Duela berrogeita hamar urte aurkitu zuten hondo erradiazio kosmikoa

Efemeridea ospatu eta grabitazio uhinez gehiago hitz egiteko, jardunaldi bat izango da Bilbon apirilean

Amaia Portugal.
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Grabitazio uhinen detekzioari esker are zalaparta handiagoa eragingo duen efemeride bat ospatzen da aurten. Berrogeita hamar urte bete dira hondo erradiazio kosmikoa aurkitu zutenetik.

Unibertsoaren sorrerak utzitako oihartzun elektromagnetikoa da, nolabait, hondo erradiazio kosmikoa. Mikrouhinen espektroari dagokio. Hain zuzen ere, hura irakurrita eta deskodetzen ahaleginduta ondorioztatu dute ikertzaileek unibertsoaren sorrerari buruz bildu duten informazio urria. Esaterako, hondo erradiazio kosmikoa da Big-Bang teoriaren berme nagusia, bai eta gaur egun unibertsoa zabaltzen ari dela argudiatzeko ematen den froga fidagarriena ere.

Hondo erradiazio kosmikoa ezinbesteko tresna izan da grabitazio uhinen markak topatzeko. Izan ere, hari behatuz egin du aurkikuntza BICEP2 teleskopioak, eta hari begira ari dira lanean proiektu lehiakideak ere. Mikrouhin horietan topatutako aztarna zehatz batzuei esker ondorioztatu ahal izan dute unibertsoaren hastapenetik datozen grabitazio uhinak daudela, eta beraz, Big-Bangaren segidan inflazio kosmikoa gertatu zela.

Ikertzaile askok izan zuten zeresana hondo erradiazio kosmikoaren aurkikuntzan, bainaArno Allan Penziasi y Robert Woodrow Wilsoni egokitu zitzaien aitortza handiena. 1964-65ean gaiaren inguruan egin zuten ekarpenari esker, Fisikako Nobel saria jaso zuten 1978an. Horregatik esaten da aurten 50 urte bete dituela aurkikuntza horrek.

Apirilaren 30ean, Bilbon

Urteurren horren harira, Jose Maria Senovilla EHUko Fisika Teorikoko katedradunak hitzaldi bat emango du apirilaren 30ean, 19:00etan, Bilboko Alondegian. El universo recien nacido (Unibertso jaioberria) izenburupean izango da solasaldia. Erradiazio hori nondik datorren azalduko du, eta kosmosa ikusteko daukagun modua nola baldintzatu duen ere izango du hizpide.

Zientziateka programaren barruan antolatu dute jardunaldi hori, eta doan bada ere, sarrerak aldez aurretik hartzea komeni da, Alondegiaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.