu izan dituzu zuk?

Uste dut sastre guztiok lan egiten dugula material onekin. Gaur egun, ez dira material merkeak erabiltzen, ez baitu merezi: material onarekin, emaitza hobea da, eta lana, bera; are, material txarrak lan handiagoa eman dakizuke. %100 artilea: hori erabili izan dut nik. Orain, merkatuan bakarrik geratzen dira oihal italiarrak, ingelesak, frantsesen bat eta gutxi gehiago. Lehen, Kataluniako oihalgintza indartsua zen, baina hondoa jo zuen sastre profesionalak desagertu zirenean —ez da Bizkaian bakarrik gertatu—.

Sastreak hornitzen zituen ordezkaria aipatu duzu. Zer harreman zenuten harekin?

Hainbat zeuden, baina batek sastre guztiak bisitatzen zituen. Gaur egun, harremana antzekoa da, baina gutxiago daude. Lehen, oihal askoz hornitzen gintuzten: asko erosten zenuen, saltzen baitzen. Orain, sastreek ez dituzte hainbeste oihal gordetzen. Erakusgaiak daude, eta traje batentzat behar duzuna baino ez duzu eskatzen. Lehen, gustatzen bazitzaizun, demagun, itsas urdin koloreko oihal bat, 25 metro erosten zenituen.

«Orain, merkatuan bakarrik geratzen dira oihal italiarrak, ingelesak, frantsesen bat eta gutxi gehiago. Lehen, Kataluniako oihalgintza indartsua zen, baina hondoa jo zuen sastre profesionalak desagertu zirenean»

Orain ere ordezkariak daude, beraz?

Bai, baina gutxiago, bisita gutxiago egin behar baitira. Lehen, urtean lauzpabost aldiz etortzen ziren; orain, behin udan, eta beste behin udazkenean, erakusgaiak aldatzeko; ez da gehiago behar.

Orain, zein da eroslearen soslaia?

Gehienbat, egoera konkretuetarako erosten dituzte trajeak: ezkongaiek, aitabitxiek... Eta kapritxoren bat nahi dutenek. Tira, ez da kapritxo bat, merkatuan dauden traje batzuk garestiagoak baitira neurrira egindakoak baino. Baina batzuek zerbait berezia nahi dute, bezeroaren gorputzarentzat egina dagoen zerbait. Bigarren azala da ia, eta eroso sentitu behar duzu harekin.

Zenbateko kostua izan dezake?

Oihal onarekin eginda badago, 1.200-1.500 eurotik gora. Gauza oso garestiak ere badaude: bikuina ileaz egindakoak, kaxmirrez... Baina horiek zailagoak dira egunerokoan erabiltzeko. Neurrira egindako traje on batek urte gehiago iraungo du erositako batek baino: lehenik eta behin, artehun denak solte doazelako, ez itsatsita. Eta, beraz, tindategitik egoera onean itzuliko da. Ikusten badituzu globo txikiak txaketa batean, oihal txarra den seinale: itsatsita dagoenez, kola uzkurtu egin da beroarekin, baina, oihala ez denez uzkurtzen, globo txikiak sortzen dira. Sastre batek egindako jantzietan, ez da horrelakorik gertatzen.

Zenbat iraun dezake halako jantzi batek?

Bezeroak nahi adina. Nik orain dela 30 urteko amerikanak ditut. Gorputza asko aldatzen ez den bitartean... Eta egokitu daiteke: traje bat neurrira egiten denean, barruan oihala uzten da, zabaldu beharko balitz. Argalduz gero, jantzia egin dizunak estutuko dizu. Beste gauza bat da moda aldatzen bada.

Modak eragina izan du zure lanean?

Bai; apur bat egokitzen zara boladetara: orain bi botoi eramaten dira, orain gurutzatuak, kanpai formakoak, pleguekin, plegurik gabe, estuagoak... Bezeroaren oniritziarekin, noski.

Sastre bakoitzak bere arrastoa dauka?

