Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Duponten hegatxabala

2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Nafarroa jatorri Izena daramaten ardoak bost eremutan banatzen dira: Lizarraldea, Izarbeibar, Behe Mendia, Erriberagoiena eta Behe Erribera. Gaurko proiektua Behe Erriberan dago kokatuta, Ablitasen, hain zuzen ere.

Behe Erribera Nafarroako jatorri Izen guztien artean hegoaldeen dago kokatuta, gehienbat Ebro ibaiaren eskuinaldean eta jatorri Izen guztien artean klimarik lehorrenean. Ubeta du izena familia upategiak, Roberto Anton Agirreren gidaritzapean. Biologoa da Anton, ornitologian espezializatua. Enologian masterra egin zuen eta upategiko lanarekin batera ornitologo lanak ere egiten ditu. Beharbada horregatik, upategiaren logotipoa Duponten hegatxabal bat da, gure planetan galtzeko arrisku handienetakoa duen hegaztia, eta Ubetaren mahastian lasai asko ikusi eta entzun daitekeena.

Antonek birraitonaren, Ricardo Agramonte Rebote-ren lekukoa hartu nahi du. Ablitasen zeukan etxepeko upategi txiki batean egiten zuen ardoa Agramontek, XIX. mendean.

Ubetak duen altxorrik preziatuena mahastia da. 45 urtetik gorako 30 hektarea; garnatxa da nagusi eta denak ekologikoan ziurtatuak daude. Ablitas, Barillas, Cintruénigo eta Fiteron, Aragoirekin muga egiten duen eremu batean, Moncayo mendiaren azpian. Behe Erriberako tokirik garaiena da, 400 metroko altueran, eta Fiteron 500era ere iristen dira.

Lehorreko mahastiak dira, basoan kimatuak, partzela txikietan sakabanaturik eta modu organikoan landuak. Gehienbat garnatxaz osatuta badaude ere, mahasti zaharretan izugarrizko aniztasuna mantendu dute, beste hainbat mahats mota agertzen baitira garnatxarekin batera; besteak beste, garnatxa roya, pasera, vidau, garzuela, morate, desgranadora...

2016an jarri zuten abian upategia, gehienbat lur azpian kokatuta klimatizazio naturala ahalbidetuz. Egiten dituzten ardoek garnatxa dute ardatz eta hiru multzotan banatzen dira: lehen multzoan, Paisaje izenekoan, hiru ardo aurki ditzakegu: porlanean eta upelean ondutako garnatxa beltza, upelean hartzitutako garnatxa zuria, viura apur batekin, eta, amaitzeko, garnatxaz eginiko ardo gorri bat,  lau hilabetez porlanezko deposituan ontzen dena.

Tradición multzoan, momentuz, ardo bat baino ez dute egiten, mahats mordo osoak erabiliz egiten delako mahasti zaharretako mahatsez eginiko ardo gaztea, berezia, eta porlanezko deposituan ontzen delako.

Berabal de Ubeta da upategiko izarra, baina nik ez dut inoiz dastatu. Partzela zaharrenetako mahatsez egina da, eta, edukiera handiko upeletan (fudreetan) hartzitu ondoren, porlanezko deposituetan eta fudreetan ontzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.