Luze doa EAEko irrati lizentzien afera. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak bere sententzia emana du: lizentzia behin-behinean lortu eta gero helegitea jarri zuten irratien eskaera aintzat hartu du auzitegiak, eta Jaurlaritza behartzen du lehiaketa amaitzera eta lizentziak esleitzera. Antxeta irratiak jarritako helegitea da auzitegiak onartu dituenetako bat.
Aitziber Zapirain Antxetako koordinatzaileak nabarmendu du egoera «xelebrea» dela Behe Bidasoko irratiarena: «Hendaian frekuentzia legezkoa dugu, Frantziako Gobernuak 1980ko hamarkadan irrati elkarteak legeztatzea erabaki zuelako. Gipuzkoan, berriz, egoera alegalean gaude, Irunen eta Hondarribian. Frekuentzia bat erabiltzen ari gara, baina ez dugu legearen onarpenik». Jaurlaritzak 2012an irrati lizentzien lehiaketa egin zuenean Antxetakbaimen bat eskuratu zuen behin-behinean Donostian. «Auzitegiak arrazoia eman digu. Espero dugu Jaurlaritzak modu inteligentean jokatzea, hau da, lehiaketa bururaino garatzen uztea. Baina hori egiten ez badu, auzia urte askoan luzatuko da, eta irrati diala oso erdalduna izango da aurrerantzean ere». Zapirainen iritziz, euskal hedabideen kontsumitzaileak eta euskara izan daitezke kaltetuak, «oso aukera gutxi daudelako irratia euskaraz entzun ahal izateko». Antxetako ordezkariaren arabera, urteetako esperientziak «legetimitatea» eman die euskarazko irratiei legearen aurrean «babes osoz» jarduteko.
Nafarroako Gobernuak, aldiz, irrati elkarteak onartu ditu. Hala, Xorroxin irratiak lizentzia lortu du, baita Antxetak Beran ere. Legezkoak dira biak.
Iazko azaroan, Jaurlaritzak iragarri zuen kasazio helegitea jarriko diola Espainiako Auzitegi Gorenean EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziei. Arrosa irrati sareak Jaurlaritzari eskatu dio sektorearen «behar bezalako» erregularizazioa egiteko, «lehenbailehen». «Horretarako, askoz egokiagoa eta koherenteagoa iruditzen zaigu EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia onartzea eta Espainiako Auzitegi Gorenera ez jotzea», esan du Arrosako kide Jon Aranburuk. Nabarmendu du euskaraz aritzen diren irratiek dialaren %20 osatzen dutela, «kasurik onenean», eta horrek erregularizazio bat beharko lukeela. Irrati komunitarioen sektorea erregularizatuko duten legeen falta ere salatu du Arrosako ordezkariak.
Hekimen euskal hedabideen elkartea, Tokikom eta Euskal Herrian Euskaraz Antxeta irratiaren eta Arrosaren eskaeren alde azaldu dira.
Jardunaldiak, larunbatean
Arrosak antolatuta,jardunaldi batzuk egingo dituzte larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. Ikastaro teknikoak eta gogoetak tartekatuko dituzte. Komuni- kabideon gaurko eta biharko erronkak; berdintasuna, militantzia eta antolakuntza ereduak mahai ingurua egingo dute, 12:00etan.
EAEko Auzitegi Nagusiak Antxeta irratiaren helegitea onartu du
Arrosa irrati sareak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez jotzeko Espainiako Auzitegi Gorenera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu