Ezarian. zientzia. Argi Aldian

Ea nork luzeenak!

Jose Antonio Rodriguez.
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Seguruenik, gaur goizean zure burua ikusi duzu ispiluan. Bihar ere gauza bera egiten baduzu, agian pertsona bera ikusten ari zarela pentsatuko duzu. Ba, hori ez da egia. Hogeita lau orduko tartetxo horretan zenbait milioi zelula hil dira zure gorputzean, eta haien lekua beste zelula berri batzuek hartu dute. Etengabeko berritze hori sustatzeko, gure gorputzaren zelulak zatitu behar dira behin eta berriz. Eta zatitu baino lehen, bere genomaren kopia bat egin behar dute. Horrela esanda, nahiko prozesu sinplea ematen du, baina arazo bat dago: izan ere, genoma kopiatzen den bakoitzean, telomeroak, kromosomen muturrak babesten dituzten estalkiak, laburtzen dira pixka bat. Orain dela hilabete batzuk telomeroei buruz hitz egin genuen beste zutabe batean, telomeroekin erlazionatutako haien lanagatik hiru ikertzailek (Elizabeth Blackburn, Carol Greider and Jack Szostak) Nobel saria jaso baitzuten 2009an. Gaurkoan ere telomeroak izango dugu mintzagai, haren erabilgarritasunari buruz sortu den eztabaida berri bat dela eta.

Baina, zertarako erabil daitezke telomeroak? Esan dugun bezala, zenbat eta zatiketa gehiago, orduan eta telomero laburrago zelula batean. Hasieratik, telomeroen luzera erloju molekular bat bezala erabil zitekeela proposatu zuten, zelularen adina finkatzeko. Baina azken urteotako ikerketa batzuen arabera, badirudi erloju horrek gizaki osoaren mailan ere funtzionatzen duela. Ikerketa horien emaitzek telomeroen beste erabilpen potentzial berri bat aditzera eman dute: gizaki baten zahartzea nolakoa izango den iragartzea.

Argi dago pertsona guztiak ez garela modu berean zahartzen. Batzuek laurogeita hamar urtean inoiz ez diote medikuari bisitarik egiten. Beste batzuk, aldiz, berrogei urte bete bezain pronto osasun kontuekin hasten dira bueltaka: kolesterola, azukrea, tentsioa eta abar. Halaber, adin bereko pertsona guztien telomeroak ez dira luzera berdinekoak. Eta bi ezaugarri horien artean —pertsona baten telomeroen luzera eta modu onean zahartzeko bere joera— erlazio bat egon daitekeela aurkitu dute ikerlari batzuek. Are gehiago, badirudi gure bizimoduaren faktore batzuek (tabakoak, alkoholak, estresak... hauxe da, betiko errudunek) azkar dezaketela gure telomeroen laburpena, eta, aldiz, bizimodu osasuntsuak telomeroak luzatzen laguntzen duela.

Hainbeste oinarrizko ikerketa lan egin eta gero, eta emaitza horiek ikusita, badirudi telomeroei etekin praktikoa —eta ekonomikoa ere— ateratzeko garaia ailegatzen ari dela. Horretarako, telomeroen luzera «osasunaren markatzaile orokor» gisa erabiltzea proposatu da. Hauxe da ideia: odol lagin batean neur daitezke pertsona baten telomeroak, eta haren luzeraren arabera aurresan liteke zein den gaixotasun kronikoak pairatzeko duen arriskua. Arriskua altua bada, pertsona horrek alda lezake bere bizimodua, ohitura txarrak baztertzeko eta zahartzaro osasuntsuago bat gozatzeko.

Telomeroak neurtzeko teknikak eta tresnak garatu dituzten ikertzaile batzuek bi enpresa sortu dituzte: Telome Health Kalifornian, eta Life Length Madrilen. Gaur egun, enpresa horiek bakarrik ikertzaileei eskaintzen diete euren zerbitzuak, baina urtearen bukaera baino lehenago eskaintza hori publiko orokorrari zabalduko diotela jakinarazi dute dagoeneko. Hilabete batzuen buruan, beraz, edonork bere telomeroen luzera jakin ahal izango du, 200-500 euroren truke. Eta hortxe piztu da eztabaida. Aditu batzuen arabera, publiko orokorrari telomeroak neurtzeko test bat eskaintzeko goiz da oraindik. Telomeroei buruzko lanarekin Nobel saria lortu zuten ikertzaileak bi aldetan kokatu dira eztabaida horretan. Alde batetik, Elizabeth Blackburn, Telome Health enpresaren sortzaileetako bat. Beste aldetik, Carol Greider; haren ustez, telomeroen luzeraren eta osasun orokorraren arteko erlazioa hobeto frogatu behar da, horrelako test bat publikoari eskaini baino lehenago.

Dena dela, telomeroen garrantzia agerian geratu da osasun arloan, eta, ziur aski, datorren urtean ez bada ere, telomeroetan oinarritutako testen erabilpena zabalduko da etorkizunean. Ea nork luzeenak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.