Maratila

e. s. l.

santi leone
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beharbada, askatasuna da Opusen defendatzaileek gehien erabiltzen duten hitza. Berriki, Opuseko ikastetxeko zuzendari batek hautatzeko libertatea aipatu du irakaskuntza kontzertatua (eta konfesionala) zabaldu beharra aldarrikatzeko.

Bitxia da kristauen eta askatasunaren arteko harremana. Jainkoa orojakilea bada, orduan badaki kafesnea edo ebakia eskatuko dudan, eta, hortaz, alferrikakoa da nire barneko eztabaida. Itxuraz baizik ez ditugu erabakiak hartzen. Jainkoaren ikuspuntutik, gure bizitza, nolabait errateko, Izarretako gerla bigarren aldiz ikustea bezala da. Bigarren ikustaldi horretan badakigu Han Solo nahitaez bueltatuko dela Heriotzaren Izarrera Luke Skywalkerri laguntzera; beraz, berak Milurteko Belatzean segur aski izandako ihes egiteko gogoaren eta eginbeharra bete nahiaren arteko barne gatazka beretako baizik ez da benetakoa. Ezin baitu ez itzultzeko deliberorik hartu.

Kristau batek naski erranen luke askatasuna dela Jainkoak guk hautatzea nahi duena aukeratzea. Arrastoan borondatez sartzea alegia. Auskalo.

Edonola ere, jende guzia, jakina, ez da Han Solo bezain zintzoa, eta bada indarraren alde ilunera pasatzeko tentazioa duenik. Hori saihesteko-edo, liburutegi bateko katalogoan, liburu batzuek e. s. l. hizkiak daramatzate signaturaren ondoan. Excluido sala lectura. Ikasleei ez uzteko liburuak.

Non dagoen liburutegi hori? Nafarroako Unibertsitate batean. Hain zuzen ere, libertatearen babesle sutsua omen den erakunde baten eskuetan dagoen Unibertsitate batean.

E. s. l. Badakizue. Askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.