Duina eta zuzena

Bidezko merkataritzak Hegoaldeko herrialdeetako lan baldintza bidegabeak amaitu nahi ditu. Horren harira, nazioarteko eguna ospatuko dute larunbatean.

Ilargi Agirre.
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Saltokietako apaletan aurkitzen diren salgaiak ez dira produktu hutsak. Bakoitzak milaka istorio gordetzen ditu bere barruan, nahiz eta kontsumitzaileen begietara erdi ezkutuan geratu. Txokolate tableta baten atzean kakao sailetan lan egiten duten pertsonak eta familiak daude. Euren bizi-baldintzak. Lan baldintzak ez dira duinak, ordea, sarritan. Bidezko merkataritzak egoera bidegabe hori amaitu nahi du. Larunbatean ospatuko dute nazioartean bidezko merkataritzaren eguna, eta Euskal Herrian ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

«Ohiko merkataritzaren alternatiba da bidezko merkataritza. Irizpide ekonomikoak ez ezik, giza balioak hartzen ditu aintzat. Pertsonen zerbitzura dago», azaldu du Balentin Olaetxea Donostiako Bidezko Merkataritza taldeko kideak. Emausek, Caritasek, Alboanek, Setemek eta Adsisek osatzen dute taldea eta Donostiako udalaren babesa dute.

Ohiko merkataritzan bitartekariak ateratzen dira irabazten, eta ekoizleek askoz ere diru gutxiago jasotzen dute lanarengatik. Aldea nabarmena da. Bidezko merkataritzarekin ekoitzitako txokolate tableta baten azkeneko prezioaren % 30 ekoizlearentzat da. Ohiko merkataritzan, %6 baino ez. «Iparraldetik lehengaiak hartzen dizkiegu, baina miseria bat ordaintzen zaie. Hango ekoizleei ez zaie bizitzeko iristen».

Horri aurre egiteko, bidezko soldata eta lan baldintza duinekin ekoizten diren produktuek osatzen dute bidezko merkataritza. Nazioartean ezarrita dauden beste hainbat irizpide ere bete behar dituzte: emakume eta gizonak berdintasun egoeran egotea, haurrak ez esplotatzea, eta ingurumena errespetatzea. Bertako ekoizpena bultzatzeaz gain, lortzen diren irabazien zati bat komunitatearen garapenean inbertitzen dira, hezkuntzan eta osasunean.

Gaur egun multinazional handiek elikagaien prezioekin espekulatu egiten dutela dio Alberto Gaston elkarteko kideak. Prezioetan izugarrizko gorabeherak dakartza horrek. Espekulazioaren gurpiletik at, ahalik eta bitartekaririk gutxienekin, prezio jakin bat bermatzen die bidezko merkataritzak ekoizleei. «Hegoaldeko herrialdeen ekoizpen gaitasuna mugatua da. Lehorteak edota uholdeak izanez gero, ez daukate inolako babesik. Europako Batasuneko diru laguntzarik ez dago han».

1960ko hamarkadan sortu zen bidezko merkataritza. «Denbora behar izan zuen hona iristeko. Donostian 1986an ireki zuten denda», dio Olaetxeak. Europako zenbait herrialdetan Euskal Herrian baino askoz ere errotuago dago bidezko merkataritza. «Britainia Handian, herritarren %90ek badakite zer den kontzeptua. Hemen, aldiz, %30-40 inguruk baino ez».

Kontsumo arduratsua

Ezjakintasun horren aurka borrokatzeko kontsumo arduratsua bultzatu nahi du Donostiako Bidezko Merkataritza taldeak. «Zerbait erosten dugunean aukeraketa bat egiten ari garela ohartu behar dugu. Ez da berdina Zaran erosi edo kontsumo talde batengana jo», adierazi du Olaetxeak. Erosi aurretik benetan behar ote duen galdetu behar dio norberak bere buruari. Eta trukea, birziklatzea eta bigarren eskuko merkatuak ere badaudela gogorazi dute.

Bi kideen arabera, jende asko kexatzen da bidezko merkataritzako produktuak garestiak direlako. «Zergatik dira hain merkeak gainontzeko produktuak?. Hori da egin beharreko galdera. Ezin zaio prezioari bakarrik begiratu erosketak egiteko orduan. Nork eta nola ekoitzi du hau?». Prezio handiagoak, baina, hainbat arrazoi ditu. Kalitatezko lehengaiekin, eta nekazaritza ekologikoari jarraituz eginak daude produktuak.

Denetarik aurkitu daiteke bidezko merkataritzako saltokietan. «Hegoaldetik ekarritakoak dira guztiak. Ez dago produktu freskorik», adierazi du Gastonek.

Bilboko Kidenda da mota horietako saltoki bat. Dendako koordinatzaile Estitxu Izagirreren arabera, konpromiso handia duten pertsonak hurbiltzen dira, batik bat hara. Emakumeak dira gehienak. «Aurretik bidezko merkataritzaren berri baduen jendea da». Carmen Biain Gasteizko Medicus Mundiko bidezko merkataritzako arduradunetako bat da. Medicus Mundiren saltokian ere mota horretako bezeroak dituztela azaldu du.

Kanaberako azukrea, kafea eta txokolatea dira gehien saltzen diren produktuak, Dorleta Unanue Donostiako Kitzin saltokikoaren arabera. Kalitatea goraipatu du. Behin produktu horiek kontsumitzera ohituta, zaila baita aldatzea. Krisiaren itzalari, baina, ez diote ihes egiterik lortu. Elikagaien salmentetan arrasto handirik utzi ez duen arren, eskulangintzan dezente nabaritu dute.

Krisiak krisi, zifrak gora

Saltokietan krisia nabaritu dute, baina paradoxikoki datuek ez dute hori adierazten. «Espainian iaz bidezko merkataritzaren zifrak igo egin ziren», aitortu du Olaetxeak. «Arrazoia? Enpresa transnazional batzuek bidezko merkataritzako produktuak erosten hasi direla». Star bucks kafe multinazionalaren adibidea jarri dute. Baita Nestlek ekoizten duen kit kat-ena ere. «Euren burua garbitzen dute modu horretan, baina arriskutsua da. Nestlek kit kat-a bidezko merkataritzarekin ekoizten du, baina gainontzeko produktuak?. Multinazionalen logikak eta bidezko merkataritzaren izaerak ez dute bat egiten», esan du Gastonek.

Kontsumitzaile guztiak elkartuz gero izan dezaketen indarra ekarri du gogora: «Kontsumo arduratsua gauzak aldatzeko lehen urratsa da. Kontzientziatu egin behar dugu, eta mugitu». Era berean, politikoei eta enpresa handiei ere ardurak eskatu dizkie.

Bide beretik jo du Biainek. «Krisi garaian irabazten ateratzen direnak betikoak dira; boteretsuak. Zerbait aldatu nahi badugu herritarrok mugitu behar dugu. Tresna oso eraginkorra da bidezko merkataritza».

Oinak lurrean dituztela, bidezko merkataritzak nazioarteko merkatuan duen leku txikiaz jakitun dira. Bizirik iraute hutsagatik txikiak handiari nolabaiteko traba egin deizaiokeelako, itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari. «Guztiontzat zuzenagoa den eredu ekonomikoa bilatu behar dugu, eta bidezko merkataritzak hori posible dela erakusten du, erraldoien aurrean bada ere», azaldu du Olaetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.