Mahai gainean bospasei traje ipiniko bagenitu elkar ezagutzen dugun sastreenak, bakoitzak jakingo genuke norena den bakoitza, ezagutzen baitugu besteen lan egiteko modua, mozketa estiloa... Ez gara berdinak, eta eskerrak, bestela prêt-à-porter ekoizleak izango ginateke eta.

Zeintzuk dira zure estiloaren ezaugarriak?

Uste dut nire trajeek mozketa ona izan dutela, eta orratz lan ona. Mahukak kokatzeko modua, papar hegala doitzekoa, hegalen forma...

Zein da prozesuaren alderik delikatuena?

Mahuken kokapena, eta jaka ondo gera dadila lepoan, sorbaldetan... Gainera, arreta handien ematen duena da.

«Beti egongo dira neurrira egindako trajeak nahi dituzten pertsonak. Eta, haien eremuan ez bada sastrerik geratzen, bilatu egingo dituzte: nik Durangoko eta Bermeoko bezeroak eduki ditut»

Zenbat denbora behar da halako traje bat egiteko?

Ez dakit, hirurogei ordu? Datu bat esatearren. Inoiz ez ditut orduak kronometratu. Oihal batzuek lan gehiago eskatzen dute. Finena da beti konplikatuena: udako oihalak, alpaka... Eta oso ondo lantzen da artile sendoa, 360 gramokoa.

Koloreei dagokienez, zein erabili dituzu, batez ere?

Sastreen joskintza ez da asko aldatzen koloreei dagokienez. Urteren batean baten bat oso modan jartzen da, baina, ohiko tonuen aldean oso desberdina bada, gutxik jotzen dute hura erabiltzera. Gehien erabili ditudanak izan dira urdina eta grisa, beltzera heldu arte, marroiren bat edo beste... Izan ditugu bestelako enkarguak, hala ere: lentejuelazko amerikanak, adibidez.

Azken urteetan beste jostundegiekin ere kolaboratu duzu, ezta?

Bai. [Getxoko (Bizkaia)] Juan Zabala jostundegia sastrerik gabe geratu zen, eta hamabi edo hamabost urtez haientzat ere jantziak egiten ibili naiz.

Artisautzaren gaineko interesak gora egin du azken urteetan, zure ustez?

Interesa badago. Baina ez dago sastreentzako formakuntza zehatzik. Bizkaian, falta da. Madrilen badago sastre eskola bat, lehen Bartzelonan ere bazegoen... Bizkaian, ez da inoiz egon.

Berriki erretiratu zara. Atzeratu egin duzu?

Bi urte, gustura nengoelako. Baina ez nuen 80 urtera arte egoteko asmorik. Orain konformatzen naiz josketa klaseak ematearekin, eta lantzean behin lantegira bisita bat egitearekin.

Javier Barroeta sastrearen Bilboko joskintza eskolan ere klaseak eman izan dituzu. Formakuntzak zer garrantzi izan du zure karreran?

Formakuntza baino gehiago, dibulgazioa egin dut; atsegina da ikasleek ezagut dezaten joskintzaren mundua, gai izan daitezen traje baten tripak ikusteko, konturatu daitezen zerbait ondo eginda dagoen edo ez... Formakuntza horietara datorren jendeak badaki orratza erabiltzen, eta berehala barneratzen dute irakatsi nahi diezuna.

Josten jarraituko duzu?

Ez, ez bada noizbait aholkua eskatzen didatela.

Sastreen ofizioak zer etorkizun du Bizkaian, zure ustez?

Etorkizun konplikatua, langile espezializatuak falta baitira. Ze beti egongo dira neurrira egindako trajeak nahi dituzten pertsonak; nahi dutena ez badute eginda topatzen, sastreengana joko dute. Eta, haien eremuan ez bada sastrerik geratzen, bilatu egingo dituzte: nik Durangoko eta Bermeoko bezeroak eduki ditut, nahiz eta Bizkaiko beste puntan gauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.